GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

“Egunkaria”-ren itxieratik M11ko gezurretara


Euskaldunon Egunkaria” itxi zutenetik hogei urte bete dira aste honetan eta horrek, ezinbestean, garai hura gogoratzeko ariketa ekarri du berarekin. Maila batean, orduko jarrerak birsortu dira. Orduan atsekabetu edota samindu zirenak atsekabetuta eta suminduta agertu dira oraingoan ere, beharbada gogoetatsuago, denborak eskaintzen duen hausnarketa gaitasunari esker. Orduan, isil samar egon zirenek oraingoan ere isil samar segitu dute, Estatuaren bidegabekeriaren aurrean otzanegi agertu izana gogoratzea ez baita erraza ere izango. Orduko portaerak eta gaur egungoak alderatuta, alabaina, bada aldaketa bat: orduan paparra puztuta agertu zirenak isilik egon dira urteurrenean. Seguru asko, ez eragindako minagatik gutxieneko begirunea izan behar dela uste dutelako; are gutxiago, bidegabekeria aitortu eta ez errepikatzeko konpromisoa, ahapeka bada ere, hartu dutelako. Haien kontakizunetik gaia desagertu izanaren arrazoia oso bestelakoa da, eta porrot politiko-estrategiko batekin du zerikusia.

Gertaera hura bere hartan azter daiteke, euskara hutsean zegoen egunkari bakarra itxi izanak suposatu zuena nabarmenduz, euskal hizkuntza eta kulturaren kontrako maila goreneko eraso gisa.

Ez zen, haatik, gertaera isolatua izan, norabide baten barruan kokatuta zegoen, eta norabide horretan salto handi bat suposatu zuen. «Dena da ETA» estrategiaren baitan, urrats kualitatiboa izan zen, Estatua zer egiteko kapaz zen erakutsi nahi izan baitzuen PPren Gobernuak. Ez zen aurreko operazioak baino bidegabeagoa, batzuek “Egin” itxiera aldarrikatuz (Atutxaren garaia gogoratu besterik ez dago) eta “Egunkaria”-rena gaitzetsiz halako marra bat egin nahi izan bazuten ere. Ez zen bidegabeagoa izan, baina, esan bezala, Estatuaren ofentsibaren tamaina ikaragarria erakusten zuen, azaldu nahi izan zuten bortizki.

Harropuzkeria ere bazegoen tartean. Bush presidentearen ondoan hankak mahai gainean jartzeko eta munduan gerra non egin behar zen erabakitzeko gai zen Aznarrek hartutako bidean ez zuela balaztarik aurkitzen ondorioztatu zuen. «Zer uste zuten, ez ginela ausartuko?», esan zuen “Egin” itxi ostean, eta ezker abertzalearen ilegalizazioa ere kalte-ordain handirik gabe egin zutela esaten zuten PPkoek harroxko.

Eta halako bideetan barrena aurrera egiteko Estatuko estoldak beti daude prest. “Egunkaria”-ren itxieran, aurreko operazioekin alderatuta, ordura arte halakoetan jardun ez zuten epaile bat eta Guardia Zibila agertu ziren, tortura eta guzti.

Urtebeteren buruan, ordea, PPk Espainiako Kongresurako hauteskundeetan gehiengo osoa lortuko zuela espero zuenean, gehiegikeria horrek eraman zuen porrotera Aznar. Hain indartsu sentitzen zen gaian egin zuen, hain zuzen, porrot, 2004ko martxoaren 11ko atentatu islamistak ETAri egotzi nahi izan zizkionean.

Zoritxarrez, porrot hark ez zuen demokraziaren garaipena ekarri. Estatuak estrategia hura erabat alboratu ez zuelako -Alfredo Perez Rubalcabaren garaiko “Bateraguna auzia”, adibide- eta haren ajeek oraindik irauten dutelako, GARAri egindako azken espolioa lekuko. Gainera, Estatuak ez dio uko egin halako astakeriak berriro egiteko aukerari, Kataluniaren prozesuan argiki ikusi berri dugunez.

Inposizioa du gotorleku, baina ez doan: “Egunkaria”-ren itxiera, Martxoaren 11ko gezurrak edota 155. artikuluaren aplikazioa lotzen dituen hariak are arrotzago bilakatu du euskaldunontzat “España” proiektua. •