GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

SOS, deitu egin behar dut

Gaur egungo gazteek nahiago dute mezuen bidez komunikatu deien bidez baino. Komunikazio asinkronoa. (GAUR8)

Lan kontuak direla medio jende gaztearekin sarritan komunikatu behar izaten dut. Zorionez, esan behar, asko ikasten baitut. Ez dago mantra aspergarriagorik belaunaldi berriak kritikatzea baino. Gure buruari entzuten diogunean gaur egungo gazteak diziplinarik gabekoak direla, ez dituztela beren nagusiak errespetatzen, ez dutela irakurtzen, unibertsitatera okerrago prestatuta iristen direla, edo antzeko gauzak, belaunaldiz belaunaldi pasatu den lelo harroputza errepikatzen ari gara. Izan ere, duela hogeita bost mende grekoek gauza bera zioten.

Eta beraiekin komunikatu behar dudanez, erabat egokitu behar izan dut nire burua beren komunikatzeko moduetara. Dagoeneko ez zait, esaterako, arraroa egiten beraiek telefono deiak ez erantzutea. Kontua ez da, ordea, paso egiten dutela. Nahiago dute mezuak jaso, zer erantzun ondo pentsatu, eta ondoren audioa bota. Komunikazio asinkronoa, alegia. Deiak jaso ez, baina beraiek ere ez dituzte deiak egiten inbasiboak iruditzen zaizkielako. Bada aurrerapauso bat, besteekiko errespetuzko praktika delako. Dena dela, egon badaude muturreko egoerak. ‘Antsietate telefonikoa’ esaten zaio gazteek halabeharrez telefonoz hitz egin behar dutenean bizi duten SOS-estres egoera horri.

Zaharrunook ere komunikazio asinkronora salto egin dugu arazorik gabe. Finean, ia denok testuinguru garaikideak ematen dituen aukerak geureganatzen baititugu. Zer esanik ez komunikatzeko moduei dagokienez. Gero eta gehiago erabiltzen dugu whatsappa eta telefono deiak ekiditen ditugu komeni zaigunean, adibidez, gogoko ez dugun senide baten urtebetetzean.

Baina ez gara hasiko esaten betiko deiak desagerraraziko ditugunik. Izan ere, adituek diote maite dugun pertsona baten ahotsa telefonoz zuzenean entzuteak emozionalki doitzen gaituela. Alegia, elkarrekintza funtsezkoa dela ongizate psikologikorako, osasun fisikorako eta bizitza-luzerarako. Eta elkarrizketa da haren euskarria.

Bestalde, duela gutxi irakurri dut, lan mundura iritsi berri diren Z-gazteek ez dutela posta elektronikorik bidaltzen. Mailik gabeko lanegunak irudikatzea, aldiz, gehiago kostatzen zait. Lanean whatsapp mezuek askotan arazoak eta ez-ulertuak dakartzate. Horretan, nire ustez, hobe txukun eta argi bidaltzea testuak, irudiak eta dokumentuak mail batean. Gainera, whatsapp bidezko lan-mezuen kate horiek inbasiboak, ernegagarriak eta kaltegarriak dira. Telefono deien antzera, ala ez? •