Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional
IKUSMIRA

Talion Legearen sorterrian asimetria

(Mahmud HAMS | AFP)

Hammurabi Babiloniako erregeak ezarri omen zuen bere izena duen Kodean Talion Legea, oker bat zigor berarekin gaztigatzea proposatzen duena. Egungo Iraken zegoen antzinako erreinu hartan, justizia ez zen inola ere guztiz simetrikoa, batez ere emakumeekin eta esklaboekin. Iraketik gertu, lege horren aplikaziorik ankerrena ikusten ari gara Palestinan, nazioarteak, garai bateko judutarren erreinuan, Europako kontzentrazio eremuetatik ihes egin ahal izan zuten judutarrentzako estatua sortu zuenetik. Sekulakoak eta bi pairatu dituzte palestinarrek orduz geroztik, baina egoerak okerrera egin du azken urteetan. Gazan giltzapetuta edo Zisjordanian Israelgo Armadaren inkurtsioen mende, ezer gutxi dute patuaren indarrari aurre egiteko: eskuak, harriak, labanak eta etxeetan osatutako koheteak. Batzuetan, gutxitan baina beti gehiegitan, hilkorrak diren tresna horiekin ematen dituzte erantzunak. Norabide erabat kezkagarria duen Estatu sionistak Armageddonaren mamuarekin erantzuten die beti. Asimetria, pairatzen duenarentzat txarra; probesten duenarentzat, luzarora arriskutsua.