04 MAR. 2023 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Beharrezko porrotak eta erremediorik gabekoak Mikel Zubimendi Askotan berrirakurtzen dut, lanbide honek emandako oparirik ederrenetarikoa izan baita niretzat Barbara Balzerani ezagutzea. Italiako gerrilla komunistako kidea, bi hamarkada baino gehiagoz preso egondako sentsibilitate handiko idazlea da, tabutzat jo den historia bat mazoak diruditen galderekin berreraikitzen jakin duena. Haren berri izan dut eta, ohi bezala, hunkitu eta pentsakor utzi nau. Zaila zer izan zen? Zentzugabeko kontinuismo baten logikan ez erortzearen eta funtsezko funtsean amore ez ematearen arteko oreka bilatzea; nortasunarekin, historiarekin eta kideekin negozioa egitea errotik errefusatzea. Asmoa kentzeko eta izena galtzeko kanpaina latz batek zulatu zituen, memoria eta tradizio guztiak lurperatzeko; batez ere, erabaki eta konbentzimendu propiotik, esperientzia armatuaren fundamentuak desegin gabe, aldebakartasunez bukatzeko baldintzak sortzea oztopatzeko. Bizitasun handiz mantendu zuten zuhaitzean landare-zorria sartu zieten, beren krisi politikoaren sakontasunaren seinalea izan zedin, iraganeko kideen artean elkar salatu zezaten, batzuk besteen ehiztari eta epaile bihurtuta. Ezerk ez zuen kontraeraso hari aurre egitea lortu. Ez segurtasun irizpideak, ez ildo politikoak, ezta beren buruenganako konfiantzak ere. Borroka galduen gailurrera iritsi ziren eta zintzo aitortzen du: askotan gerrillari eta ekintza kopuruaren hazkundea proposamen politikoaren ahultzearekin paraleloan eman zela. Jokoz kanpo zeudela, esaten den bezala, «arroza pasatuta»; batzuetan ikusgarria izanda ere, ahalmen operatibo jakin baten atzean krisia disimulatuta ezin zutela beren presentzia justifikatu. Zer egin? Erabaki orokorretan eragin gabe, langile borroken erresistentzia huts bilakatzeko deriba ezin zuten oztopatu. Eta zer egin zuten? Dena lehertu dadila! Erdiko kaletik aurrera jo eta hiru izarreko jeneral estatubatuarraren bila joan. Baina bazekiten, txinatarrek egin bezala, erretiratu egin behar zutela. Baina, nora? Jaiotzeko eredurik izan ez eta bukatzeko izan ezin zuen esperientzia armatu baten balantzea hain sinplea ote zen? Rosa Luxenburgok erakutsi zien, aste espartakistaren porrotarekin, iraultza dela gerra mota bakarra -bizitzeko modu berezia ere bada- non azken garaipena porrot-segida batekin baino ezin daitekeen prestatu. Baina nola identifikatu beharrezkoak diren porrotak erremediorik gabekoetatik? Den-denak dar-dar egiten duenean, hori da galdera zailena. Eta bitartean, garaile eta garaituen merkatua muntatu zen. Berriz ere, dena ala ezer ez batekin bukatzen zen partida. Irabazi ala galdu. Arrazoi guztiekin ala bat bera gabe. Tira, ez zegoen aterabiderik. Bazirudien pasio absolutuetatik kanpo ezin zela mugitu. Baina bizi izandakoa kontatu egin behar da. Ezin delako esperientzia hura guztia psikoanalisi kriminaletik eta intimismo mediatikotik aztertu, kausekiko harremanetatik deslotuta. Aurreiritzirik gabeko hausnarketa kritiko baten laizismoa behar da, historia baten handitasuna aldarrikatzeko, bere protagonistak, ikonografia santugiletik edo aurreiritzietan oinarritutako deabrutzetik askatuta, gertakizunen inteligentziara bueltatzeko. Ez da erraza bizitza jokoan jartzeko ausardia nondik ateratzen zuten gogoratzea. Ezerk ez zien enfrentamendu zuzena, odoltsua, beren gazte urteetako sakrifizioarekiko axolagabea zen beste biderik erakutsi. Ez ziren horra apurka-apurka iritsi. Allenderen tragediak arrastatu zituen, zartada batek, posizioen oreka hauskorraren astinaldi erabakigarriak. Eta bakoitzak erabaki behar izan zuen. • ¿Cómo identificar los fracasos necesarios de los sin remedios? Esta es la pregunta más difícil