Unai Garcia Martinez
Ingurumen Teknikaria
AZTARNA EKOLOGIKOA

Karbono neutraltasuna lortzeko tranpak (I)

Enpresa handi gehienek barneratu dute jada karbono neutraltasunaren erretorika. Badakigu lausotasunez eta hitz onez jositako akziodunen batzarretako diskurtsoek edo jasangarritasun txostenek enpresa berdez margotzea bilatzen dutela negozio eredu kaltegarriari eutsita. Hala ere, badira neutralak direla baieztatzen dutenak, eta egia esaten dute. Benetan aldaketa sakonak ezartzen ari direla sinetsi genezake, erabiltzen dituzten tranpak ezagutuko ez bagenitu.

(GETTY IMAGES | GETTY IMAGES)

Klima aldaketaren oinazerik larrienak mugatzeko ezinbestekoa da mende amaierarako batez besteko tenperaturaren igoera 1,5ºCra mugatzea, eta hori lortzeko bidea 2050erako klimatikoki neutroak izatea dela dio IPCCk (Klima Aldaketari Buruzko Gobernuarteko Taldea). Hau da, planetak era naturalean xurgatu dezakeen karbonoa bakarrik isuri beharko genuke mende erdirako, atmosferan dagoen kontzentrazioa ez areagotuta.

Murrizketa plan eskasak

Parisko Akordioa sinatu zenetik enpresa askok barneratu dute karbono neutraltasunaren erretorika, legeak ez behartu arren IPCCk ezarritako jomuga bere gain hartu dutenak. Nazio Batuen Erakundearen “Race to Zero” egitasmoak, adibidez, 2050erako neutraltasuna lortzeko konpromisoa hartu duten 8.000 enpresa inguru biltzen ditu, horretarako bideragarria den deskarbonizazio bide-orri bat diseinatu eta aurkeztu behar izan dutenak.

Hala ere, Carbon Market Watch eta New Climate Institute erakundeek otsailean argitaratutako ikerketa baten arabera, enpresa parte-hartzaile esanguratsuenen planak (Amazon, Apple, Inditex edo Volkswagen, besteak beste) eskasegiak eta anbiguoegiak dira ezarritako helburua lortzeko. Berez, betetzekotan, horien murrizketa planek emisioen %36 murriztea lortuko lukete mende erdirako, %100etik (neutraltasunetik) oso urrun.

Gainera, enpresa horien deskarbonizazio planek 2040ko hamarkadarako aurreikusten dituzte murrizketa sakonenak, oraindik existitzen ez diren edo eskala handian bideragarriak ez diren irtenbide teknologiko miragarrien alde apustu eginez.

Badakigu lausotasunez eta hitz onez betetako atxikipenek, borondatezko akordioen sinadurek, itunek, akziodunen batzarretako diskurtsoek eta jasangarritasun txostenek testuinguru sozial, politiko eta ekonomiko berrira egokitzea bilatzen dutela soilik, euren irudia zurituta, eta negozio eredu kaltegarriari eustea. Gehienetan zuzenean gezurra dira hitzemate horiek, berdin jarraitzeko asmoa dute, baina badira jada neutroak direla (edo oso hurbil daudela) baieztatzen duten enpresa handiak. Eta egia esaten dute, neutraltasuna lortzeko tranpatxo batzuk egin daitezkeelako.

1. Tranpa: ekoizpen katearen emisioak kanporatzea

Deskarbonizazio plan zehaztu eta bideragarri bat diseinatzeko, lehenengo pausoa enpresaren jarduerari atxikitako emisioak era zehatzean ezagutzea da. Hala ere, kalkuluaren irismena enpresaren beraren esku geratzen da. Emisio zuzenak hartu ohi dira kontuan, haren instalazioetan sortzen direnak, eta kontsumitutako energia barneratzen da, baina haren jardueraren ondorioz hornidura kate osoan sortutakoak baztertu ohi dira. Enpresa handiek hegoalde globaleko herrialdeetara kanporatu dituzte ekoizpen prozesu gehienak, eta beraz, ez dituzte zeharkako isuri horiek kontuan hartzen.

Zementua ekoizten duen enpresa batek fabrikaren tximinietatik isuritako gasak eta bertan kontsumitutako energia elektrikoa barneratuko lituzke kalkuluan, baina ez lehengaien erauzketa prozesuak sortutakoak edo bere aterainoko garraioak jaulkitakoak. Banku batek oso emisio zuzen gutxi ditu horrela, sektore kaltegarrietan dituen aktibo eta inbertsioei atxikitakoak baztertzen baditu. Adibidez, Iberdrolaren karbono aztarna 65 milioi tona CO2 baliokidekoa izan zen 2021ean (haren jasangarritasun txostenaren arabera), baina horietako 13 milioi tona bakarrik izan ziren emisio zuzenak.

Enpresa batek neutrala dela baieztatu dezake, edo emisioak izugarri murriztu dituela, emisio zuzenak bakarrik kontuan hartzen dituela adierazi gabe.

2. Tranpa: karbono aztarnaren konpentsazioa

Sektore batzuk beste batzuk baino egoera zailagoan daude deskarbonizazioaren bidean. Aipatutako bankuak, adibidez, klima aldaketa areagotzen duten sektoreetan dituen aktiboak baztertzea nahikoa luke neutraltasunetik hurbilago egoteko. Erregai fosilak ekoizten dituen enpresa batek, eraikuntzak edo nekazaritza intentsiboak, aldiz, ezin izango du inoiz zero emisio izan. Horregatik, beste bide bat erabiltzen dute neutralak izateko, edo neutralak direla esan ahal izateko.

Hurrengo artikuluan aztertuko dugu karbono aztarnaren konpentsazioa, kutsatzaile handiek kutsatzen jarraitzeko erabiltzen duten mekanismo nagusia.