Mugikorren eta ikus-entzunezkoen aroan jaiotako gazteek euskarri horietara jotzen dute ikasteko ere
Universitat Oberta de Catalunya-k ikerketa bat egin du gaur egungo gazteek hezkuntza arloan dituzten joerak aztertzeko, kontsumo digitalari dagokionez. Ondorioztatu dutenez, aisialdian mugikorrak eta bideoak erabiltzeko duten joera nagusitzen ari da beraien ikasle bizitzan ere.
Universitat Oberta de Catalunyako (UOC) eLearning Innovation Center (eLinC) zentroak, Accenturerekin lankidetzan, gazteek eta nerabeek eduki digitalen kontsumoan dituzten joera nagusiei buruzko panoramika bat marraztea ahalbidetu du. Emaitzen arabera, 14 eta 35 urte bitarteko pertsonen % 70ak telefono mugikorra du eduki digitalak irakurtzeko tresna nagusi. Gainera, txostenak adierazten du formatu digitalaren ondorioz kolektibo horrek joera handiagoa duela dibagazio mentaletarako, paperak hobeto kontzentratzeko aukera ematen baitu. "Eduki digitalen kontsumoaren etorkizuna" txostenak, UOCen biltegian eskuragarri dagoenak, azpimarratzen du informazio gehiegi dagoen ingurune batean, erabiltzaileen arreta bereganatzeko gai diren erakundeek bakarrik izango dutela aurrera egiteko aukera.
Eta ez da harritzekoa: txostenean jasotako datuen arabera, hamabost urtean gizakien arreta-gaitasuna 12 segundotik 8,2ra jaitsi da. Gainera, telefono mugikorra bezalako tresnek -egunean 150 aldiz baino gehiagotan kontsultatzen dugula kontuan hartuta- are gehiago zailtzen dute kontzentratzeko gaitasuna. «Nahiko argi dago gauza askotan batera ibiltzeak eraginkortasuna galtzea ekartzen duela. Aldi berean, baina, ikusten dugu gazteek irizpidea dutela gailuen, formatuen eta kanalen erabilerak momentuaren edo helburuaren arabera bereizteko», azaldu du Guillem Garcia Brustengak. Garcia Brustenga eLinC-ko joeren detekzioan eta analisian aditua da, eta lanaren koordinatzailea izan da.
Ehundik gora adierazle
Ikerketaren lehen fasean, ikertzaileek eduki digitalei buruzko 111 erreferentzia-adierazle aztertu dituzte, kontsumoan zer faktorek duten eragina detektatzeko, makrotendentziak ulertzeko, gazteen portaera-datuak ateratzeko eta prestakuntza-edukien atzean dauden merkatu-logikak ulertzeko.
Horrela ikusi ahal izan dute kontzentratzeko arazo gehien dituzten ikasleek nahiago dituztela bideo formatuko edukiak, beren prestakuntzan kontzeptuak deskubritzeko edo argitzeko. Eduki digitalak posizio nagusi bat izatera igaro dira gazteen bizitzan, monetizaziorako eta birtualizaziorako joera argia duen ingurune batek markatuta: heren batek "influencer" izan nahi du, eta bostetik batek uste du bideojokalari profesionala izan daitekeela.
Osasunean duen eragina
UOCen azterketak gainesposizio digitalak kolektiboaren osasun mentalean duen eragina ere erakusten du: gazteen %20k insomnioaren sintomak ditu, %40k bakarrik ez sentitzeko konektatzen dela dio eta %81ak nomofobia pairatzen du (mugikorrik gabe egoteko beldurra). Kontsultatutako adituen arabera, mota guztietako erakundeek gero eta marketin-estrategia desberdin gehiago baliatzen dituzte patologia horiek erakusten dituzten erabiltzaile gazte gehiago erakartzeko.
Beste puntu garrantzitsu bat da eduki digitalen kontsumo-eredua oso desberdina dela gazteen artean, eta hura zehazten duten faktoreak ezin direla ulertu haien bizimodua ezagutu gabe. Irakurtzeko ulermen onena duten gazteek dituzte ikasketa gehien, eta, aldi berean, ingurune sozioekonomiko hobea dute eta etxetik kanpo jarduera fisiko eta aisialdi gehiago egiten dute. «Adinak, klase sozialak eta aisialdiko ohiturek adierazten dute ezagutzak xurgatzeko gaitasuna», berretsi du Garcia Brustengak.
Belaunaldien arteko aldeak
Lanaren bigarren fasean ikerketa kualitatibo bat egin da, UOC barruko eta kanpoko hezkuntza eta psikologiako adituei elkarrizketak eginez, baita Espainiako eta Mexikoko ikasleei ere. Eta ikusi da gazteen belaunaldi guztiak ez direla berdinak. Z belaunaldiak (1990eko hamarkada amaiera-2000ko hamarkada hasiera) nahiago du desbirtualizazioa -gazte horien % 78k uste du irakaslea oso garrantzitsua dela bere ikaskuntzan eta garapenean-, eta Y belaunaldiak (1980ko hamarkada hasiera-1990eko hamarkada amaiera), berriz, ikasten urteak daramatzanak, formatu autogidatuen eta % 100 digitalen malgutasuna bilatzen du. Gainera, oro har, ikasleen polarizazioa ikusten da unibertsitatetik espero dutenaren arabera: batzuk gainditzeko minimoetara doaz, eta beste batzuk oso motibatuta.
Argi dago ezin dela euskarri onak eta txarrak izendatzen hasi, une eta helburu bakoitzarentzat euskarri egokiena aukeratzean dagoela arrakastaren giltza. UOC-eko ikerketak zenbait ikasleri horren inguruan galdeketa egin dio eta, diotenez, laguntza eskertuko lukete eskaintzen zaien informazio ugaria galbahetik pasatzeko, denboraren kudeaketa hobea egiteko, kontzentrazioa edo ahozko komunikazioa lantzeko...
Etengabeko mezuak
Zentzu horretan, ikasle gazteenek zailtasun gehiago dituzte bereizteko zein iturri eta formatu diren egokienak une bakoitzean, eta autokontrol gutxiago dute distrakzioak eta tentazioak kudeatzeko. Hori bai, denek onartzen dute zailtasun handiak dituztela kontzentratzeko mugikorrean edo ordenagailuan jasotzen dituzten jakinarazpen eta mezuen erruz (sakelakoa da arreta gehien galarazten diena, baina ordenagailuan ia distrakzio berberak dituzte).
Arazoa ez da teknologia, denboraren kudeaketa egiteko hezkuntza falta baizik. «Ulertu behar dute denbora behar dutela fokalizatzeko. Ikasteko lan ohiturak sortzen lagundu behar zaie ikasleei», dio txostenak bere ondorioetan.
«Datuak aztertu eta makrotendentziak detektatu ondoren, txosten honen emaitzek eLinC-ko eta UOCeko gainerako espezialistei irakaskuntza digitalaren optimizazioan aurrera egiten lagunduko diete, beren ikerketa eredu, formatu eta eduki berri motibatzaileetara bideratuz eta ikaslearekin lotura emozionala bilatuz», adierazi du eLinC-ko zuzendari Silvia Siverak.
PANTAILARIK GABEKO ESKOLAK ETA IRAKURKETAREN GARRANTZIA
Euskarri digitalen erabilera hezkuntzan. Eztabaida eta iritzi kontrajarri asko sortzen dituen gaia da, batez ere aisialdian edo lan munduan digitalizaziorako joera geldiezina delako. Askotan aipatzen den adibidea da Google-go eta Silicon Valley-ko beste konpainia erraldoi batzuetako buruek seme-alabak pantailarik gabeko eskoletara eramaten dituztela, Waldorf Pedagogia adibidetzat jarriz. Baina hor ere ez da dena zuri edo beltz. “Guru” teknologiko horietako batzuek onartu izan dute hezkuntzako lehen urteetan bultzatu behar den sorkuntza lanerako edo harremanak eraikitzeko teknologia oztopo izan daitekeela laguntza baino gehiago. Era berean, adinean aurrera egin ahala inork gutxik jartzen du ezbaian gaitasun digitalak lantzearen garrantzia.
UOC-en ikerketaren bibliografian 2018ko PISA txostena aipatzen da. Bertan, zenbait datu argigarri jasotzen dira. Hauxe bat: «Ia inoiz libururik irakurtzen ez duten edo inoiz irakurtzen ez duten ikasleekin alderatuta, inprimatutako liburuen irakurleek Espainian 46 puntu gehiago lortu zituzten irakurketan». Edo beste hau: «Ikastetxerako testu luzeagoak (101 orrialde edo gehiago) irakurri behar izan zituzten ikasleek testu laburragoak (10 orrialde edo gutxiago) irakurri zituztenek baino 31 puntu gehiago lortu zituzten irakurketan». Baieztatu daiteke, beraz, paperean irakurketa sakonak egiteak laguntzen duela ulermena lantzen. Edo bestela esanda: lasai irakurtzeko ohitura ez dutenek arazo gehiago izango dituztela. Oinarri bat da euskarriak aukeratzerako orduan.