18 MAR. 2023 { DATORRENA } Abiadura handiaren gainean akats gehiago ez egitea Maite Ubiria Atlantikoko Arkoaren bertsio murriztua aurkeztu berri dute, Iñigo Urkullu anfitrioi zela, Ajuria Eneko bilkuran. Bazuen lehendakariak, prisma zabalduz gero, Espainia eta ozeanoaren artean betiere ozeanoa hautatuko lukeen Portugaleko lurraldeari begira jartzea. Bazuen, etxetik hasita, Atlantikoko seme txikia den Kantauri itsasoak Lapurdiko kosta bustitzen duela probestuta, Euskal Elkargoko lehendakariari, Jean-Rene Etchegarayri, mahaian esertzeko gonbidapena luzatzea. Bazuen, historiara joaz, Nafarroa “maritimari” keinu egitea. Aukerak bazituen, hala nahi izanez gero, baina lehendakariak antxoa ikur gisa har zezakeen erkidegoen gailurra antolatu zuen. Alegia, itsaso zabalean jokatu ordez, europar herrialde gisara jokatu ordez, espainiar Estatuak eskainitako lata batean, estu-estu bada ere, bere lidergoa olioztatu zuen. Portugaletik hasita, espainiar hiruburutik pasatuz Europako zentro-iparraldera trenbidez lotura egiteko egitasmoa tiraderan sartu zuen aspaldi Lisboako Gobernuak. Austeritate politikaren testuinguru ilunean harturiko deliberoan atzera ez dute egin geroztik portugaldarrek eta Galiziarekiko loturak hobetsi dituzte Madrilera azkarrago joatearen ordez. Portugalen agintzen duen zentro-ezkerreko Gobernua ez badu gustuko, Aturri ibaiaren ertzera so eginez gero, hiru probintzietako agintaria ohartuko litzateke luzamenduaren politikari ez diotela beldurrik Ipar Euskal Herriko agintari zentristek. Atlantikoaren bestaldean bankuak berriz ere dar-dar hasi diren garaian, Bidasoaren iparraldean 30 urte atzerago gertatu zen mugimendu sozialak oparituriko ikasgaia aintzat hartzea ez da sobera. “Slow” joera asmatu aitzin, abiadura zentsudun batean joanez bidaia askoz seguruagoa zela erakutsi zuten AHTren aurkako dinamika zibila errailetan eman zuten herritarrek. Inoiz guztiz alboratu ez badu ere -ezta oraingoan ere-, luzamenduetan dabil aspaldi frantses Gobernua abiadura handiko lerro berria Bordeletik behealdera eramateko egitasmoari dagokionez. Horrendako gutxiago ulertzen da, abantzu “espainiar independentziaren gerra” ren hizkuntzari ohore eginez, Galizia, Asturias, Kantabria eta EAEko lehendakariek «frantses malapartatu horiek» gaitz ororen iturri gisa bihurturik asmatu duten “lobby atlantikoa”. ‘Napoleon berria’-k, Eliseora heldu zenerako, 2017an, lau haizeetara zabaldu zuen abiadura handiko sarea etengabe zabaltzeko aroa amaitua zela. Memoria freskatzearren, ordurako aitortu gabeko moratoria indarrean zen Lapurdi zeharkatuz Hendaia eta Irun arteko muga bilakatuko zuen trenbide berriari buruz. Nola hartu ustekabean, beraz, 2042ko data-helmuga berria, ikuskaritza independente guztiek gezurtatu badituzte Parisek lerro berriari egotzi zizkion onurak, merkantziak errepideetatik kentzeko Lakuako Gobernuak berak elikatu zuen mitoa barne? Horri gehitzen bazaio azpiegituraren kostu zati mardulena lurralde kolektibitateen esku uzteko Estatuak agertu duen asmoa, hobeto ulertuko da Ipar Euskal Herrian izandako bilakaera. Jeloskorkeriak ez luke oztopatu beharko esku balazta jotzea Bidasoaren hegoaldean ere. Atzerapenez atzerapen eta gainkostuz gainkostu, badakigu dagoeneko batez besteko abiadura handiko kilometro gehien izanda ere espainiar Estatua ez dela Norvegia bilakatu. • Ehunka hautetsik babestu dute Irungo alkate sozialistak, Baionako auzapez zentristak eta Bordeleko udal agintari ekologistak gaur egungo trenbidea modernizatzearen alde eginiko deia