Koldo SAGASTI

Babesleengandik babes gaitezen

Gasteizko Zabalgana auzoko 16 urteko mutiko baten familiak gazteak pairatutako erasoa salatu zuen sare sozialetan. Nerabearen aitak azaldu zuenez, kalean patinetean zebilela, udaltzain bikote batek geldiarazi nahi izan zuen, nonbait, ibilgailuarekin zebra-bide bat zeharkatu zuelako, eta mutilak, beldurraren beldurrez, ihes egin zien. Uniformedunek motor gainean adin txikikoa harrapatu zutenean, lurrera bota eta, immobilizatuta zegoela, jipoitu egin zuten, baita sudurreko hezurra apurtzeraino jipoitu ere, halaxe egiaztatzen baitu lekuko batek grabatutako bideoak. Gerora, oihartzun zabala izan du umearen aurpegi txikitua azaltzen duen argazkiak, eta asko izan dira erasoa jaso duenarekiko eta haren familiarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak; besteak beste, auzokideen elkartea, auzuneko ikastetxe guztiak eta hango gurasoen elkarteak. Hiriko alkateak, berriz, erasotzaileen errugabetasun-presuntzioaren aldarria egin eta jakinarazi du epailearen balizko ebazpena argitaratu arte kalean segituko dutela, armatuta, lanpostu publikoak bermatzen dien soldata kobratzen eta herritarron segurtasuna zaintzen.

Gertaera, pasadizo isolatua baino gehiago, gehiegitan ikusi dugun jokabide baten lagin bat besterik ez da; indar polizialen beste nagusikeria erakustaldi bat; ia ziurtasun osoz, eta beste hainbatetan gertatu den bezala, zigorrik gabe geldituko dena. Gertatutakoak pentsarazi beharko liguke nork ote duen gure gizartean biolentziaren monopolioa, nork jarri ote dituen kalean eta nork armatu ote dituen ume babesgabe bati muturra txikitzeraino jotzeko gai diren bihozgabe horiek, zeinen interesak defendatzen dituzten eta nork babesten dituen.

Izan ere, gauza bat argi dago. Zabalganako haurrak ez daude seguruago funtzionario pistoladun horiek kalean solte dabiltzala. Eta, akaso, seguruago ibiliko badira, segurtasunaren zaindariengandik ahalik eta urrutien ibili beharko dute. •