GAUR8 - mila leiho zabalik
ETA HALA EZ BAZAN?

Ipuinen bitartez mundua eraiki eta deseraiki egin daiteke

Haurrentzako ipuin eta istorio tradizionalei buruz genero perspektibatik gogoeta egiteko antzerkia baliatu du Parean Elkarteak Irungo Txingudi ikastolako ikasleekin eta esperientziaren bideoa sareratu egin dute. Haur literaturaren orrialdeetan ezkutatzen diren estereotipo matxistak bistaratu eta hankaz gora jartzeko euskarazko tresna bat sortu nahi dute.

Lerro hauen gainean, Parean Elkarteko kideak Txingudi Ikastolan. Gainontzeko irudietan, antzerki forumean jasotako zenbait une. (PAREAN ELKARTEA)

Txanogorritxuk egunero zeharkatzen du basoa amonaren etxera iristeko. Dagoeneko ondo ezagutzen ditu nire estrategia guztiak eta badaki engainatzen saiatuko naizela. Baina zuek nire lagunak zarete», hasten da ipuina osatzen otsoa, publikoaren konplizitatea topatu nahian. “Eta hala ez bazan” ekimena gizarte esperimentu moduko bat da, haur literaturan txertatuta dauden estereotipoak deseraikitzeko ariketa bat.

Parean Elkarteak haur literaturaren nolakotasunaz hausnartzeko baliabideak sortu nahi izan ditu, eta modu berezian egin du. Irungo Txingudi ikastolako BHIko ikasleekin, zuzendaritzarekin eta irakasleekin, Patata Tropikala antzerki laborategiko antzezleekin eta Bira Produkzioak kooperatibarekin elkarlanean, esperientzia berezi bat sortu du.

“Eta hala ez bazan?” esperimentu baten emaitza bisuala da, kontzientziak pizteko euskaraz sortutako ikus-entzunezko euskarria. “Cambia el Cuento” proiektu katalana izan dute inspirazio iturri. Proiektuak betiko istorio edo ipuinen eragina frogatzea eta ikusaraztea du helburu, antzerki parte-hartzailearen bitartez.

Irungo Txingudi ikastolaren kasuan, Txanogorritxuren ipuina hartu dute oinarri. Parean elkarteak sareratutako bideoan eskolan egindako ariketa sozialaren emaitza ikus daiteke. Ikasleak oholtza gainera igotzen dira eta bertan dauden eserlekuetan eseri. Ikusle baino gehiago, datorrenaren parte-hartzaile bihurtzen dira. Txanogorritxu agertuko zaie lehenik; ostean, otsoa. Piztiak konplizitatea bilatuko du ikasleengan, Txanogorritxu bere eskuetan jauzteko laguntza eskatuz. Ipuin klasikoak, baina, “plot twist“ bat izango du bat-batean. Bi aktoreek ipuinak ezkutatzen dituen estereotipoen inguruan galdegingo diete aulkietan eserita dauden nerabeei. Bideoan agertzen ez den arren, ikasleek elkarrekin hausnartzeko tartea izan zuten antzerkiaren ostean.

Miren Lanz elkarteko kideak azaldu duenez, «antzerki foruma da metodologia. Zuzenean egiten da ikusleen aurrean. Ikusleak eszenatokian bertan daude, presentzia daukate. Ikusteko modua desberdina da; ikasleak parte sentitzen dira eta antzezleek interpelatu egiten dituzte hausnarketarako galdera batzuk proposatuz. Txanogorritxuren kasuan, oharkabean pasatzen diren zenbat balore transmititzen ditugun bistaratu nahi genuen. Fokua sexu indarkeriaren gainean dago jarria. Bideoan nahiko ondo ikusten da oharkabean zenbat mezu jasotzen ditugun. Ikasleek aitortzen dute inoiz ez zirela horrekin konturatu».

Irungo Txingudi ikastolako lehen esperientziak hausnarketarako bide ugari zabaldu ditu. «Parte hartu duten neska guztiek inoiz beldurra sentitu dutela aitortu izana izan da guretzat gogorrena. Mutilek, ez. Une intentsoak eta gogorrak izan dira, bai haientzat bai guretzat».

Parean Elkartekoek positibotzat jo dute esperientzia. Hurrengo urratsik erabaki ez duten arren, interesgarria iruditzen zaie «bide honetan jarraitzea eta euskaraz horrelako formatuko bitartekoak sortzea». Lehen saiakeraren ostean, aitortu dute halako egitasmoek eskatzen duten denbora, kostu eta esfortzuari neurria hartu ahal izan diotela. Ekimena «modu duin batean» errepikatzeko formulak bilatu beharko lituzketela onartuta ere, ez dute baztertzen aurrera egitea.

«Gure asmoa bazen horrelako formatu bat eskaintzea, modu duinean eta dohain. Guk ere askotan jo dugu horrelako bitartekoen bila komunitatean lan egiteko. Eredu praktikoak eta eraginkorrak dira. Euskarazko materialaren gabezia handia dago. Zabaltzea eta interesa duen edonork erabiltzea da gure asmoa».

Zer daukate eskura haurrek?

Parean Elkartea 2015ean sortu zuten Miren Lanz, Oihana Llorente eta Ainara Lopezek, «modu naturalean». Lanzen hitzetan, «gaztetatik aritu gara militantzia feministan, eta apustua egin genuen horri modu profesionalean segida emateko». Genero berdintasunaren inguruko proiektuetan aritzen dira, adineko pertsonei eta migratutako pertsonei atentzio berezia jarrita.

“Eta hala ez bazan?” proiektuaren ernamuina Asun Casasola ipuin lehiaketan topa daiteke. «Ipuin lehiaketa horren funtsa indarkeria egoerak bistaratzea eta horien inguruan sentsibilizatzea da. Literaturan, noraino hausnartzen da generoaren gaia?», azaldu du Lanzek.

Hari horri tiraka Irungo Eguzkiza eskolako liburutegia aztertu zuten Parean Elkartekoek. «Adierazle batzuk ezarri genituen eta liburutegiaren %10eko lagin bat aztertu genuen; zein den idazlearen generoa, ilustratzailearena, pertsonaia nagusien generoa, zaintza nola irudikatzen den, estereotipoek zein toki daukaten, familia egoerak... Iaz Oiartzungo udal liburutegian egin genuen ariketa bera eta ondorioak argigarriak izan ziren batean eta bestean: protagonista gehienak gizonezkoak dira eta erreproduzitzen diren rolak eta estereotipoak desegokiak dira kasu gehienetan».

Azken hamarkadan haur literaturan sortu diren ekoizpen berrietan garapen bat ikusten den arren, «guk haur batek eskura zer daukan aztertu dugu, bere herriko liburutegian edo eskolakoan. Edizio zaharrei buruz ari gara, ipuin klasikoez... Betaurreko moreak jantzi behar ditugula esaten da eta hemen ere jarri behar da fokua. Ipuinak oso tresna garrantzitsua dira eta atentzioa beharko lukete. Bereziki haurtzaroan garrantzi handia daukate. Haurrei mundua erakusten diegu ipuinen bitartez, bai barneko mundua bai kanpokoa. Eta hor, oharkabean, urtebetean kontatu dizkiogun ipuin guztietan mutilak badira protagonistak, zer ari gara transmititzen?», egin du gogoeta Lanzek. «Ez dugu esaten mutil protagonistak dituzten ipuin guztiak erre behar ditugunik, baina oreka bat bilatzeko saiakera egin behar da. Begirada kritikoagoa izan beharko genuke», jarraitu du.