Distopya now
Influencer, likes, youtubers, followers... Badirudi inoiz baino gehiago ingelesa jakin behar dela gaur egungo mundu globalizatu honetan bizitzeko. Tira, bizitzeko baino gehiago, hitz egiteko edo entzuten duzuna ulertzeko behinik-behin. Esaldi berean horrelako bizpahiru hitz sartzen dizkidatenean galdu egiten naiz eta deskonektatu egiten dut erabat. Entzuten ditudan hitz horien inguruan ezer gutxi dakit, baina jakin badakit moda-modan daudela.
Duela egun batzuk bideo bat iritsi zitzaidan mugikorrean ditugun talde horietako batera eta oraindik asimilatu ezinik nabil bertan ikusi nuena. Japoniako zubi baten azpian bata bestearen ondoan eserita zeuden gazte batzuk ageri ziren. Haien artean metro bateko distantzia ere ez zuten eta parean bakoitzak mugikor bat eta argia emateko foku txiki bat zituen. Off-eko ahotsak zioen streaming bidez ari zirela zuzenean emititzen eta kokalekua estrategikoa zela horretarako. Jende asko dagoen lekuetan ikustaldi gehiago zituztela eta ondorioz match edo likes gehiago, eta ondorioz diru gehiago lortzen zutela. Ufa!!! Nik, bai, behar izan nuen bideo horren ikustaldi bat baino gehiago zeozer ulertzeko!
Ekuazioa da: edukia igotzeaz bizi den jendea haiengandik zenbat eta gertuago egon edo zenbat eta jende masa handiagoak bizi diren guneetan egon, berdin, diru gehiago. Edo hori ulertzen dut nik, behintzat.
Nobela distopikoen jarraitzaile sutsua naiz, izugarri gustatzen zaizkit. Baina hau gehiegizkoa da! Beldurra ematen dit eta, era berean, tamalgarria iruditzen zait, egiari zor.
Kontua ez da ez dudala ingelesa ulertzen; uste dut ez dudala mundu hau ulertzen! •