JULEN ALBERDI, «Txikia IV.a»
Urte bikaina sinatu zuen iaz Julen Alberdi «Txikia IV.ak». Sherpa.ai txapelketa nagusian garaile izateaz gain, Banakako Urrezko Aizkolarien Txapelketa eta Donostiako Urrezko Kopa ere irabazi zituen. Hilabete batzuen ondoren, lortutako guztiaz mintzatu zaigu azkoitiarra, baita bere ibilbideaz eta aurrera begirako erronkez ere.
Pena da, irakurle, baina noizbait Azkoitia inguruan galduz gero ez zara inola ere Uzin Azpikoa baserrira iritsiko. Izan ere, Urrategi auzoko paraje eder honetara ailegatzeko propio gidatu beharra dago mendian gora lau bat kilometroz hormigoizko pista estu bezain malkartsu batean.
Bertan du prestatua Julen Alberdi “Txikia IV.a” aizkolariak (Azkoitia, 1991) entrenatzeko bere txoko berezia, ganadu artean, eguneroko zarata eta estres guztietatik urrun. Eta iaz lortu zituen emaitzak ikusita argi dago bikain asmatu zuela bere prestaketarekin.
Alberdik Sherpa.ai txapelketa nagusia, urteko hitzordu garrantzitsuena, irabazi zuen udazkenean, Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga mendean hartuta. Norbaitek, agian, aitzakia ipiniko dio gogoraraziz Iker Vicente izar nagusia falta zela final hartan. Baina, aurretik, Vicenteri berari ere gailendu zitzaion Urrezko Aizkolarien finalean edo Donostiako Urrezko Kopan. Eta hori ez dago edonoren esku.
«Hasieran apur bat kolpetik etorri ziren emaitzak, eta berdin jarraitu nahi izan nuen lanean. Txapelketak irabazteko helburuarekin, bai, baina nire buruari presio ‘extra’ hori sartu gabe. Baina, azkenean, emaitzak oso onak izan ziren eta pozik bukatu nuen», onartu du apal azkoitiarrak 2022ko balantzea egitea eskatu diogunean.
Esan daiteke, nolabait, 2022an “Txikia IV.a”ren ibilbideak falta zitzaion azken koska igo zuela. Ez dakigu oraindik goia jo duen ala ez, hori denborak erakutsiko du, baina argi dago azken urteetan egindako urrats sendoek aizkoraren punta-puntan kokatu dutela jada.
Lehenik, ikasketak
Izan ere, Alberdiren kasuak ez du Vicenterenarekin antzik alde horretatik. Gipuzkoarra ez zen gazte-gazterik hasi serio aizkoran eta adin bat bazuen bide horri buru-belarri heldu zionean, nahiz eta etxean betidanik izan duten aizkora tradizioa.
«Gure aitita ibilitakoa zen, osaba zena ere bai, eta nire aita ere bai. Baina egia da nik ditudan lehen oroitzapen haietarako utzita zeukatela. Kirol zaletasuna, bai, ezagutu dut betidanik etxean, baina zuzenean beraiek aizkoran ez ditut ezagutu», azaldu digu.
Horregatik, onartu du autodidakta samarra izan dela bere ikaskuntza prozesua: «Etxean argazkiak baziren, aizkora zahar batzuk ere bai, eta etxean ni neu hasi nintzen apur bat aizkoran, denbora-pasa bezala. Eta 18 urterekin, inguruko gazte batzuek apustu-erakustaldi moduko bat egin genuen. Baina hortxe geratu zen kontua».
Dioenez, garai hartan ez zuen ikusten aizkora serio hartzeko aukera. «Banituen neure erreferentziak, noski, jarraitzen nituen aizkolari ezagunak, baina une hartan salto handiegia ikusten nuen lehiaketetan parte hartzeko. Hemen Azkoitian urtean erakustaldi bat egiten nuen, ez neukan erabat utzita. Etxean ere tartean behin aritzen nintzen, baina ez helburu jakin batekin. Gainera, ingeniaritza bat ikasten hasi nintzen eta horrekin banuen nahikoa lan», gogoratu du.
«22-23 urtera arte horrela ibili nintzen, etxean noizean behin jardunez, baina txapelketei-eta begiratu gabe. Eta behin ikasketak amaitu nituenean, orduan heldu nion serioxeago. Hirugarren mailan izena eman nuen neure burua probatzeko asmoz, ia zertarako gai nintzen ikusteko», gaineratu du.
Bilakaera azkarra
Eta bilakaera oso azkarra izan zen, prestakuntza apur bat fintzea nahikoa izan zuelako bizpahiru urtean lehen mailan egonkortzeko. «Lehen aldiz hirugarren mailan 2013an atera nintzen, baina ez bereziki prestatuta, eta ez nintzen finalean sartu. Gogotsu nengoen eta zer zen ikusteko balio izan zidan. 2014an ez nintzen aurkeztu eta 2015ean hobeto prestatuta joan nintzen, Anjel Arrospiderekin lanean hasita, eta hor bigarren egin nuen finalean, “Arria V.a”ren (Xabier Orbegozo) atzetik. Bigarren mailara igo nintzen. 2016an Gipuzkoako Bigarren Mailako Txapelketa jokatu nuen, hor hirugarren maila ez dagoelako, eta hori irabazi eta lehen mailara igo nintzen. Udazken hartan, Euskal Herrikoan, bigarren mailakoa jokatu nuen eta bigarren egin nuen, Eneko Otañoren atzetik. Lehen mailara igo nintzen. Hirugarren maila jokatzetik lehen mailan jardutera pasatu nintzen bi urtetan», laburtu du.
Bilakaera azkarra aipatu dugu. Azkarregia, agian? «Nahikoa kolpetik etorri zitzaidan», onartu du. «Lehen mailara iritsita konturatzen zara hor zakur zahar asko daudela. Maila handiko jendea da eta diferentzia markatzea oso zaila da. Lehen koska horiek horren azkar igo ostean, pentsatzen duzu hobekuntza hori beti horrela joango dela, baina gutxien espero duzunean hurrengo urtea, agian berdina ez, okerragoa izan daiteke».
Horregatik, emaitzak distantzia apur batekin aztertzearen garrantzia nabarmendu du. «Bakarka egiten den kirola izanik, hori kudeatzen ikasi behar duzu. Zeure buruari argi utzi akatsak egin ditzakezula eta presio gutxiago sartu. Ni, adibidez, neure buruari presio dezente sartzekoa izan naiz, eta oraindik ere halakoa naiz, baina orain lasaixeago hartzen dut kontua», dio.
Eta adibide moduan 2020an eta 2021ean izan zituen emaitza apalagoak ipini ditu. «2019an, adibidez, emaitza onak lortu nituen. Baina egia da 2020an eta 2021ean emaitza pattalagoak izan nituela. Hor beherakada bat izan nuen. Agian konfinamenduak ere izan zuen eragina, erakustaldi eta erritmo falta hori antzeman nuelako. Lehiaketa erritmoa falta nuen. Eta 2022an erakustaldi gehiago izateak eta txapelketa gehiago jokatzeak lagundu didatela uste dut. Horrelakoei buelta ematea ez da erraza izaten, baina gero emaitza onak iristen direnean beste modu batera ikusten dira gauzak».
Baikor etorkizunera begira
Gorenera heltzeko prozesu horretan, ezinbestekoa da erronka eta motibazioak aurkitzen joatea, aizkora kirol garestia delako eta logistika aldetik asko eskatzen duena: egur egokiak, aizkorak, entrenatzeko lekua...
Alberdik, adibidez, argi du inguruan beste aizkolari batzuk izateak laguntzen duela, eta, bere kasuan, aipagarria da Eneko Otaño herrikidearekin eta Mikel Larrañaga azpeitiarrarekin duen harremana. «Pentsa, lehen aipatu dizudan kuadrilla arteko erronka horretan, beste taldean Mikel Larrañaga zegoen, eta gure taldean Eneko Otañoren anaia zaharra. Giro horrek asko laguntzen du. Finean, belaunaldi berean, horrelako hiru aizkolari inguruan egokitzea oso aberasgarria da denontzat».
Aipatu dituen beste bi elementu erakargarri norbere mugak gainditzeko aukera eta kirolarien arteko giroa dira. «Egia da gastu handiak dituen kirola dela, bakarkakoa... Irudi lezake dena beltza dela, baina oso kirol polita da, esker onekoa. Helburuak betetzen dituzunean asko betetzen zaitu, zuk egindako lanari esker lortu duzulako. Eta lagunarte berezi bat ere osatzen da, Euskal Herriko txoko asko ezagutzeko aukera ematen du, askotan festa giroan ibiltzen zara...».
Herri kiroletan sumatzen den haize berria, adibidez, begi onez ikusten du. Harri-jasotzaile eskolen sorrera eta horrek erakarri dituen gazte berriak, pentatloiaren eta duatloiaren arrakasta... Hori bai, oraingoz berak nahiago du aizkoran zentratu.
«Inbidia sano hori sentitzen dut. Ikustera joan eta beti hasten zara imajinatzen zu nola moldatuko zinatekeen horretan. Baina aizkorarekin bakarrik egutegia horren beteta izanda, askotan txapelketa batzuk lehenesten ibiltzeraino, horrelako beste lehiaketa garrantzitsu batera begira jartzea... Adibidez, pentatloian harri-jasotzea prestatzen hasteak nire aizkorako maila baldintzatuko lukeela iruditzen zait», hausnartu du azkoitiarrak.
Aizkolariek Euskadiko Federazioarekin izandako liskarraren inguruan -Ezpal elkartearen sorrera ekarri zuen-, Alberdik uste du «gure kirolari itxura berri bat emateko helburua apurka» lortzen ari direla, baina faltan botatzen du erakundeen laguntza. «Ez dakit ‘boikot’ hitza erabil daitekeen, baina ate asko itxi dizkigute. Oztopo ugari izan ditugu geure lana aurrera eraman ahal izateko. Esango nuke kirol mailari baino gehiago beste interes batzuei begira ari direla».
«Gure aldetik beti egon da hitz egiteko eta akordioak lortzeko jarrera, baina beraien partetik ez dugu proposamen argirik jaso», dio. Hala eta guztiz ere, argi du Euskadiko Federazioak egindako azken eskaera, elkarteko aizkolari guztiak hirugarren mailatik lehiatzen hastea, ez dela bideragarria. «Ezpal elkartean gauden 20 aizkolariok batera hirugarren mailan hasten bagara, eta urtero binaka igotzen joan behar badugu, gaur egun 16-17 urte dituzten gazteek ondorengo ia hamar urteetan ez dute aukera izango bigarren mailara igotzeko ere. Belaunaldi galdu bat izateko arriskua litzateke. Ez dakit Federazioan horretan pentsatu duten edo ez, baina buelta bat eman beharko diotela iruditzen zait», defendatu du.
Euskadiko Federazioarekin eskutik edo bananduta, aldatuko ez dena Julen Alberdiren aizkora gosea da, eta azkoitiarra jada hurrengo erronkei begira jarrita dago. «Gipuzkoako Lehen Mailako Txapelketa izango da txapelketa nagusia uda aurretik. Ekainaren hasieran izango da. Urrezko Aizkorako banakakoa eta Gipuzkoako Binakako Txapelketa ere jokatuko ditugu, baina helburu nagusi ekainekoa jarri dut. Iaz bigarren izan nintzen -Larrañagaren atzetik- eta arantza hori ateratzen saiatuko naiz». •