Unai GARCIA MARTINEZ
Ingurumen Teknikaria
AZTARNA EKOLOGIKOA

Karbono neutraltasuna lortzeko tranpak (II)

Sektore batzuek ezin izango dute inoiz zero emisio izan. Horregatik, trikimailu berriak asmatu dituzte negozio eredu kaltegarriari eusteko: karbono aztarnaren konpentsazioa. Ohikoa da entzutea enpresa batek edo makro ekitaldi batek eragindako kaltea orekatzeko zuhaitzak landatuko dituela. Hala ere, ez dago argi estrategia horrek, nork bere burua zuritzeko ez ezik, ingurumen onurarako ere balio ote duen. Errezeta ez da berria, dena den: kutsatzen jarraitzeko ordaintzea.

Parisko Akordioa sinatu zenetik enpresa handi askok karbono neutraltasunaren erretorika barneratu dute. Badakigu lausotasunez eta hitz onez betetako diskurtso, iragarki eta txostenek euren negozio eredu kaltegarriari eustea bilatzen dutela soilik, testuinguru berrira egokitzea. Hala ere, aurreko artikuluan ikusi genuen bezala, egia esan dezakete neutralak direla edo izateko bidean daudela esaten dutenean, tranpak egin ditzaketelako.

Lehen tranpa aztertu genuen, zeinetan, ezer aldatu gabe, korporazio handiek eragindako kaltearen zati handiena baztertu dezaketen, emisio zuzenak bakarrik kontuan hartuta (eta zeharkako asko hegoalde globaleko herrialdeetara garraiatuta). Banku batek, adibidez, oso emisio zuzen gutxi ditu, bere instalazioetatik ez dituelako gasak zuzenean emititzen. Hala ere, horren karbono aztarna izugarria izan daiteke, aldaketa klimatikorako kaltegarriak diren sektoreetan dituen inbertsioen ekarpena kontuan hartzen badugu. Gauza bera gertatzen da zementua ekoizten duen enpresa batekin. Kasu horretan esanguratsuak dira zuzenean fabrikako tximinietatik emititutako gasak, kontsumitutako energia elektrikoa ere bai, baina aztarnaren zati nabarmena baztertu daiteke lehengaien erauzketak eragindako isuriak kontuan hartzen ez badira. Kalkuluaren irismena aldatu besterik ez dute neutraltasunera hurbiltzeko.

2. Tranpa: karbono aztarnaren konpentsazioa

Aurreko adibideekin jarraitzeko, bankuak sektore kaltegarrietan dituen aktiboak baztertu ditzake neutraltasunerako bidean, jatorri berriztagarriko energia kontsumitu bulegoetan, baina ezin izango luke inoiz zero emisio izan, jarduera guztiek atxikitako karbono aztarna bat dutelako. Zementua ekoizten duen enpresak are zailagoa izango luke, emisio zuzenak bakarrik kontuan hartu arren, lehengai eta energia asko eskatzen dituelako ekoizpen prozesuak. Horregatik, beste bide bat bilatzen dute enpresa askok neutralak direla esan ahal izateko: karbono aztarnaren konpentsazioa, hain zuzen ere.

Karbono aztarnaren konpentsazioa emititu den karbono kopuru bera xurgatuko edo ekidingo duen proiektuak bultzatzean datza. Enpresek karbono kredituak erosi ditzakete, basoberritzeak, nekazaritza jasangarri egitasmoak edo ordezko energia iturrien inguruko ikerketak finantzatu eta, horrela, ezabatu ez dituzten isuriak orekatzeko. Enpresa batzuk legez behartuta daude kreditu horiek erostera Europako Batzordeak kontrolatutako merkatu batean (karbono intentsiboenak); gainontzekoek beste organismo batzuek egiaztatutako borondatezko merkatuetan egiten dute. Errezeta ez da berria, dena den: kutsatzen jarraitzeko ordaintzea.

Ohikoa da entzutea enpresa batek (edo makro-ekitaldi batek) hainbeste zuhaitz landatuko dituela bere karbono aztarna konpentsatzeko (zuzenean edo konpentsazio erakunde baten bitartez). Hala ere, proiektu horiek ez dira normalean biodibertsitatea berrezartzera zuzentzen, arbolen prezioak eta horien absortzio tasak zeresan handiagoa baitute. Zuhaitzak landatzea eta basoak berritzea ez dira gauza bera. Lurraren emankortasuna hondatzen duten eta suteak sustatzen dituzten monolaborantza eremuak sortzen dira azkenean. Gainera, ez dira landatze eta mantentze lanek eragingo dituzten emisioak kontuan hartzen, eta egoera klimatiko berriek landaketa horietan izango duten eragina ere alde batera utzi ohi da xurgatuko den karbonoa kalkulatzean. Zer gertatuko da aldaketa klimatikoak bultzatutako sute eta lehorteek sail horiek suntsitzen badituzte? Orekatu nahi den karbonoa xurgatzeko 50 urte aurreikusi badira, nork bermatuko du modu egokian mantenduko direla? Edo saila ez dela horren aurretik salduko?

Horrez gain, badira karbono kredituak aberasteko ere erabiltzen dituzten enpresak. Kutsatzaile handi batek nahi dituen kredituak erosi ditzake, bere isuriak konpentsatu, bere burua zuritu eta, bide batez, sobera dituenekin espekulatzeko. Pandemian aktibitate ekonomikoa moteldu zen, eta gutxiago emititu zenez, karbono kredituen prezioak behera egin zuen. Balioa berriro handitu denez, horiek salduz aberastu daitezke enpresa transnazional handiak.

Ahalegina emisioak murriztera bideratu beharrean (ekoizpen eta garraio ereduetan aldaketa sakonak eginez, erregai fosilak baztertuz, deforestazioa bultzatzen duten sektoreetan ez inbertituz, hornidura kateak murriztuz...), enpresa handiak status quoa mantentzeko bideak bilatzen ari dira, konponbide faltsuz jositako narratiba eraikitzen duten bitartean. Klimari egindako tranpa horiek estrategia enpresarial immobilista baten alde ezkutua baino ez dira, erregai-fosilak erretzen jarraitu nahi dutenena, garraio edo nekazaritza/elikadura eredu berri bat bilatu nahi ez dutenena, hamarkadetan politika klimatikoa oztopatzen jardun dutenen azken trikimailua.