Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional
IKUSMIRA

Europatik bizikletak Ukrainara

(AFP | AFP)

Mendebaldetik, batez ere Europatik, iristen hasi dira Ukrainara lehen tanke eta guda-gurdiak (Leopard alemanak, Challenger britainiarrak...). Kieveko Gobernuak esker ona agertu du, baina ehiza-hegazkin bonbaketariak eskatu ditu oraingoan, F-16 estatubatuarrak balira hobe. Bitartean, eta frontea nahiko geldirik egonik, Errusia gihar nuklearra nonahi erakusten ari den honetan (Bielorrusian, Japoniako Itsasoan, Siberian...), bada ukrainarren erresistentzia bermatzeko Europatik iristen ari den beste armategi bat: bizikletak. Danimarkako GKE batek “Bikes4Ukraine” bizikletak biltzen ditu bonbardaketak pairatu dituzten edo Ukrainak berreskuratu dituen hiri eta herrixketara bidaltzeko. Garraio publikoak eta errepideak suntsituta, eta erregaiaren prezio izugarria kontuan hartuta, gizarte laguntzaileek halakoen beharra dute jendeari jakiak, botikak eta laguntza helarazteko. Laguntzaile gehienak, gainera, emakumeak dira. Beraz, koadro baxua duten bizikletak eskatzen dizkigute europarroi.