Gilen TXINTXURRETA BEITIA
Arkitektoa

Lesa natura

Ilustrazioa: GILEN TXINTXURRETA BEITIA
Ilustrazioa: GILEN TXINTXURRETA BEITIA

Azkenaldian eztabaida sutsua piztu da 15 minutuko hiriaren harira. Zenbaitek, ultraeskuinak nagusiki, kartzela dela eta norbanakoen askatasuna mugatzea helburu duela aldarrikatu dute sutsuki. Horren aurrean, sare sozialetan zabaldu egin da etxetik oinez 15 minutura ditugun zerbitzuak zerrendatzeko moda, eta hara!, jende gehienak egunerokotasunerako behar dituen ia zerbitzu guztiak baditu jada 15 minutu horietan. Hiri eta herri oso dentsoetan bizi gara oro har, eta zerbitzuak, beren gabezia eta bertuteekin, jadanik eraikita eta martxan ditugu; beraz, ez da harritzekoa eskola, parkea, dendak, taberna eta abar etxetik hurbil egotea. Harrigarria da nolako amorruz eraso egiten dioten batzuek jada gizartearen gehiengo handi batek bizi duen horri. Agian, kontua da ez dutela ezer ulertu eta beraien kartzelari betidanik “auzo” deitu izan zaiola.

Zerrenda ia guztietan, baina, lanpostua ez zen ageri etxetik hurbil ditugun gauzen artean. Funtzionalismoaren oinordeko diren gure herri eta hirietan, bizitokia eta lantegiak bata bestearengandik guztiz bereiziak izan dira. ”Gure etxeak zuen fabriken alboan eraiki zenituzten” eslogan kritikoa, berez, jasangarritasunaren alegoria da: lana eta bizitza, bata bestearen alboan -fabrikek isurtzen zuten ke hiltzailea albo batera uzten badugu, bederen-. Kontua da, 21. mendean egonik, gizarte gero eta tertziarioago batean bizi garela, eta gure industriak, oro har, nahiko “garbiak” direla. Horregatik, lantokiak, industria gune berriak eta ‘parke teknologiko’ deiturikoak, auzo eta herriguneetatik urrun jarrita, haietan lan egiten duten milaka pertsonak egunero autoa hartzera derrigortzen ditugu. Jasangarritasunari bi tiro: lurzoru berria okupatu eta hara autoz joatera behartu.

Duela egun gutxi, Iñigo Urkullu lehendakariak eta beste arduradun politiko askok EIC, “Energy Intelligence Centre”, inauguratu zuten Abanto-Zierbenan. Euskal Parke Teknologiko sarearen pieza berria, jasangarritasunaren eta ekonomia berriaren ikur izatera deitua, aurreko beste bost parke teknologikoen moduan, lekutan eraiki dute. Autopista baten ertzean kokatuta, orain arte larre berdez estalitako muino bat zena soilik autoz irisgarria den asfalto eta hormigoizko pista bihurtu dute. Ohitura da gurean, modelo anglo-saxoiari jarraiki, zientzia eta teknologiarekin loturiko eta diru publikoz sustatutako eremuak garraio publikoz edo oinez irisgarriak ez diren tokietan jartzea.

Kontua da, campus hauetan, nagusiki bulegoak daudela eta erabilera hori guztiz bateragarria dela hiriko gainerako jarduerekin; are gehiago, haien inguruan merkataritza eta bizitza sortzen laguntzen dute. Euskal Herriko paisaia paisaia post-industriala da; fabrika eta lantegi abandonatuak edonon daude, eraispen bolaren esperoan. Askotan entzun dugu eremu horiek “biziberritze prozesu” bat behar dutela, eta askotan, biziberritze hori fabrikak bota eta etxebizitza tristeak eraikiz burutu da. Edo hori, edo Mercadona bat. Nola da posible, oraindik ere, autoaren esklabo egiten gaituzten lantegi guneak eraikitzen jarraitzea, landa lur produktiboak suntsituz, hiri eremu zaharkituak berritu ordez?

Zierbenan burutu den naturaren aurkako krimen hau inteligentziaren aurkako krimena ere bada. Ironikoki “Energy Intelligence Centre” deitua, ez da energetikoki jasangarria, ez da funtzionalki adimenduna, eta are gutxiago, ez da ezeren centre-a. Ia hurrengo parkerako oinez iristeko moduko toki bat aukeratzen duten. Zazpigarrenean aidanez. •