15 ABR. 2023 IKUSMIRA «Gerra jolasei» ezezko irmoa Filipinetan ere (Jam STA ROSA | AFP PHOTO) Asier Aiestaran AEBetako eta Filipinetako Indar Armatuek ‘Balikatan’ izeneko ariketa militar bateratua hasi zuten asteartean, inoiz egin duten handiena. Maniobrak hilaren 28ra arte luzatuko dira eta 17.000 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte; horietatik 12.200 estatubatuarrak eta 5.400 filipinarrak, ehun australiarrez gain. Soldaduek ontziak, ehiza-hegazkinak eta defentsa-sistemak erabiliko dituzte, bai eta misil-jaurtigailuak eta tankeen aurkako sistemak ere. Lehen aldiz, bi herrialdeetako armadek benetako suarekin simulazioak egingo dituzte. Egun batzuk lehenago, Txinako Armadak maniobra militarrak hasi zituen Taiwanen, Tsai Ing Wen Taiwango presidenteak eta Kevin McCarthy AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak irlan egindako bilerari erantzunez. Taiwanen independentzia aldarrikatzen duten «indar sezesionisten» aurkako «mezu zorrotza» bidali nahi omen zuten. Argi dago agintari batzuentzat gerra jolas hutsa dela, baina Manila inguruan egindako argazkian ikus daitekeenez, herritarrek ez dute «gerra jolasik» inola ere nahi.