15 ABR. 2023 { KOADERNOA } Haur lodia, amaren porrota Mijo LIZARZABURU Loditasunari buruzko diskurtso patologizatzaileak pertsona lodiaren erantzukizunean oinarritzen dira normalean. Dagoeneko ondo ezagutzen ditugun erretorika lodifoboen arabera, badirudi lodia bazara zerbait gaizki egiten ari zarela: janari gehiegi, janari-zaborra, kirol edo ariketa fisiko gutxiegi. Mezu ezberdinak nahasten dira diskurtso mota horietan: banakoaren osasuna norberaren ardura dela dioen mezua (Osakidetzaren pribatizazio garaian), gorputz ez normatiboak praktika okerren eta diziplina faltaren ondorio direla dioen mezua (gorputz zuzena argala izan daitekeelako soilik) eta gorputz ez normatibo horiekin bukatu behar dela dioen mezua (buka dezagun obesitatearekin, obesitatearen aurkako eguna). Lodia zarenean aldarazi, ezabatu nahi zaituen gizarteak lotsa eta errua sentiarazten dizu. Hori dela eta, oso zaila izaten da zapalkuntza izendatzea, arazoa ez baita lodifobia, baizik eta zure gorputz lodia. “Ezin kabitu! Euskal Herriko Lehen Jatunaldi Lodien” prestaketan, horrekin lotutako hainbat gai lantzen aritu ginenean, konturatu ginen hutsune bat dagoela diskurtso anti-lodifoboetan: zer gertatzen da haurtzaro lodietan? Zer harreman mota sortzen da haur lodiaren eta amaren artean? Haurtzaro lodietan zapalkuntzen gurutzaketa bat gertatzen da; lodifobiaren eta patriarkatuaren gurutzaketa, hain zuzen. Alde batetik ama dago, patriarkatuaren lan banaketaren arabera (dohainik eta errekonozimendu gabe) familiako banako ororen ongizatearen arduradun nagusia: haurren ardura, etxeko zaharrena, senar mozkorrarena, osaba ezkongabearena. Bestetik, haur lodia, kiroletan ona ez dena (gehienetan), heterosexualitate goiztiarraren jolasetan lekurik ez duena (botilaren jolasean adibidez), bullyngaren edo elikadura nahasmenduaren jomugan dagoena. Haur hauek ez dira arauetan sartzen, eta horregatik ez datoz bat amek haiekiko duten irudi desiratuarekin. Presio patriarkala gainean dutela eta arauetan sartzeko beharrak mobilizatuta eramaten dute haur lodia dietista, nutrizionista, erizain eta medikuz jositako kalbariora. Haren gorputzarekin harreman egokiagoa izan dezan haurra edozein kiroletan apuntatzen dute, balleteko printzesen artean Hulk dirudien neskatilak edo matxiruloen artean “pakete” lekua duen bollera izateak asko hobetzen baitu zeure gorputzarekin duzun harremana. Janariaren murrizketak hasten dira, bertsio erasokorrean: “Ez jateko ogi gehiago, ostia!”. Edo biolentzia sofistikatuagoa inplikatzen duen bertsio maitekorragoan: “Laztana, ez ezazu horrenbeste ogi jan, zure onerako diotsut”. Gizarte patriarkalaren familia-antolakuntzak haurrak amaren ardura bihurtzen ditu; logika horren baitan, haur lodia amaren porrota da. Egoera horretan dauden amek beren haurren gorputzarekiko ardura, errua eta gorrotoa sentitzen dute. Gorputz erratu horrek guztientzat ikusgarri uzten duelako diziplina markatzeko haren ezintasuna, haren hezkuntzaren porrota. Haurren ardurak, zaintza eta babesaz gain, kontrola eta biolentzia inplikatzen ditu eta ama, zentzu horretan, beste instituzio diziplinario batzuen luzapen bihurtzen da, medikuak eta irakasleak ematen dituzten aginduen betearazle, besteak beste. Horrek guztiak ezinezko egiten du amek eta haur lodiek harreman ona izatea, eta argi dagoen arren ez dugula zertan gure amekin harreman ona izan, uste dut borroka lodiaren helburuetako bat izan daitekeela harreman gatazkatsu horien zergatiak azaldu eta alternatiba bat proposatzea. Gure gorputzak ez direlako okerrak eta gure amak ez direlako etxeko polizia bihurtu dituen familia eredu patriarkalaren erantzule; matxismoa eta lodifobia korapilatzen dituen katera lotuta gaudenok harremantzeko beste modu batzuk bilatu behar ditugu. • Haurtzaro lodietan zapalkuntzen gurutzaketa bat ematen da; lodifobiaren eta patriarkatuaren gurutzaketa, hain zuzen