Joxean AGIRRE

Itsasu

Bagirak Itsasun bezperan antolatu zituen ekitaldietan Jean-Louis Davantek kontatu zuen garai batean Aberri Egunari «Abeberry Eguna» esaten ziotela, egun hori neurri batean Jakesen ekimenari esker antolatzen zelako. Gipuzkoako herri batean guk «Alberdi Eguna» deitzen genion egun horri antzeko arrazoiengatik.

Urte batzuk lehenago Hegoaldean Ekin bezalaxe, ikasketak bukatu eta etxera itzuli zen ikasle talde batek sortu zuen Enbata Iparraldean («Embata» idatzi zuten lehen urteetan) eta tartean zen, noski, Jakes Abeberry, Mixel Burukoa, Ximun Haran eta beste batzuekin batera.

Handik urte gutxira, 1963an (duela 60 urte), antolatu zuten Aberri Eguna Itsasun eta Hegoaldearekiko paralelismoekin jarraitzearren, Gernikako Arbolaren altsuma bat landatu zuten Ximun Haranek eta Julen Madariagak, Enbataren izenean lehenak eta ETArenean bigarrenak.

Hegoaldeko jendea ere izango zen Aberri Egun horretan Eneko Irigarayk bere “Aljeriar konexioa. ETAren sortzaile baten ibilerak” elkarrizketa liburuan gogoratzen duen pasadizo batek erakusten duenez. Urte batzuk lehenago soldaduska egin zuen Enekok Oiartzungo Arkaleko kuartelean eta handik ezagutzen zuen Dapena koronela. Itsasun bildu zirenen artean koronel hori ikusi zuenean (ordurako muga pasatu eta Iparraldean zebilen) Ximun Haranengana joan eta seguru zegoela esan zion, Dapena koronela ikusi zuela bildutakoen artean. Enbatako kide batzuek gizona hartu, han inguruan zegoen zuhaitz baten kontra jarri zuten eta matrikula zerrenda bat eta argazki makina kendu zizkioten. Gertakari horren ondorioz, Ximun Haranek debekaturik izan zuen aldi batez Hegoaldera pasatzea.

Gauzak asko aldatu dira Ipar Euskal Herrian ere, joan den igandeko Aberri Egunak frogatu zuenez.

Guk urteak eman genituen gaztetan (zenbat itzuli bizikletan) Ipar Euskal Herri mitifikatu baten peskizan, hango kulturarekin, kantutegiarekin, hizkuntzarekin eta folklorearekin liluratuta, baita paisaiarekin ere. Gaur bertako giro politikoak, bakegintzarekiko izan duten konpromisoak, lurraren defentsak, giza eskubideen alde erakusten duten adoreak eta lortu duten gizarte osoaren inplikazioak txunditzen gaituzte tarteka, hainbeste non badauden gure artean Jean-René Etchegaray macronistari, erdi brometan bada ere, «gure lehendakaria» esatera iristen direnak ere.

Exotismoaren peskizan joaten ginen lehen. Orain anaikidetasuna aurkitzen dugu. •