GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevista
Garbiñe LARREA ITURRALDE
Sendabelarretan aditua

«Kamamila biltzea oso ariketa ona da egoarentzat eta belaunentzat»

«Sendabelarrek dakitena» eta «Sendabelar baratzea» liburuen egilea herriz herri dabil hitzaldiak ematen, astegun buruzurietan aretoak betetzen. Argi du gaia plazaratzeko unea iritsi dela.

(Argazkiak: Jon URBE FOKU)

Donostiako Gladys Enea parkean egin dugu hitzordua eta bitxia izan da argazki saiora txori txiki zuri bat batu izana. Irudirik politena oparitu digu.

Sendabelarrei buruzko jakintzaren oinarria etxean jaso zenuen.

Gure aitak basogintzan egiten zuen lan, eta naturarekiko jakin-min ikaragarria zuen. Amona sendabelarrekin ibiltzen zen. Izeba-osabak baserrikoak dira eta haientzat ere naturala zen sendabelarrak erabiltzea. Etxetik jasotako autonomia hori zerbait berezkoa izan da. Aitarentzat izen botanikoak ikastea garrantzitsua zen. Hiru anai-arreba gara eta gehien asmatzen zuenak sugus urdina eramaten zuen. Jolas baten eran jaso genuen eta gaur egun konturatzen naiz zer balio duen. Gure aitona-amonak alfabetatu gabeak ziren, gure aitarentzat ondare hori idatziz jasotzea garrantzitsua zen, eta ondorengo belaunaldioi egokitu zaigu hori hartzea, ikastea eta harago joatea.

Ikasketak nondik bideratu zenituen?

Erdi lotsatuta esan ohi dut Zuzenbidea egin nuela. Ematen du gero okerbide bat hartu dudala [barrez]. Gauza da gaixotu egin nintzela, modu kronikoan botika hartu beharra neukala eta ez zuela aterabide handirik. Han eta hemen soluzio bila hasi nintzen, eta konturatu nintzen erantzun asko gure amonak esaten zituen gauzak zirela. Hor berriro izan zen hurbiltze bat. Ikasi nuen osasuna modu zabalagoan uler zitekeela, gaitzen jatorrietara joz, elikaduraz eta bizimoduaz hausnartuz.

Luze ibili naiz Euskalgintzaren Kontseiluan, Herri Irratian ere bai kazetari. Baina sendabelarretara bideratzea ez zegoen nire planetan. Inguruan eskatzen zidaten «egingo didazu ukendu hau?». Azaleko arazoak eskola ona izan dira. Neuk asko izan ditut. Jendea artatzen hasi nintzenean oreka arraro bat izan zen. Bi lan batera egitea beti izan da zaila. Orduan, honen aldeko apustua egiteko unea iritsi zen. Naturopata bezala kolegiatu nintzen.

Ikastaroena ere eskaera bat izan zen?

Urnietako lagun batek asko errepikatzen zidan ia hitzaldi bat emango nuen San Juan ukenduez. Bakea emateagatik baietz esan nion. Eta batere ohartu gabe dinamika batean sartu nintzen. Jendearen motibazioak eta beharrak bultzatuta egin dut bide hori. Esaten zidaten «ez dira zure etxera etorriko lana eskaintzen». Bada, hori gezurra da! [Irriz]. Sare hori asko baloratu dut, jendeak zenbat eskertu duen. Gaur egun, dibulgazioa da nire lan nagusia. Izugarria da, ezingo nuen inoiz irudikatu.

Kontsulta pasatzen duzu?

Momentu honetan, ez. Liburu baten proiektuarekin nabil. Bestalde, podcastak daude puri-purian eta aurrelanetan ari naiz. Noski, herriz herri hitzaldiak eta ikastaroak ematea bezalakorik ez dago.

Nahi duena zurekin jar daiteke harremanetan.

Bai, “Argia”-ra deituta. Haien bidez egiten dut guztia eta eskerrak laguntzen didaten.

Publikoa anitza da.

Aurreiritzi gehiegi daude. Egia da jakintza hau emakumeek gorde eta transmititu dutela. Baina gero aurkitzen dituzu sekulako lan dibulgatzailea egin duten gizonezkoak, jakintzan sakondu dutenak. Toki batzuetan hitzaldietara joan eta profila oso urbanoa da, oso gaztea. Aurrekoan, Oñatin eman nuen ikastaroan erdiak baino gehiago gizonak ziren. Profil ezberdinak daude. Badago jende bat zerbait anputatu dioten sentsazioa daukana; hau da, «amak bazekien baina ez dit erakutsi». Asko etortzen dira pena, amorru, ezin batekin, zerbait berreskuratu nahian. Gero, badago jende bat emateko asko daukana. Hunkigarria egiten zait: «Begira, hau da etxean egiten duguna; zuk jaso». Bestalde, bizi izan dugun osasun krisiaren ondoren, badago autozainketarako tresnak nahi dituen jendea. Kezka ere badago krisi klimatiko garaian naturara nola hurbildu.

Gladys Enean, sendabelar pila bat ikusi duzu, baina gu ez ginen konturatzen.

200-300 metro egin ditugu eta liburuko hamabi aurkitu ditugu. Badago mundu begetalarekiko halako itsutasuna. Ikastaroetan hori landu dugu. Donostiako irlan hiru urtez jarraian egin ditut irteerak landareak ezagutzeko. Deigarria izan da eskultura jarri dutenetik zenbat barietate galdu diren.

Liburuan aipatzen duzu badugula haiengandik zer ikasi, begetalak ez baitira begetalak bezala bizi.

Gure hizkera ere -«begetal bat bezala bizi da»- gutxieslea da. Baina badakigu begetal bat nola bizi den? Ez dakigu. Hori ere falta da kultura zientifikoan. Hitzaurrean aipatzen dut Stefano Mancuso; oso desafiatzaileak dira bere planteamenduak. Botanikoa da eta puntako ikerketa egiten ari da. Ikusten ditu gaitasun batzuk landareetan guk ez ditugunak inoiz izango, eta horri ‘inteligentzia’ deitzera ere ausartzen da. Hori oso probokatzailea da, eskala oso darwinista daukagulako. Eboluzioan gu gaude goian, gero daude animaliak, gero landareak eta gero harriak. Umiltasun lezio bat da. Zirrikitu batean landare bat jaiotzen da; loratu egiten da, hazia botatzen du, ugaldu egiten da, eta ez dauka lurrik, baldintza guztiak dira kontrakoak, udalek fumigatu egiten dute, eta hala ere, hor dago. Baditu bizirik irauteko gaitasun batzuk eta horietatik ikastea komeni zaigu. Erronka handiak datoz, klimak ekarriko dizkigunak.

Badaude Farmazian egiten diren doktore tesiak, landare oso arrunt eta ezagunei buruzkoak. Ilena, kasu. Begirada jaitsi behar da, landareen pare jarri. Kamamila biltzea oso ariketa ona da egoarentzat eta belaunentzat.

Guk familian biltzen genuen. Partekatzeko une polita zen.

Auzolana da. Ikastaroetan hori sustatu dut: juntadizoak egitea, landareak bildu eta prozesatzeko. Eta gero norberak egin dezala etxerako botika-kutxa. Zure puntu ahulak zeintzuk diren badakizu, aurki itzazu behar dituzun sendabelar horiek eta autonomia landu ezazu; ahal den heinean, badirelako hainbat gaitz guk artatu ezin ditugunak. Diabetesarentzat ez dago intsulinaren parekorik. Baina gaitzak eragin ditzakeen zirkulazio arazoak sendabelarrekin trata ditzaket. Osagarritasun hori bilatu beharko genuke, guregan ere baliabide berriak aurkitzen eta garatzen ari garelako.

Pil-pilean dagoen gaia da nola ezkondu jakintza edo medikuntza ezberdinak. Lehen medikuntza bakarra zegoen, ofiziala, eta bere hitzak baino ez zuen balio. Orain ez goaz berdin medikuarenera.

Gero Google dago, eta iruditzen zaigu bi artikulu irakurrita birologiaz dakigula.

Baina hortik aparte, bazaudete naturopatak, energiekin lan egiten dutenak...

Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen du bide integratzailea lantzea. Jakintza esparruak bateragarriak dira, eta badira herrialde eredugarriak. Alemaniak badu figura bat: hellpraktiker-ra. Homologatutako ikasketa bat da eta ikusten da zein den bere lana eta zein, medikuarena. Hemen hori ari da aldarrikatzen. Ez du ematen erraza denik.

Batek gauza bat gomendatzen dizu eta bertzeak, kontrakoa.

Koktel efektuak arriskutsuak dira. Lilura batean eror gaitezke eta landareen potentzial toxikoak ez ikusi. Garrantzitsua da botikekin zer elkar eragin dagoen. Gero mezua izaten da sendabelarrak arriskutsuak direla. Ez da egia; arriskutsua desinformazioa da.

Lehena medikuaren hitza da.

Jende askok desengainua jaso du osasun zerbitzuarekin eta beste zerbaiten bila dator. Beste askorekin, oso garbi dut egoera larri batean ezin dudala lagundu. Gaia oso konplexua da mezu sinplistak zabaltzeko. Sendabelar guztiak debekatzen dira haurdunaldian eta edoskitzaroan. Egia da, asko ez dira egokiak, baina beste asko badira. Entzuten dudanean «emakumeen hormonentzat ona da» urduri jartzen naiz. Zer hormona? Norenak? Zein etapatan? Mesedez, izan finak.

Lan egin duzue horretan.

Bai, eta farmazialariei fabore eske ibili gara. Jakintza eguneratu egin behar da eta hori lan klinikotik egiten da, pertsona tratatuz eta jarraipena eginez.

Zein asmorekin egin zenuen liburua?

Maitane Gartziandiaren ideia izan zen. Niretzat mezuak ezberdinak dira. Batetik, landareari ondo begiratzen jakin behar dela, potentzial guztiarekin. Sendabelar askorekin dago beldurra; berbena eta pasmo-belarrarekin, adibidez. Zergatik ez praxi seguru bat ezarri? Beste asmo bat ikusezintasuna puskatzea da. Eskura ditugunak, gertuen eta ugarien ditugunak, behar ditugu.

Baina “echinacea” ezagunagoa dugu pasmo-belarra baino.

Urrutikoak liluratzen gaitu. Aldiz, ez dugu ezagutzen pareta- belarra. Niri horrek bihotzeko mina ematen dit. Sendabelarren irudia oso presente dago; erabilera, ordea, oso gutxietsia dago, oso ezaguna eta arrunta delako eta iruditzen zaigulako ez duela potentzialik. Hori aldarrikatu nahi nuen, baita urte luzez izandako praxi segurua ere. Hau ondare immaterial bat da, herri honetan dagoena, eta ez da pertsona batena edo birena; denona da. Hori jasotzea eta egitura bat ematea garrantzitsua da, eta asko eskertzen diot lantaldeari horrela lagundu izana.

45 landare hautatu zenituen. Ugari eta hurbil daudenak.

Bai, eta ekosistemari kalte nabarmenik ez egiteko modukoak. Konturatu gara modu autonomo batean norberak landu ditzakeela, askok etxean dituztelako edo baratzean; erromeroa, esaterako. Horiei etekin zabalagoa ateratzea da kontua. Erromeroarekin alkohol bat egiten duenari irakastea zirkulazioa hobetzeko ukendu bat edo kolonia-ura egiten. Askok galdetzen didate 45 horietan zein dudan kutuna. Hori oso zaila da, baina intsusak 30 izen baino gehiago ditu euskaraz. Ikaragarria da landareen izenetan ere zein aberastasun dagoen. Hainbat kasutan sendabelarra bera da osorik botika-kutxa bat. Asunarekin ere zenbat gauza egin ditzakegun!

Infusioez gain, xaboiak egin daitezke, hortzetako orea...

«Egunero ibili behar dugu tratatzen?», galdetzen digute. Nola bada! Beharra daukazunean tratatu ezazu. Herri honetan tradizioa izan da udaberrian eta udazkenean garbiketak egitekoa. Bada, zergatik ez berreskuratu hori? Eta gero norberak hitz egin dezala beretik, ez irakurri duenetik. Terapiaz gain, ikusten genuen sukaldea aberasteko oso onak direla. Salda bati erromeroa edo ezkaia botatzen badiozu, infusioa hartzen ari zara, eta sukaldea aberasten balio terapeutiko-gastronomiko batekin. Beste esparru bat ere bada: kosmetikoa. Oso garbi dut datozen urteetan asko hitz egin beharko dugula garbitasun eta edertasun produktuez, osasun arazo asko, endokrinoak eta hormonenak, horiekin lotuta daudelako. Badago ezezagutza, eta begiratu nahi eza ere bai. Ekologistak Martxanek ikerketa bat egin zuen honen inguruan. Fundación Alboradak egiten dituen lanak jarraitzen ditut. Niretzat ez du balio esateak «ez zenuke erabili beharko desodorantea edo xanpua edo garbigarri hau». Orduan zer egingo dut?

Zeuk egin.

Xaboia urtean behin egiteko gauza bat da eta hamar pastilla dituzu oso ondo erabil daitezkeenak. Liburuan zertzelada batzuk ipini ditugu.

Lanak harrera itzela izan du.

Niretzat ezustekoa izan da. Lehen edizioa, 3.500 ale, apenas bi hilabetean saldu genuen, eta bigarrena ere zer azkar doan! Badakit medikuek kontsultarako erabiltzen dutela. «Hori esateko zertan oinarritu zara? Bidaliko didazu ikerketa?», galdetu izan didate. Badaude tradizio honetatik datozenak. Beraiek ere pertsonak izanda, badituzte osasun arazoak eta aurkitu dituzte hemen erantzunak. Egunero ari da jendea hona hurbiltzen eta erantzunak aurkitzen; batzuetan oso txarrak, hori ere salatu behar da. Formazio nahikorik ez duen esparru bat izanda, oso okerreko planteamenduak ere badira. Niretzat praxi seguruak ezartzea oso garrantzitsua zen.

Zer egin beharko litzateke? Akademian sartu?

Lehenik, formakuntza profesional bat planteatu behar da. Bide horretan doaz Europako hainbat estatu: Suitza, Frantzia, Portugal... Hezkuntza Ministerioak bere gain hartu behar du hori. UNED saiatu zen, baina ez da erraza. Hipokrisia handia dago: ez dago akademikoki onartua, baina alta emanda gaude autonomo bezala, eta asko gara. Intrusismoa egiten ari garen pertsona arriskutsuak omen gara, baina kotizatzen ari gara. Borroka oso mantso doa. Eta, berriro diot, Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen duen bideetako bat da.

Alegia, debekatuta egotetik gutxietsia izatera pasatu da.

Lehen sorginak erre egiten zituzten eta orain, aldiz, pegatinak edo giltzatakoak dira. Begirune falta berarekin ari garela uste dut. Hemen mespretxua egon da: amonen gauzak dira. Edo hippyenak. Askorentzat B plana da. Gutxiespen hori aitortutako ofizioa ez izatetik ere badator. Bada kulturalki egin beharreko aldaketa bat ere.

Lehen aipatu diguzu Oiartzunen, adibidez, jakintza handia dagoela.

Tradizio ikaragarria duten eta transmisio hori egin duten herriak badira. Hasi nintzenean pentsatzen nuen: «Zer pena, hau galtzen ari da». Baina orain ez zait iruditzen galtzen ari denik; alderantziz. Hainbat lekutan hedatzen, sustraitzen ari da. Ilustrazioan suak ez zuen erre, segitzen du, baina dakienarengana jo behar duzu. Eta dakien horrek askotan halako estigmak eta gutxiespen mezuak jaso dituenez, ez du gogorik zuri ezer esateko. Jakin behar da haiengana iristen eta esateko daukatena entzuten. Euskaraz “aditua” da aditzen dakiena. Gero, aritu egin behar da lanean; praktikak eman digu zilegitasuna.

Lehen liburuaren ondoren, forma biribileko bigarrena etorri da.

Segida izan da. Iruditzen zitzaidan sendabelarrak landatzeko aukera esploratu behar genuela. Baratzearen ideia oso barneratua dugu, Jakoba Errekondok lan handia egin du: zu zeu izan zaitezke ekoizle eta kontsumitzaile neurri berean, bitartekaririk gabe. Hemen zergatik ez? Zergatik jartzen ditugu baratzean bazterrean? Entitate bat eman nahi izan diet, eta landare bakoitzari hiru aukera jarri: terapiarako, kosmetikarako eta jateko. “Sendabelar baratzea. Urte guztia loretan” izena jarri diogu urtaroek baratzea nola eraldatzen duten ikusteko halako dinamika bat delako. Linneok orduaren arabera irekitzen diren loreekin erloju bat egin zuen. Hainbeste ez naiz ausartu, baina urtaroka ipini dugu. Hamabi daude, beste hamabi izan zitezkeen bezala. Bere kasa zer sortzen zaigun ere behatuko dugu. Eta ikusiko dugu zein zeinekin moldatzen den ondo. Prozesu osoaren jabe izatea da kontua: lorezain izatea, farmazialari, sukaldari...

Gure beharrak zertan aldatu dira?

Askoz gaitz auto-immune gehiago ditugu. Oso konplexuak dira; batzuk, oso larriak, inhabilitatzaileak eta botika karga handikoak. Hainbat arazo gero eta gazteago hasten dira. Bestalde, gero eta gehiago bizi gara, baina horrek ez du esan nahi hobeto bizi garenik. Askotan polimedikazioa dago, eta elikadura txarra. Sendabelarretatik magiarik ez espero, ez baduzu egoki jaten. Lehenbizi elikadura da: sendabelarrak osagarriak dira.

[Ikusezina ikusten lagundu digu Larreak, eta badoa, txori txiki baten antzera. Haren ukimena, sentikortasunaren arrastoa utzita. Mila esker!]