Garazi GOIA - @GaraziGoia
Idazlea

Olatuak

Adimen artifizialaren olatuak ikus-entzunezkoen mundua ere harrapatu du.
Adimen artifizialaren olatuak ikus-entzunezkoen mundua ere harrapatu du. (GAUR8)

Open Al enpresak sortutako ChatGPT solaskide artifizialari buruz idazteko dagoeneko berandu nabilela sentsazioarekin nator. Aste batzuk baino ez dira pasatu “boom” mediatiko hartatik eta Interneten, albisteetan eta gure bizitzetan sekulako iraultza sortu duela ezin dugu ukatu. Sare sozialetan izan duen oihartzuna adierazle bezala erabiliko bagenu, metabertsoaren eta blockhchain-en antzeko olatuekin alderatuta, beste maila bateko hasiera izan du ChatGPT-k eta, oro har, adimen artifizialak. Neure esperimentu txikiak egin ditut antzeko hainbat gailurekin: adibidez, irakurri berri nuen 180 orrialdeko dokumentu konplexu bat laburtzeko eskatu nion eta bost puntu garrantzitsuenak zehazteko. Aurretik eman nituen orduak denbora galtzea izatearen sentsazioak zeharo harrituta utzi ninduen.

Adimen artifizialak ikus-entzunekoetan izan dezakeen eragina sakona da eta azterketa batzuk egiten hasi gara lantokian, batez ere kanpotik datozen bezeroen eskaerei erantzuteko. Noski, adimen artifiziala ez da oraingo kontua bakarrik eta edukien produkzio etxeek egindako hainbat lan arrakastatsu ikusiak ginen. Adibidez, duela urtebete Disney+-erako sortutako “Obi-Wan Kenobi” telesailean, “Star Wars” filmeko Dar-Vader-en ahotsa adimen artifizial bidez sortua zen (1977. urtean egindako estreinako artxiboak erabiliz). Netflixek sortutako Andy Warholi buruzko “The Andy Warhol Diaries” telesailean, Warholen ahotsa birsortu egin zuten, hiru minutuko grabazio bat oinarri bezala erabiliz. Hainbat estudiok (Paramount, NBC Universal) badituzte, adimen artifiziala erabilita, aktoreen irudia “zahartzeko” eta “gaztetzeko” gailuak ere.

Azken asteetan beste mota bateko interesa piztu zaie ikus-entzunezkoetan dabiltzan hainbat enpresari: nola erabili adimen artifiziala gastuak murrizteko (marketin kanpainetan, edukiak saltzeko prozesuetan, bikoizketa lanetan, edukien artxiboen kudeaketan). Edo sormen eta salmenta prozesuetan izan ditzakeen onurak azpimarratzen hasi gara: produkzio azkarragoa, edukien kalitatearen optimizazioa. Baita negozio prozesuetan ere: artisten kontratuak sortzeko, prozesu administratiboetan edo hezkuntza-baliabideetako aktibitateetan lana azkartzeko.

Ikus-entzunezkoen sektorea etenaldi labur batean zegoen, batez ere merkatuen eta testuinguru ekonomikoaren itzalean; hazkuntza estrategia gehienak ohi baino arreta handiagoaz zaintzen ari ziren ia gehienak. Orain badirudi adimen artifiziala salbuespen bat izango dela eta etorkizuneko posizionamedua ziurtatzeko inbertsioak egiten hasiko direla hainbat enpresa.

Erresuma Batuko ikus-entzunezkoen erregulatzailean, Interneten eragin kaltegarriak kudeatzeko sailean, lan egiten duen batekin egon nintzen aste honen hasieran. «Ezin diogu merkatuaren eta teknologiaren aldaketen abiadurari jarraitu. Ehun pertsona kontratatu ditugu azken urtean politika eta legedi berriak definitzeko», esan zidan . “UGC” deitutako erabiltzaileak sortutako edukiek hainbat kontsumitzailerengan izan zitzaketen “arriskuak” kontrolatzeko sortu zen talde txiki bat duela hiru urte. Orain, adimen artifizialak beste eremu batera daramatza arrisku horiek, oraindik ere oinarrizko legezko markoa definitzeko dagoenean. «Oinarrizko printzipioak ezarri nahi ditugu, badakigu legegintza beti atzetik joango dela». •