Urtzi URRUTIKOETXEA
Entrevista
Howard PADEN
Txeroki nazioko hizkuntza zuzendaria

«Txerokiera salbatzeko une kritikoan gaude»

AEBetako hizkuntza indigena gehienen antzera, txerokierak ere une larria bizi du: hiztun gutxi geratzen dira, eta zaharrak dira ia guztiak. Galera eragozteko urrats garrantzitsuak ari dira egiten Oklahomako erreserba nagusian, ordea, Howard Padenen gidaritzapean.

(Argazkiak: Urtzi URRUTIKOETXEA)

Ameriketako Estatu Batuetako nazio indigenen artean, txerokiek dute biztanle gehien erroldatuta: ia milioi erdi dira. Horietatik oso gutxik dakite txerokieraz, ordea, eta oso egoera larrian dago hizkuntza. Azken urteotan, hainbat programa abiarazi ditu XIX. mendean Mississippi ibaitik mendebaldera egungo Oklahoma estatura mugiarazi zuten tribuak; murgiltze-eskolak eta helduen irakaskuntza, besteak beste. Horien guztien buru Howard Paden dago. Txerokiera ez zuen etxean jaso, gurasoei ere ez baitzieten transmititu, baina aurkitu zuen non ikasi, komunitatean. Gero, Hego Amerikan zein Ozeanian behatu du nola jokatu duten bertako hizkuntzak biziberritu eta indartzeko, Bolivian, Zeelanda Berrian zein Hawaiin. Duela bost urte, «40 urtetik beherako 40» indigena estatubatuarren artean nabarmendu zuten. Iazko azaroan 20 milioi dolarreko Durbin Feeling Zentroa ireki zuten, Txeroki Nazioaren Erreserbaren erdian, hizkuntza biziberritzeko ekimen guztiak koordinatzeko.

Erroldan biztanle indigena gehien duen nazioa da txerokia. Erreserba handia, kasinoa, milaka langile Txeroki Nazioaren administrazioan lanean... baina hizkuntza egoera larrian dago. Zein egoeratan, zehazki?

465.000 herritar ditugu erroldatuta, eta txerokiera-hiztunak 1.800 inguru dira. Urtero %8 galtzen dugu. Hiztunen batez besteko adina 70 urtekoa da. Beraz, ahalik eta hiztun berri gehien sortzeko prozesuan gaude. Ahalik eta gehien. 100 eta 150 hiztun artean galtzen ditugu urtero eta 24 sortzen ditugu. Bidegurutze batean gaude, eta, beraz, hizkuntza gure lehentasun bihurtu behar dugu, eta herritarrak gure hizkuntza salbatzen jarraitzeko ahalegin kritiko horren atzean jarri. Uste dut Txeroki Nazioa puzzlearen piezak osatzen ari dela; gure administrazioak ulertu du hizkuntza gabe ez dugula triburik.

Noizko espero duzue kopuru hori iraultzea? Hiztun berri horiek murgiltze eredutik datoz nagusiki, ezta? Eskolan, irakaskuntzan jasotzen dute hizkuntza?

Badugu murgiltze eskola bat, badugu haur txikientzat beste eskola bat ere, oraintxe hasi berri dena, eta badugu, helduentzat, irakasle-ikasle (master-apprentice) eredu bat ere. Ordu luzez ikasten dute egunero bi urtez, jatorrizko hiztunekin hitz egiten dute, eta soldata bat dute; horretan zentratuta egon daitezen, hain zuzen. Hizkuntza berriz ere etxera sartzea eta komunitatea eratu nahi dugu. Herriak sortu nahi ditugu. Zazpi herri eraiki nahi ditugu, hizkuntza-herriak, txerokieraz hitz egingo dutenak. Orain dauden adineko hiztunetako batzuk bakar-bakarrik daude, ez daukate hiztunik inguruan, hizkuntza dakiten bakarrak dira herrian beharbada. Beraz, herri horietara joateko esango diegu, eta familia horiek ere mugituko dira. Helburua ez da haiek egitea soilik, baita txerokiera hiztun berriak sorrarazteko erabiltzea ere, hala familiak izango baititugu: gurasoak, irakasle-ikasle programan ikasi dutenak, eta umeak, murgiltze eskolan ikasitakoak. Helburua da familia horiek etxean hizkuntza erabiltzea, gai izatea, haurrak txerokieraz haztea, txerokiera izatea lehen hizkuntza, txerokieraz egitea beti. Horretarako, txerokiera bigarren hizkuntza dutenak ere sortu behar ditugu. Txerokieraren bidetik dator gure jatorrizko filosofiaren zati bat, eta hiztunen bidez eutsi behar diogu horri. Eraikin garrantzitsu bat ireki berri dugu, hiztun belaunaldi berriei tradizio eder hau erabilarazteko, hizkuntza sakratua dela argi izateko eta salbatu beharra dagoela. Kausa horretan buru-belarri inplikatu da gure erreserba.

Eta txerokieraz egiten duten gazteak dituzue berriz ere.

Eskolako graduazio-ospakizuna izan berri dugu. Horretan nabarmena da ez direla soilik graduatzen; orain, familia osoak ditugu berriz ere txerokieraz hitz egiten. 40 urteren ostean, txerokiera bueltan da.

Zein da zure esperientzia pertsonala hizkuntzarekin?

Ez naiz jatorrizko hiztuna, hizkuntza ez nuen etxean jaso. Aita 1929an jaio zen, barnetegi-eskoletan ibili zen (AEBetako Gobernuaren asimilazio-programan) eta erreserbatik kanpo hazi zen; ez zekien hizkuntza. Eskolako hirugarren mailan hasi nintzen ni ikasten. Hainbat beharrizanengatik itzuli ginen; horietako bat, nik hizkuntza ikastea. Institutuan ikasgai izan nuen, adinekoekin ibili nintzen. Bila ibili nintzen eta ez zegoen askorik: hizkuntza-murgilketarik ez zegoen, zeremonietan erabiltzen zen, elizan zerbait, eta kito. Esan bezala, aitak ez zekien, baina inguruan, bere lagunen artean baziren hiztun asko, eta bisitatzera joan ohi ginen. Beraz, ez nuen berez jaso, baina txerokiera hiztun haiek bisitatzen ibili nintzen. Ni ere gaztetan, misiolari ibili nintzen emaztearekin, eta Bolivian Universidad de Idiomas ezagutu genuen. Han espainieraz, kitxuaz eta aimaraz irakasten zuten, eta hori mugarria izan zen emaztearentzat eta biontzat. Bagenekien zein bide hartu. Beraz, handik hamar urtera-edo, geure irakaske-ikasle programa eratu genuen, eta gure sistema tribalean neuk ezagutzen nuenez hura, pozik sartu nintzen horretan.

Nola gertatu zen txerokieraren galera?

Hainbat motibo daude. Hemen ere izan ziren barnetegi-eskolak, txerokieraz mintzatzeagatik zigortu egiten zituzten umeak. Ohiko eskoletan beste horrenbeste; debekatuta zegoen, zigortu egiten zen gure komunitateetan. Gure eskualdean, bestalde, gogor jo zuen narkotrafikoak; metanfetaminak eta horrelakoak banatzen zituzten. Beraz, uste dut, alde batetik, komunitate bezala, trauma bat zegoela; beharbada egoeratik ihes egin edo baretzeko asmoa zegoen edo, agian, utzikeria hutsa izan zen, aurretiazko inongo planik gabe, baina azkenean opioideoen krisiak sakon harrapatu zuen komunitatea. Familia asko zatitu eta apurtu zituen, ume askok adopzioan amaitu zuten, urrun, beste batzuk ostutako umeak izan ziren. Beraz, gauza asko gertatu ziren.

Zein da hizkuntzari eutsi dioten adineko jende horrekin daukazuen harremana? Nola bizi dute berpizteko ahalegina?

Zeelanda Berriko hizkuntza-batzordeburuak gogorarazi zigunez, sentiberatasun handiz jokatu behar zen, hizkuntza erabiltzeko ere baimena izan beharra zegoen. Uste dut hori bera zela hemengo egoera: tabutzat jotzen zen hizkuntza, markatuta zegoen hizkuntzan egitea, lotsarazten zuen zerbait zen, ia sorginkerian ibiltzea bezalakoa zen. Guri burla egiten ziguten hizkuntza ikasten ari ginenean. Komunitatea bera ez zegoen prest, ikasia zeukan ez zela onartzen ingelesa ez zen beste hizkuntzarik. Beraz, hor lan egin behar izan genuen, gure herritarretako askok ere burua janda zeukatelako, barneratuta zeuzkaten Oklahomako estatutik zabaldutako ideia horiek. Eta oraindik ere horrelako oztopo ugari gainditu behar ditugu.

Lotsa, beldurra, iraganeko traumak, umiliazioa... Munduko leku askotan ezagutu ditut antzeko kasuak.

Gogoan dut erosketetan nenbilela, 16 edo 17 urterekin, txerokieraz egin izana bertako hiztun batekin. Berak isilarazten ninduen: «Ez esan horrelakorik, eraman egingo zaituzte, espetxera sartuko zaituzte, min emango dizute, zaurituko zaituzte». Ohartarazten zidaten, publikoki txerokieraz ez egiten saiatzen ziren, eta neuk ere ez eginarazten. Nolabait zigortuko nindutela uste zuten, ia-ia izua zeukaten aurpegian. Ez zuten nahi eurek jasandakoa sufritzerik.

Eta orain, baretu da pentsamolde hori, onartu da berpizteko beharra? Baduzue subiranotasuna, federalki aitortuta.

Jendearen borondatea beharrezkoa da, oso garrantzitsua da. Oraindik ere, baina, badago azpitik diharduen eta guztiz zapaltzen gaituen pentsaera hori. Batzuek uste dute bidegabea dela gure seme-alabei gure hizkuntza irakastea, eskolan okerrago ibiliko direla uste dute edo ez direla unibertsitatera joango. Baina ikusi dituzu nire umeak, osasuntsu koroan kantatzen, txikitatik doaz murgiltze-eskolara, oso nota onak dituzte eta nahi dutena ikasiko dute. Ezin da esan haurren kontrako abusua dela zure hizkuntza ikasaraztea; kontrakoa da, ohorea da.

Ziur nago etorkizunean erakutsiko diozuela jende horri oker daudela. Munduko gainerako lekuetan gertatu den bezala, hizkuntza handia, ingelesa, berdin-berdin jakingo dute, eta horrez gain beste hizkuntza bat, zuen hizkuntza dena gainera.

Bihotz handiagoa izango dutela, barkaberagoak izango direla uste dut, eta hori mundu- ikuskera ere desberdina dugulako da. Txerokieraz mintzatzean, argi duzu zenbaterainokoa den esaten ari zarenaren sakontasuna, jatorria. Ez da buruko ezagutza, bihotzetik dator. Bihotzeko hizkuntza bat da txerokiera. Beste modu batera mintzatuko balitz, nazioarteko bilera batean edo hemen Washingtonen Kongresuan, oso mundu ikuskera desberdina izango genukeela uste dut, munduko arazoei aurre egiteko orduan ere bai. Lurretik datorren zerbait da, amarengan koroatuta dago, eta hori gaur egun ahaztuta dago, ez da onartzen modu humanistikoan ere.

Zuek munduko hainbat lekutan inspirazioa jaso duzuen legez, bazarete Ameriketako Estatu Batuetako beste herri batzuentzat inspirazio?

Hala omen gara. Horrek beldur pixka bat sortzen digu, ondo baitakigu noraino iritsi behar dugun. Maori herriak asko lagundu digu. Baita hawaiiarrek ere. Guk ere beste herri bati laguntzeko ohorea badugu, hala egingo dugu, noski. Badakigu hemen AEBetan 350 hizkuntza egiten zirela. Orain 115 dira, eta 79 inguru galduko omen dira datozen bi hamarkadetan, oso garestia den biziberritze bati ekin ezean. Badakigu hori beste tribu eta herriei irakatsi beharreko zerbait dela. Nazio Batuen Erakundearen Hizkuntza Indigenen Hamarkadaren ekitaldian izan berri gara, mundu osoko beste herri batzuekin batera. Eta guk beste batzuei eta beste batzuek guri laguntzea positiboa da erabat. Hogei urtez ibili bazara irakaskuntza-metodo desberdin baten bila, gainerakoek ez dute zertan bide hori guztia egin.

Hizkuntza handietako hiztunek ezin dute ulertu zer den ume bat gutxitutako hizkuntzan entzutea, askoren ustez desagertuta beharko zukeen hizkuntzan.

Hartzak behiak bezala hitz egiten badu, edo behiak hartzak bezala, oso arraroa da. Katua miauka ibili ostean zaunka entzuten baduzu… Beste katu batzuek ez dute konfiantzarik izango harekin, ezta? Ona da txerokiak txerokieraz entzutea. Freskagarria da erabat, goizeko airea bezala.

Emaitzak dagoeneko ari zarete ikusten?

Daukagun guztia irakaskuntza estandarren arabera egiten da. Ikasgai guztiak gure hizkuntzan, baina estandar horien arabera. Ez estandar federalak, gure tribuak badituelako bere estandarrak. Artea, teknologia, natura, eta gero hurrengo urratsak. Traumaren zati bat inguruko natura eta kulturarekin bat egitetik dator, arbasoekiko loturatik. Telebista edo teknologiara itsatsi eta zure patioan gertatzen dena ez jakitea ere gertatzen da. Horretaz hitz egin dugu. Txerokieraz hitz egiteko gai izan ez den norbait ezagutzera zoazenean, askotan negarrez hasten dira haurrak txerokieraz entzutean. Ingelesa buruko hizkuntza da eta txerokiera, bihotzeko hizkuntza. Hor sakondu behar dugu, txerokiera hiztunekin orduak eman, mentore moduko bat, hizkuntza landuz eta trebatuz.

Aipatu duzu Hizkuntza Indigenen Hamarkada. Zein da AEBetako Gobernuaren jarrera?

AEBetako sail batzuk ari dira laguntzen hizkuntza indigenekin. Jill Biden Lehen Andrea gure eskolara etorri zen 2021eko abenduan. Benetan oso ona da, beren hizkuntzan egiteagatik abusuak jaso dituzten mila lagunekin egon ostean, Lehen Andrearen aldamenean egotea eta hura pozik ikustea gure haurrek txerokieraz egiten dutelako. Balio du gogorarazteko garaiak aldatu direla, ondo dagoela hizkuntza egitea, ez dakarrela arazorik, egin behar dugun zerbait dela. Hori oso lagungarria da. Negozioetako jendea ere hasi da hizkuntzetara itzultzen. Bide luzea dugu, lehen urratsak dira, baina badago hizkuntza indigenak salbatzeko grina. Ez sinestekoa ere iruditzen zaigu langile federalak orain hizkuntzak salbatzeko helburuarekin etortzea, hainbeste hamarkadatan, hainbeste mendez hizkuntza desagerrarazteko asmoz ibili ostean.