06 MAY. 2023 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Sorkuntza delako kulturan esanahia ekoizteko bidea Mikel Zubimendi Aste honetako pieza hau idatzi al dezake bot edo testu bidezko metodoen bitartez modu sinesgarrian simula dezakeen programa informatiko batek? Ez dakit, baina galdera diskurtso publikoan dago. Elkarrizketarako bot-ak eta irudi automatizatuen sorgailuak edonon azaltzen hasi dira. Beren ustezko potentzialaren inguruko azterketak baikorrak dira oso, eredu errealak mugatuak eta akastunak diren arren. Adimen artifizialaren teknologia adoratzen da. Historia sinesgarri bat kontatu behar da bakarrik, txekeak sinatzen dituztenentzat. Bilioiak inbertitu dituzten konpainiek eta konpainia-buruek lanaren etorkizuna dela diote. Idazleak eta artistak ordezkatuko dituztela. Aurreikuspenek teknologiaren oraingo kalitatea gainditzen dutela. Horrek, berez, bizi dugun garai kulturalaz asko esaten du, sortzaileen lana debaluatzeko aspaldiko joeraz. Etorkizuneko promesak efizienteak eta ugariak omen dira. Jada, adimen artifizialak sortutako artikuluekin literatur aldizkariak bonbardatzen dira eta editoreek horrela sortutako artikulu eta ilustrazioak argitaratzen dituzte. Berdin du testuinguru kulturala gaizki ulertzen dutela frogatu bada, edo egia esatea baino sinesgarri izatea lehenesten dutela. Benetako sortzaileen lanen datu multzoak erabiltzen dituzte, plagiatuz. Baina datuon jatorria teknikoki arakatzen uzten ez duten kutxa beltzak dira. Emaitza «onak» lortzeko entrenatzen dituzte. Patroien kointzidentziarako diseinatutako tresnak direnez, emaitza errepikakorrak dituzte, asmamenarena baino parekotasunaren estetika bat. Ez da giro idazle, musikari, ilustratzaile, editore eta artistentzat. Sorkuntzatik bizibidea, ogibidea, soldata, ateratzen dutenentzat. Artea ondasun publikoa dela uste dugunontzat. Algoritmoek sorkuntza kondenatu ahal dute, estilo kaskar eta errepikakorra duen pergamino infinitu izatera, lan originalak sostengatu ezin dituen eredua sortuta. Edukiak merkatu dituzte. Zenbat gehiago jaitsi daiteke artearen balioa? Sortzaileak zertarako duin ordaindu, trukagarriak diren eduki unitateak ekoizteko makinak programatu daitezkeenean? Erantzun bakar eta baimendua emanez, jaso duten informazioaren neurrira mundua uzkurtuz. Baina gure burmuina apartekoa da. Badugu ahalmen miresgarri bat arau multzotik kanpo ideiak interpretatzeko. Sorkuntza prozesuko pauso bakoitza, geldoa, txikia edo aspergarria izan arren, ekintza bat da: existitzen dena baino mundu zabalagoa imajinatzeko. Ez, adimen artifizialaren erabateko kontrola ez da saihetsezina. Guruek eta konpainia-buruek esaten dutena esaten dutela ere. Gidoilariek grebara jo dute AEBetan, babes neurriak eta arautze estandarrak eskatzeko. Aktoreek beren lana simulatzeko erabili nahi den aldiro beraiekin negoziatzea eskatu dute. Kultura egiten duten protesta ekintzak dira: sorkuntza kulturan esanahia sortzeko bidea delako, ez soilik produktu bat edo eduki bat, laguntza sendoa eta finantzaketa merezi duen ezinbesteko praktika bat baino. Kulturan esanahia sortzea ez dagokielako makinei. Eta fabrikatzen dituzten konpainiei ezin zaielako hori kontrolatzen utzi. Bot batenak ez direlako benetan beharrezkoak ditugun ahotsak. • Cada paso en la creación, aunque sea lento, pequeño o aburrido, es un acto: para imaginar el mundo