GAUR8 - mila leiho zabalik
PANTAILA TXIKIAN

Autofikzioa: ahalduntzeko eta salatzeko tresna

Autofikzioa zer den labur azaldu beharko banu, biografiaren eta fikzio hutsaren artean kokatutako istorioa edo narrazioa dela esango nuke. Kirmen Uribek umore apur batez aipatu izan du «egileak bere burua nobelaren barruan sartzen duenean, beste pertsonaia bat bezala, baina egia esan beharrean gezurra esaten duenean». Euskal literaturan Bernardo Atxagaren «Nevadako egunak» (2013) eta aipaturiko Kirmen Uriberen «Bilbao-New York-Bilbao» (2008) dira horren bi adibide. Telesailen munduan ugaritu egin dira azken urteotan autofikzio kontakizunak. Umorearen bidea aukeratzen dute askok eta telesail nahiko kaskarrak izaten dira batzuetan, baina kasu honetan, narratiba mota hau egileari gertatutako zerbait salatzeko, aldarrikapenen bat egiteko eta, batez ere, ahalduntzeko tresna gisa nola erabili den aztertuko dut.

Irudian, Vilapuig ahizpak. (GAUR8)

Horretarako bi (tira hiru, bi ahizpak direlako) izen aukeratu ditut: Michaela Coel (Londres, 1987) eta Vilapuig ahizpak (Bartzelona, Mireia, 1997 eta Joana, 1994). Bereziki interesatzen zaidalako, lehenengo, emakume horiek autofikzioa bozgorailu gisa nola erabili duten ikustea. Eta bigarrenik, emakumearen ahalduntze prozesu barruan, hizkuntza zinematografikoak eskaintzen dituen erremintak nola zukutu eta erabili dituzten aztertzea. Antzekotasun ugari dituzten telesailak eta sortzaileak dira eta ariketa polita iruditu zait alderatzea.

Vilapuig ahizpak eta “Selftape”’

FILMIN

Filminek ekoizturiko telesaila. ‘Selftape’-a aktoreek beren burua grabatzeko modalitate bat da, urrutiko edo atzerriko castingetara aurkezteko, non gidoiko testu edo gidalerro bat jaso, antzeztu eta bideoan grabatzen duten. Horrek casting-zuzendariei aukera ematen die casting presentzial bat antolatzeko beharrik gabe lehen hautaketa bat egiteko.

Joana eta Mireia Vilapuig ahizpek kontzeptu horri zentzu bikoitza eman diote telesail honetan; alde batetik, fikzio istorio bat sortu dutelako, baina erabateko ukitu autobiografikoa duena -alegia, beren bizitzaren selftape edo bideo-erretratu bat egin izan balute bezala-. Eta bestetik, nork bere burua grabatzearen kontzeptu horrekin eta meta-zinemarekin jolastuz, aktore baten ikuspuntutik zinemaren industriak eragiten dituen albo-kalteak azaleratu nahi izan dituztelako. Zeri buruzkoa den azaldu aurretik, testuingurua apur bat kokatu nahi nuke. Nortzuk dira bi ahizpa hauek eta nondik datoz? “Polseres vermelles” 2011. urtean Albert Espinosak eta Pau Freixasek Katalunian sorturiko telesail arrakastatsu eta oso ezaguna izan zen. Pentsa noraino iritsi zen telesaila, ezen Steven Spielberg-ek berak moldaketa bat egiteko eskubideak erosi zituen “Red Band Society” telesaila ekoizteko -nahiko kaskarra, bide batez-.

Ospitale batean girotuta, protagonismoa kasu honetan ez dagokie medikuei, pazienteei baizik; gaixotasun jakin bat duten 8-17 urte bitarteko gazteei, zehazki. Gazte protagonista horien artean Vilapuig ahizpak zeuden. Telesail hori zela eta, arrakasta eta ospea oso goiz ezagutu zuten bi aktoreek eta lorratz hori betiko geratu da beraien bizitzan. Hortik aurrera bakoitzak bere ibilbidea izan du.

“Selftape” urte batzuk geroago dago girotuta -alegia, gaur egun-: Mireia Bartzelonara itzuli da, Oslon aktore gisa telesail batean arrakasta izan ondoren, baina Joana ahizparen harrera hotza da oso. Une horretatik aurrera, sekretuak, gezurrak eta iraganeko traumak azaleratuko dira, eta bi ahizpek beren bizitzako alderdi pertsonal asko birplanteatu beharko dituzte, hala nola, lana, maitasuna, adiskidetasuna edo beren arteko harremana.

30 minutuko sei ataleko fikzio pasarteak artxiboko irudiz lagunduta daude une oro; txikitan etxean grabaturiko bideoak, promozio bideoak, elkarrizketak, castingak eta, jakina, beren selftapeak. Hasieran, narratiboki arraro samarra iruditu zitzaidan baliabide honek kontakizuna aberastu eta zama emozional handiz hornitzen duela uste dut. Sortzaile nagusiak ahizpak izan arren, zuzendari lane tan Barbara Farre katalana aritu da. Erdiko ataletan, gai hau jorratzen duten ikus-entzunezkoetan sarritan ikusi ditudan egoerak erakusten dituzten arren eta apur bat errepikakorra iruditu zaidan arren, amaiera oso askea, beharrezkoa, originala eta apurtzailea dela uste dut. Osotasunarekin geratuko naiz, beraz, eta zinez gomendatu nahi dizuet telesail hau ikustea.

Seriearen alderdirik garrantzitsuena amaierarako utzi nahi dut, autofikzioa izanda ere, mezu oso sendoak zabaltzen baititu. Lehenik, zuzenean hitz egiten du emakume izaeraz eta zinemagintzan hark duen rolaz; aktore gisa emakumeak bere gorputzarekin duen harremana, emakumearen irudiaren erabilera, sexualizazioa, filmaketetan intimitate-koordinatzailearen beharra... Kritika zuzena ere bai, ikus-entzunezko industriari eta hark sortzen dituen jostailu hautsiei: nerabezaroan arrakasta goizegi iristen denean eta horrek sor ditzakeen ondorioak. Lan-prekaritateari buruz ere badihardu, inkomunikazioaz, osasun mentalaz...

Gidoia introspekzio ariketa sakon bat egiteko baliatu dute, estetika intimista batean oinarrituta. Isilunez, begiradaz, keinuz eta elkarrizketaz betetako eszenak eta sekuentziak nagusi dira, oso errealak sentitzen direnak. Aktore lanbidearen B aldea erakusten duen telesail gordina dugu honako hau, oso zintzoa eta beharrezkoa. Ikuspegi femenino eta feminista batetik eraikita dagoena. Distantziak distantzia, jakina, baina “Selftape” ikusten ari nintzela beherago aipatuko dudan Michaela Coel-en “I May Destroy You” etorri zait burura.

Telesaila ikusi osterako, etxeko-lan gehiago ditut zuentzat. Martxoan, Donostiako Crossover jaialdian telesaila aurkeztu zuten bi ahizpek. Proiekzioaren ostean izandako mahai-ingurua ikustea gomendatu nahi dizuet, aberasgarria baita autofikzioaren mugak non kokatzen diren hobeto ulertzeko: https://www.youtube.com/watch?v=ukD8c8N3LT

Michaela Coel eta “I May Destroy You”

HBO MAX

Michaela Coel aktoreak berak jasan zuen sexu eraso batean oinarrituta, ia gogoratzen ez duen baina gertatu zaion bortxaketa baten biktima izateak uzten duen traumari buruzko autofikzio paregabea iruditzen zait. Sexu harremanetan izan beharreko adostasunari eta harreman horien merkantilizazioari buruzko erradiografia aparta. Hain zuzen, kulturaren esparruan, #MeToo mugimenduaren erreferenteetako bat bihurtu da Coel.

Ghaniar jatorriko emakume honek 28 urterekin idatzi eta antzeztu zuen “Chewing Gum” telesail entzutetsua. Londresko areto txikietan sekulako arrakasta izandako bere antzezlan baten egokitzapena da: “Chewing Gum Dreams”. Neurri batean, bere ibilbidea Phoebe Waller-Bridgerenarekin aldera daitekeen arren -gidoilari, zuzendari eta aktore lanak uztartzen dituelako betiere genero ikuspegiari indarra emanda-, Coel “Fleabag”-en sortzailea baino askoz politikoagoa dela uste dut. Sexu-adostasunari eta harremanen merkantilizazioari buruzko erradiografia aparta eraikitzea lortu du bere obra eta hitzaldietan, eta aipatzen ari naizen telesail berezi honetan ere hori bera egin du. Proiektuak eremu oso pertsonaletik eraikitzen dituen pertsona izanik, erraietatik loratzen zaizkion bizipenak helduleku gisa erabiltzen ditu, ikuspuntu errealista eta berritzailea osatzeko. 2018an, “Chewing Gum” telesailean gidoilari gisa lanean ari zela, adibidez, sexu abusuak jasan zituela salatu zuen aktoreak.

Edinburgoko jaialdian eskainitako hitzaldi batean, Coel-ek testuinguruan jarri zituen sexismoa eta ikus-entzunezkoen industriak berezkoa duen arrazakeria. Belarrondoko galanta eman zion autokonplazentzian murgildutako britainiar industriari, baita lankide ohi askori ere. Hori gutxi balitz, gaueko klub batean sexu erasoa jasan ondoren, bizitza aldatu, gertatutakoa onartzeko borrokan bere burua ahalduntzeko bidaia hasi eta hortik sortu zuen “I May Destroy You” telesaila. Bera trauma bat baino askoz gehiago dela erakutsi nahi duen kontakizun desberdin eta iraultzailea.

Zentra gaitezen, beraz, telesailean. Nabarmentzekoa da, lehenik, hasieratik erakusten duen ausardia ikaragarria. Askok polemikotzat edo asaldagarritzat jo dute, ziurrenik gizartea ez dagoelako erabat prestatuta gai horiei buruz hitz egiteko. Harrigarria iruditu zait nola jorratu dituen beharrezkoak diren gai ugari, gizonen zein emakumeen aurkako sexu indarkeria islatzen duten azpitramak txertatuz, esaterako; trauma-osteko sindromearen normalizazioa, gehiago entzuteko beharra duen belaunaldi baten gizarte isla leiala, arrazismoa, transfobia, homofobia, suizidioa, depresioa…

Lehen atala bakarrik ikusten baduzu, telesailak gau hori berrosatzea eta erasoa nork eta nola egin zuen edo benetan gertatu ote zen argitzea bilatzen duela pentsatuko duzu agian. Thriller ukituak izango dituela ere bai. Ahaztu premisa hori, mesedez. Kendu burutik. Tramaren kontzeptua ez baita zuri-beltzen artean mugitzen, grisetan bazik. «Bizitza betiko hondatu zidan sexu erasoa» baino askoz gehiago oihukatzen ari delako telesaila; izan ere, ez da draman bakarrik zentratzen, protagonistaren umorean eta, batez ere, trauma osteko estresaren nahasmenduan baizik. Bizitzaz dihardu, baina bizi dugun errealitate berriaren betaurrekoetatik, sare sozialak eta sexua bazterrean utzi gabe. Telesaila, gainera, ez da abusu bakar batean zentratzen. Helburua ez da soilik errudunak seinalatzea, halakoak jasaten dituzten pertsonen sentimenduak ikusleari ulertarazten saiatzea baizik. Pertsonaiek ñabardura ugari dituzte, bat ere ez da perfektua eta denek gauza kritikagarriak egiten dituzte, noski.

Umore ukituak izateak ere apur bat nahastu egiten gaitu hasieran, baita deseroso sentiarazi ere. Drama txertatzen den unean, zer gertatzen ari den oso ondo jakin gabe sartzen gara Coel-en mundu berezian. Batzuetan, umore makabro eta zorrotza du. Beste batzuetan bizitzaren aldeko aldarriak jaurtitzen ditu. Eta gu, ikusle gisa, deseroso sentiarazten gaitu. Izan ere, telesaila deserosoa da, baina zuzenean begiratzen digu begietara eta zerk gogaitzen gaituen galdetzen digu, zenbateraino babesten ditugun pertsonaien posizioak eta zer egingo genukeen guk une jakin horretan. Sexu hezkuntzari buruzko klaseetan jarri beharko litzatekeela iruditzen zait. Deserosoa eta gogorra izan arren, beharrezkoa da bertan planteatzen zaizkigun gaiei heltzea eta gogoeta sakona egitea. Zergatik ez?