13 MAY. 2023 ISRAELEN NORAEZA Estatua eratu zenetik zatiketa gero eta handiagoa da, baita juduen artean ere Estatu moduan eratu zenetik bekatua du Israelek: palestinarren lurraldean eta haien bizkar gainean sortu izana. Dena den, 75 urte hauetan, gero eta handiagoa da barne zatiketa, politikoa, etnikoa eta ekonomikoa. Ekialde Hurbileko «demokrazia bakarraren» eta haren hazkunde ekonomikoaren azpian noraeza da nagusi. Netanyahuren erreforma nazionalaren aurkako protesta Tel Aviven. (Ahmad GHARABL | AFP) Dabid Lazkanoiturburu Israelgo gizarteak aldaketa handiak izan ditu 75 urteko ibilbide zalapartatsuan, eta gaur egun ez daki nola aurre egin gero eta zatiketa hauskorragoaren erronkari. Kibbutz mugimenduaren desagerpenak irudikatzen du, ezerk baino hobeto, norabide hori. 1948ko maiatzaren 14an Israelgo Estatua jaio zenean, sortzaileetako batzuek kibbutzak -herrixka kolektibistak- zabaldu zituzten arabiar herrialdeekiko mugetan, bi helbururekin: alde batetik herrialdea defendatzea, eta bestetik, nolabaiteko gizarte sozialista eratzea, jatorrizko sionismoari jarraiki. Hasieratik gutxiengo batek bere egiten zuen mugimendua izanik ere -garai oparoenean ere juduen %7,5 bizi zen halako nekazaritza eremuetan-, Israelen eraikitze-prozesuaren sinbolo handi bilakatu zen. Yiron kibuttza 1949an sortu zen, Libanorekiko mugatik kilometro gutxira, Israel-Arabiar Gerran (1948-1949) juduek suntsitutako herri palestinar baten hondakinen gainean. Bertan jaio ziren haurrek 70 urte inguru dituzte eta nostalgiaz oroitzen dute garai hura. Egun Yironek nekazaritza eta teknologia arloko enpresa bat hartzen du, gela amankomunak desagertu egin dira, eta apartamentuak sortu. 1980ko hamarkadako krisi ekonomikoak eta Sobietar Batasunaren komunismoaren gainbeherak eredu kooperatiboa zalantzan jartzen lagundu zuten eta balio indibidualistak eta familiarrak indartu zituzten. Bide batez, presio demografikoak ere eragin zuzena izan zuen kibuttzen eraldaketa liberalean. 75 urtetan, Israelgo populazioa planetakoa baino azkarrago hazi da. Gaur egun 9,7 milioi biztanle baino gehiago ditu; horietatik, 7,1 milioi juduak dira (guztien %73,5) eta 2 milioi, arabiarrak (%21). Gainerakoak, batez ere, juduak ez diren etorkinak dira. Munduko hainbat tokitatik etorritako juduen immigrazioak eragindako eztanda demografikoak - Sobietar Batasun ohiak 1990eko hamarkadaren bueltan egindako ekarpen masiboarekin- eta ugalkortasun tasa altuak ere Israelgo gizartearen aldaketa sakonak azaltzen dituzte. Armada identitate nazionalaren integrazio eta eraikuntza faktorea da, baina populazioaren zati handi batek ez du soldaduska egiten (judu ultraortodoxo ia guztiak, esaterako- biztanleriaren % 12- eta gutxiengo arabiarra). Lau «tribu» Reuven Rivlin presidente ohiak Israelgo gizartea osatzen zuten lau “tribuak” identifikatu zituen 2015ean. Eta esan zuenez, hiru tribu juduek -laikoak, erlijioso nazionalistak eta ultraortodoxoak- eta tribu arabiarrak ezin dute elkar ikusi ere egin; ez dira hiri berberetan bizi, ez dituzte egunkari berak irakurtzen, ez dira eskola beretara joaten. Rivlinek sailkatzen dituen “tribuen” baitan ere elkar ulertze falta nabaria da: judu sefardi eta ashkenazien artean, etorkin berri eta ‘sabren’ (Israelen jaioak) artean, eta, arabiar aldean, musulman, kristau eta druzoen artean. Mugimendu sionistaren sortzaileen jaioterri izan ziren Europa erdialdeko eta ekialdeko herrialdeetako ashkenaziek urte luzez aginte politiko, judizial eta ekonomikoa izan dute Israelen. 1950 eta 1960ko hamarkadetan, Irakeko, Yemengo eta Magrebeko juduak (hebreeraz ‘mizrahim’ deituak) Israelera iritsi ziren eta hiri berrietan bizitzen hasi ziren. Alderdi Laboristak, 1977. urtera arte Israelgo politikaren jaun eta jabe izandakoak, erabat mespretxatu zituen «etorkin» haiek. Askhenaziek behera Egun elite ashkenaziarra demografikoki zaharkituta dago, jada ez da hautesleriaren ordezkari, eta gizartean gora egiteko grina duten mizrahimek ez dute haren zilegitasun historikoa onartzen. Bide batez, iritzi publikoa eskuinera lerratzen ari da azken urteotan; besteak beste, bake prozesuaren porrotak eta palestinarren erantzun suizidek bultzatuta. Beste arrazoi bat ere bada: eskuin erlijiosoak dozenaka urtez Hezkuntza Ministerioa bere egin izanak belaunaldi gazteengan identitate politiko berriak finkatzeko orduan izan duen eragina. David Ben-Gurion lehen ministroa, Estatu israeldarraren sorreraren berri ematen, Juduen Nazio Kontseiluaren aurrean, eta Theodor Herzl sionismoaren sortzailearen irudia gainean duela (AFP). Urtarriletik hona, Israelek bere historian ezagutu duen gobernurik eskuindarrenetakoak justizia erreformatzeko bultzatu duen proiektuak inoiz baino zatiketa handiagoa eragin du gizartean. Gobernuak Auzitegi Gorenaren eskumenak murriztea beharrezkotzat jotzen du, hiru botereak berrorekatzeko bidean; aitzitik, Israelgo demokraziarentzako mehatxu gisa ikusten dute aurkakoek, eta horrexegatik inoizko herri-mugimendu handienetako bat sortu dute. Bertako analistek diotenez, mugimendu horrek Israelgo gizartearen muturreko zatiketaren aurka egiten du, justizia, etika eta berdintasunaren zentzuan balio demokratikoei atxikita dago eta Israelen sustrai sozialistekiko nolabaiteko nostalgia adierazten du. Baina arestian aipatutako oinarrizko bekatua saihesten dute. Hau da, mugimendu horrek gutxiengo arabiarra albo batera uzten du. Israelen bizi diren edo irauten duten palestinarrentzat demokrazia hitz ustela baino ez da. Hor daude azken garaian demokraziaren eta herritarren arteko berdintasunaren kontzeptua urratu duten eta palestinarrekiko apartheida inposatu duten legeak; kasu gordinena 2018an Israel «herri juduaren nazio-estatu» gisa definitu zuena da. Aditu israeldarrek beste arazo batzuk ere aipatzen dituzte: klientelismoa eta gizarte barruan taldeen arteko lehia bortitza eragiten duen proportzionaltasun integralean oinarritutako hauteskunde sistema, kasu. Eta arazoaren oinarrian Estatuaren egitura bera dagoela diote. Horrela, beraz, eta konstituziorik ez dagoela kontuan hartuta, irtenbidea herrialdearen nortasuna israeldar gisa definitzetik etor daitekeela diote. Eta palestinarrak, non? Desberdintasun sozialak ere gora Ez da, ordea, jatorrizko zatiketarena Israelek bizi duen arazo larri bakarra. Klase sozialen inguruan ere gizartea oso zatitua dago, herrialdea munduko ekonomia oparoenen artean dagoen arren, eta nekazaritzatik hasi eta puntako tekniketaraino, negozio arrakastatsu ugari dituen arren. Israel «start-up naziotzat» jotzen da, eta 14. postuan dago herrialdeen 2022ko sailkapenean, biztanleko Barne produktu Gordinaren (BPG) arabera, eta Europako lehen lau ekonomien aurretik (Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia), Nazioarteko Diru Funtsak dioenez. Baina Israelgo pobreziaren aurkako eta elikagaien laguntzarako GKE nagusia den Lateteko lehendakari Gilles Darmonen hitzetan, «’start-up nation’ gainetik ‘soup kitchen’ (herri zopa) nation ere badago». Alde batetik, Tel Aviv hiriburua eta bere ‘high-tech’-a dago, oparotasunari dagokionez munduko hiririk aberatsenetarikoa. Baina, bestetik, 312.000 familiak baino gehiagok (familien %9,7) elikadura segurtasun falta larria dute. Hazkunde ekonomikoa %6,5ekoa izan da 2022. urtean, 2021eko %8,6tik behera, baina Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko (ELGA) herrialdeen batez bestekoa (%2,8) baino askoz ere handiagoa. Inflazioa nahiko kontrolatuta dago, baita aurrekontu-defizita ere. Hagannah judu talde armatuaren lubakia, Jaffa herrian (AFP). Zibersegurtasunean eta bioteknologia eta nekazaritzaren berrikuntzan punta-puntan da, eta azken horretan 60ko hamarkadan hasi zen Negeveko basamortuan ureztatze teknologiak garatzen, nazioartearen inbidiarako. Armagintza, nola ez bada, Israelgo ekonomiaren euskarrietako bat da. Baina herrialdearen erdiguneko kostaldeko hirien inguruan hedatu den arrakasta hori alde batera utzita, errealitatea beste bat da. Shimshonen, kostaldeko Ashkelon hiriko hegoaldeko auzoan, hormigoi zaharkitudun eraikinetako barra luzeak daude bata bestearen atzetik. 1950eko hamarkadaren amaieran presaka eraiki zituzten, immigrazio masiboari aurre egiteko, batez ere Afrika iparraldetik zetorrenari. Gaur egun Etiopiatik eta Errusiatik etorritako etorkinak bizi dira. Eta ordutik hona inoiz ez dira etxebizitza horiek birgaituak izan. Jana edo botikak Etxe-aurrealde horixkak lehortzen ari diren arropez josita daude, balkoi txiki beltzetatik zintzilik, eta paper koipetsuz beteta daude atzeko patioak. «Denok gaude kinka larrian. Auzo osoa! Laguntza publikoaren dirulaguntzekin nekez iraun ahal da bizirik», dio Esther Benhamouk, 73 urteko erretiratuak, bere apartamenturainoko eskailerak nekez igotzen dituen bitartean. «Aukeratu egin behar dut: botikak edo jana erosi», salatu du ia altzaririk ez duen bere egongelan. Biztanleriaren (9,7 milioi) %27 baino gehiago pobrezian bizi da, Latet elkarteak 2022. urtearen amaieran argitaratutako zenbakien arabera. Israelek ELGAko hirugarren pobrezia-tasarik altuena du, Costa Ricaren eta Bulgariaren atzetik, eta soilik Mexikoren edo Turkiaren aurretik. «30 urte pasatxoan, munduko gizarte berdinzaleenetako bat izatetik (...) gizarte oso berdingabe eta indibidualista izatera pasatu gara», dio Darmon jaunak: «Estatuak utzi egin dio bere eginkizuna bermatzeari, merkatuaren ondorioak arintzeari eta aberastasunak birbanatzeari», salatu du. Ongintzako erakunde asko behartsuenen beharrei aurre egiten saiatzen ari dira, hala nola Kiryat Malakhin, Israel hegoaldeko hiri txiki batean, non Nikol Jibrilek, 72 urtekoak, janaria banatzen duen behartsuenen artean duela 30 urtetik. «Familia bati laguntzen diozunean, beste bat dator. Hori ez da inoiz amaitzen. Egoera okertzen ari da etengabe», kexu da. 75 URTE, 10 GAKO ETA HAMAIKA GERRA 1948: Independentzia. Maiatzaren 14an, David Ben Gurionek Israelgo estatuaren independentzia aldarrikatu zuen, britainiarren 28 urteko agintaldiaren ondoren. Arabiarren aurkako lehen gerra hasi zen ondoren, Nakba (ikus 4, 5, 6 orrialdeak). 1967: Sei Egunetako Gerra. Israelek Ekialdeko Jerusalem, Zisjordania, Gaza, Golango goi-ordokia eta Sinai penintsula bereganatu zituen. 1973: Yom Kippur Gerra 1978: Bakea Egiptorekin 1982: Libanoko inbasioa 1993: Osloko Akordioak 1995: Rabinen magnizidioa 2000: Bigarren Intifada 2005: Gazatik erretiratzea 2009: Benjamin Netanyahuren itzulera. Lehen ministroak Israelgo azken hamabost urteotako politika erabat baldintzatu du. Palestinarren aurkako apartheida ahaztu gabe, gero eta nabariagoak dira juduen arteko aldeak: sefardi eta ashkenaziak, etorkin berriak eta sabrak (Israelen jaioak), mizrahimak... «30 urte pasatxoan, munduko gizarte berdinzaleenetako bat izatetik (...) gizarte oso berdingabe eta indibidualista izatera pasatu gara»