GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Pepe Mujica eta gu


Hari ikusezin bat sumatzen dut Pepe Mujica eta Euskal Herriaren artean, elkarrekiko miresmen eta maitasunarena, baina aldi berean elkar ulertzeko nolabaiteko zailtasuna ere bai. Duela zortzi urte egindako bisitan zertxobait desesoro agertu zen gerrillari eta presidente ohia; beharbada gehiegizkotzat zuen egiten zitzaion oihartzun mediatikoa, edo astuna, batetik besterako joan-etorria (muxikarrak al ziren bere arbasoak? Beasaindarrak? Donostiarrak?), edo agian arrotz sentitzen zuen gure “lehen mundua” eta Montevideoko “chacra”ra itzultzeko irrikan zen, ez besterik.

Baina kontrako norabidean ere horrelako nahi eta ezina irudikatzen dut: Mujicaren esanak eta eginak gogoz irensten ditugu Youtubetik, zine pantailetatik edo joan den asteko Naiz Guneko emanalditik, baina ez dakit egunerokoan arrasto handiegirik uzten duten. Eta Mujicaren ereduak ez du zalerik behar, eragileak baizik. Ez da izar bat, ipar-orratz moral eta politiko bat baizik.

“Semillas al viento” liburuaren aurkezpenaz Maddi Txintxurretak orriotan idatzitako kronikatik bost esaldi hartzeko ariketa argigarria izan daiteke, belaunaldi eta kontinenteak zeharkatzen dituzten ideiak direlako, iragan eta etorkizunaren arteko zubiak. Uruguaiko aiton batek esandakoak, baina Euskal Herriko gazteentzat ere erabat baliagarriak, egoki ulertu ezkero.

«Borrokalari belaunaldi baten funtzioa hurrengoak bera abantailaz ordezkatzea ere bada». Bi zentzutan har daiteke esaldia, bi galderatan. Baga, lekukoa pasatzeko tenorean, Mujicaren garaikideek baina Euskal Herri hobea hartuko al dute? Zaila zait erantzuna. Biga, borrokan aurrera segitzeko tresna aurreratuagoak dituzte? Seguru baietz.

«Mundua aldatuko genuela uste genuen, baina ibiltzen segitu behar da; behin betiko garaipenik ez dago». E egunaren O ordurik ez zela izango 90eko hamarkadan barneratu zuen ezker abertzaleak. Geroago, edozein aurrerapauso indar harremanaren bidez baino ez zela lortuko eta sendotuko ere bai. «Pazientzia estrategikoa» izan zen ondorioa, baina, Mujicari kasu berriz, ibiltzeari utzi gabe betiere.

«Ehun lortu nahi genituen eta hogei izan ziren, baina aurrerapenak biltzen goaz». «Dena ala ezer ez» tentazio erraza izan da beti, baina dena abiadura jasanezinean doan garaian are ohikoagoa da perspektiba galtzea. Eskubide mailan, bereziki gizarte arlo askotan egindako urratsak balioan jarri gabe, etsipena baino ez hedatzen. Eta edozein kasutan, ehunekoa batzeko, lehenik hogeiko uzta egin behar da.

«Aldaketa kultural izugarria behar da; zer erronka, zuena!», gazteei esana. Eta hala da: teknologiek puztutako indibidualizazioa dela, inteligentzia artifizialaren mamutzarra dela, klima aldaketa dela, ultraeskuinaren gorakada dela, bata bestearekin kateatzen diren krisialdiak direla, eskala handian pentsatu eta aritzeko beharra dago, ez dago besterik, txikikeriak eta norberekeriak alboratuz. Inertziak ere bai.

«Borroka betiko da, kausarik gabe bizitzea ez baita bizitzea». Euskal Herrian apaltzen joan den uste hau indartzera etorri da Pepe Mujicaren lekukotasuna. Berak haragitua, gainera: izan ere, ba al da berea baino bizitza oparoagoa?

Kontzientziaren ahotsa izan da berriz berea, aldi berean enpatikoa eta ulerkorra (eta ulerterraza), itogarri suertatzen ez dena. Pantailaren bestaldean ez dut Mujica oraingoan hain deseroso sumatu. Eta gu, eroso hartu al ditugu Peperen irakaspenak? •