GAUR8 - mila leiho zabalik
ANTIGUAKO TXAPELKETA

Donostiako pilota torneo berezi eta ospetsuak 75. ekitaldia beteko du aurten

Antiguako Pilota Txapelketa ezaguna 75. urteurrena ospatzen ari da. Sortu zenetik urte gehiago igaro diren arren, abuztuan 75. ekitaldia jokatuko da eta Antiguako Pilotazaleok elkarte antolatzaileak ekitaldi zerrenda oparoa antolatu du. Txapelketa ederki ezagutzen duen Jesus Mari Rubiorekin izan gara.

Ioritz Arrieta hernaniarra, 2014ko finalean, zabaletik pilota bat eramaten. (Gorka RUBIO | FOKU)

Antiguako Pilota Txapelketa 1943an sortu zen auzoko pilotazale batzuen eskutik. Antza denez, Sukia kalean zegoen Carmenolo tabernaren jabea, Manolo Amador, oso pilotazalea zen, bertan biltzen ziren zenbait bezero bezala. «Jose Mari Salsamendi, Teodoro Muelas, Sixto Santesteban, Cesareo Fernandez, Ignacio Goikoetxea, Angel Aldasoro eta Albizu abizeneko beste pilotazale bat izan ziren aurreneko edizio hura antolatu zutenak», gogoratu du Jesus Mari Rubiok, antolatzaile taldeko presidente beteranoak.

«Finalisten izenak ikusita, badirudi auzoko pilotariek jokatu zutela lehen edizio hura. De la Maza, Matias Izagirre... Horiek auzoko pilotariak ziren, nik gerora ezagutu ditudalako diot, jada adin bat zutenean», gehitu du Rubiok. Eta lehen urteetan txapelketa bi urtetik behin jokatzen zela gaineratu du: «1943an bai, 1944an ez; 1945ean bai, 1946an ez... Horren zergatia ez dakit ziur, baina komentatzen da Buruz Buruko Txapelketak orduan erabiltzen zuen sistema kopiatu nahi zutela, orduan hura ere bi urtetik behin jokatzen zelako».

1949tik aurrera, ordea, urtero jokatzen hasi zen eta bost aldiz bakarrik geratu da jokatu gabe: 1954an, 1958an, 1974an, 1992an eta 1993an. «Torneoa, batez ere, binaka jokatu izan da, baina urte batzuetan banakako txapelketa ere antolatu zen. Historikoki Lehen Mailan eta Bigarren Mailan jokatzen zen txapelketa. Gero jubenil maila gehitu zen, eta 1990eko hamarkadatik aurrera mailak ofizializatu egin ziren. Gaur egun antzeko jarraitzen dugu: ‘Elite’ maila dago, alde batetik, eta ‘Promesas’ esaten dioguna, bestetik, non jubenil onenek ere jokatzen duten», dio Rubiok.

Parte-hartzeari dagokionez, azken aldaketa aipagarria emakumezkoen agerpena izan zen. «2017an, emakumezkoen txapelketa abiatu genuen. Edizio bat, bigarrena, binaka jokatu zuten, baina besteetan banaka aritu izan dira. Hori aurten aldatuko da, berriz binaka jokatzera igaroko direlako. Gero eta emakume gehiago dabiltza pilotan, maila asko igo da eta lehiaketa ederra antolatu daiteke binaka ere».

Pilotaleku berezia

Antiguako Txapelketa berezi egiten duen ezaugarrietako bat pilotalekua da. Auzoaren bihotz-bihotzean dagoen frontoia da, urtean zehar edonorentzat irekia, motza eta sabai oso baxukoa. Horrek asko baldintzatzen du bertan egiten den jokoa, baina xarma berezia ere ematen dio.

«Lehen, frontisa bakarrik zeukan. Iparraldeko plaza libreen modukoa, baina forma berezirik gabe, errektangularra. Eta zorua lurrezkoa zen. Alboan bolatoki bat zegoen, urte askoan bertan iraun zuena. Eta gero aldatzen joan zen: ezker pareta eraiki zen; lurra zementuzkoa jarri zen; hiru bat alturako harmaila txiki bat egin zen; 1995. aldera frontoia estali egin zen; atera eta gorde egiten den harmaila bat gehitu zen, oraindik erabiltzen dena...», aipatu ditu Rubiok frontoiak urteotan izandako eraldaketak.

Jesus Mari Rubio, horren ongi ezagutzen duen Antiguako pilotalekuan (Gorka RUBIO / FOKU)

Aurki beste bat ere etorriko omen da: «Aurtengo torneoa amaitzen denean harmaila zaharra bota eta berria eraikiko da. Udalak auzoei proiektuak proposatzeko egiten dien deialdian atera zen ideia, eta bozkatuena izan zen. Harmaila berria metalikoa izango da, egurrezko eserlekuekin. Pilotalekua egungo segurtasun arauetara moldatzeko aukera emango digu, nahiz eta edukiera murriztuko den apur bat».

Eta pasadizoak kontatzen hasita, Rubiok frontoia estali aurretik euriarekin izaten zituzten komeriak gogoratu ditu. «Euriak beti sortu izan dizkigu buruhausteak. Askotan gertatu izan zaigu jaialdi baten erdian euria hastea eta partidak beste frontoi batean amaitu behar izatea. Torneoaren martxa jarraitzeko egiten genuen, atzerapenak ez pilatzeko. Traste guztiak hartu eta Añorgako frontoira joaten ginen. Lehenik, pilotariak eramaten genituen eskura genituen autoak erabiliz. Eta ondoren zaleren batek gurekin etorri nahi bazuen, hura ere eramaten genuen ahal zen heinean».

Beste anekdota kurioso bat ere oroitu du: «Finaletako egun bateko anekdota polit bat ere badago. Urtero final egunean bazkaria egiten dugu Iztingorra elkartean: pilotariak, babesleak, antolatzaileak... Bada, bigarren finala jokatzen ari zela euria hasi zuen, eta erabaki zen bazkaltzera joatea eta partida bazkalondoan jarraitzea».

Sabaia jarri zenean amaitu ziren arazo haiek. «Esan behar da sabaia bildu egiten dela, ireki eta itxi egin daiteke. Aurreneko urteetan hala egiten genuen. Eguraldi ona bazen, irekita jokatzen zen eta euria edo euri arriskua bazegoen, itxi egiten zen. Kontua da urteekin arazoak ematen hasi zela. Batzuetan irekitzen genuen eta gero itxi ezinik ibiltzen ginen. Eta horregatik erabaki zen itxita uztea betiko».

Pilotari onenak giro beroan

Txapelketaren beste ezaugarri nagusietako bat betidanik izan duen kirol maila da. Afizionatu eta gazte mailetako pilotari onenek hartu izan dute parte bertan. «Gaur egun, esango nuke Aspe eta Baiko enpresetako pilotarien %99 hemendik pasatutakoa dela. Errioxarrak ere bai. Gogoratzen dudan izar bakarra, hemendik pasatu gabea, Titin da, baina uste dut bakarra dela. Olaizolatarrak, Barriola, Unanue, Koka... denak hemendik igarotakoak dira. Gu oso eskertuta gaude pilotariei. Atzelari jotzaileen kasuan, adibidez, hemen ezin dute asko luzitu, pilota oso motelak erabiltzen ditugulako. Frontoi motza da, sabaia oso baxu dago... Baina uste dut torneoari balioa ematen diotela», eskertu du Rubiok.

Aimar Olaizola eta Abel Barriola, Antiguan, bikote osatuta (ANTIGUAKO PILOTAZALEOK)

Ez omen da azken urteetako kontua. Lehen ere Antiguako Txapelketak ospe handia zuen, nahiz eta pilota mundua oso desberdina zen garai hartan. «Ni gogoratzen naizenetik, pilotari onenek Antiguan jokatu nahi izan dute. Are gehiago, garai batean oso arraroa egiten zen pilotari bat profesionaletara igotzea lehenago Antiguako torneoa irabazi gabe. Noski, orain oso desberdina da, pilotariak oso gazterik igarotzen direlako profesionaletara, 18 edo 19 urterekin askotan. Baina lehen ez zen horrela izaten; afizionatu mailan asko erakutsi behar zenuen profesional bilakatzeko, urtean bat igoko zen asko jota. 1950eko hamarkadaz ari naiz, eta pilotari batek Antiguako torneoa ez bazuen irabazi pentsatzen zen ez zuela behar adina erakutsi gora egiteko».

2013an hiru txapeldun handiri egindako omenaldia: Julian Retegi, Miguel Gallastegi eta Ruben Beloki (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Txapelketak pilotarien aldetik duen estimua oso lotuta dago bertan bizi den giro beroarekin. «Harmaila beti beteta egoten da eta zaleek pìlotaria oso gertu sentitzen dute. Jendearen komentarioak ere entzun egiten dituzte. Alderantziz ere bai: ikusleak pilotaria oso gertu ikusten du, arnasestuak ere entzuten ditu. Hori oso gustagarria da. Egia da frontoi hau txikia dela eta ez dela zaila betetzea, baina handia hutsik baino ederragoa da txikia beteta».

Bilakaeraren testigu

Jesus Mari Rubio 1936ko urtarrilaren 15ean jaio zen, 87 urte ditu, eta gertu-gertutik bizi izan du txapelketaren bilakaera. «Nire lehen oroitzapenak 17 edo 18 urte nituenekoak dira, 1954-1955 ingurukoak. Nire eginkizuna emaitzak eta ondorengo partidak egunkarietako egoitzetara eramatea izaten zen. Orduan hiru egunkari nagusi zeuden hemen inguruan: El Diario Vasco, La Voz de España eta Unidad».

Hortik abiatuta, eta parentesi pare bat kenduta, ia bizitza osoa eman du txapelketaren antolakuntzan. «Lehenik, 1971-1972 urte inguruan itzuli nintzen. Jendea falta zutela entzun nuen eta astia neukanez, neure burua eskaini nuen. Gainera, urte haietan Jakintza Ikastolaren zuzendaritza batzordean egotea tokatu zitzaidan, eta garai hartan ikastolak hartua zuen torneoaren ardura. Horregatik urte haietan bi batzordeetan egon nintzen. 1970-1971 urteetatik 1986-1987 urte bitarte izango zen».

Azken zikloa 1996an hasi zuen Rubiok. «1992. eta 1993. urteetan ez zen torneorik jokatu, antolatzaileek ez zutelako diru nahikorik lortzen. Eta 1994an, Patxi Sansinenea eta Tomas Ezeiza izan ziren torneoa berriz ere martxan jarri zutenak. Antolakuntza modua aldatu egin zuten, gaur egun Antiguako Pilotazaleok izena duen elkartea sortuta. Pilota torneoa aurrera eramateko bereziki sortutako erakundea da, eta auzoko talde eta elkarte ezagunenek hartzen dute parte bertan. Iztingorra, Basoetxea, Sansustene, futboleko Antiguoko, Antiguotarrak, Txirain, Izurun... Denek dute ordezkaritza batzordean. Eta horrela jarraitu du 1994tik gaur arte. Ni 1996an batu nintzen, Patxik deitu zidalako», gogoratu du.

Aurrera begira, osasuntsu ikusten du txapelketa, nahiz eta berak lekukoa hartuko dion norbait aurkitu nahi duen. «Gure taldean oso jende langile eta jatorra daukagu, hiru gazte eta jubilatu asko, edozertan laguntzeko prest daudenak, baina ez dute arduradun nagusi izan nahi; elkarteko lehendakari izateko inongo asmorik ez dute, adibidez. Ez da normala nire adinarekin kirol elkarte baten buru egotea; jubilatu elkarte batean, agian, bai, baina kirolean...», esan digu txantxetan.

Finalen egunean presoen alde egiten den ekitaldia (Idoia ZABALETA / FOKU)

EKITALDI UGARI HILABETEOTAN

Urteurrena ospatzeko ekitaldiak maiatzaren 4an hasi ziren Musikene kantu kontzertuarekin: Antiguako San Sebastian elizan Saioa Goñi eta Carolina Luquin sopranoak, Jon Imanol Etxabe baritonoa eta Alaitz Artola pianista elkartu ziren. Asteazkenean, Basoetxea elkartean, Joxemari Iriondoren "Pilota eta bertsoak" liburuaren aurkezpena egin zuten, hiru bertsolariren saioak lagunduta: Amaia Agirre, Anjel Mari Peñagarikano eta Xabier Euzkitze.

Argazki erakusketa bat ere antolatu dute, bi zatitan banatuta. Batetik, Lugaritz kultur etxean Dabid Argindar argazkilariaren lana egongo da ikusgai, “Pilota zuri-beltzean” izenburupean. Erabat zehaztu gabe dagoen arren, maiatza amaitu aurretik irekiko da eta astelehenetik ostiralera bisitatu ahal izango da 16.00etatik 20.30era. Bestetik, abuztuan, frontoi alboko merkatu zaharrean, bi argazki bilduma erakutsiko dituzte: Dabid Argindar beraren beste lan sorta bat, “Paretaren mintzoa” izenekoa, eta Foto Mikiren argazkiekin osatutako “Pilota Antigua auzoan”.

Abuzturako, torneoa jokatzen den hilabeterako, beste ekitaldi batzuk ere antolatu dituzte. Adibidez, Antiguako torneotik pasatutako profesional ohien arteko partida bat, Ekaitz Saralegi-Peio Martinez de Eulate eta Oinatz Bengoetxea-Juantxo Koka bikoteekin. Torneoa abuztuaren 8an hasiko da eta finalak irailaren 2an jokatuko dira.