Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
OHIKOA BERRIRAKURRI

«Leer la vida/ Bizitza irakurri» antologia argitaratu berri du Gerardo Markuletak

Bere lan poetikoaren hautaketa bat gaztelaniara itzuli eta argitaratu berri du Gerardo Markuletak : «Leer la vida/ Bizitza irakurri». Haren poesia euskaraz irakurri ezin izan duenak gaztelaniaz irakurtzeko aukera du orain; gainera, euskaraz ere badago irakurgai antologia hori Zaragozako Olifante argitaletxeak plazaratutako edizioan.

Gerardo Markuleta, Jean Echenozen «Isil mandataria», berak itzulitako liburua, eskuan.
Gerardo Markuleta, Jean Echenozen «Isil mandataria», berak itzulitako liburua, eskuan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Sei poema liburu zituen argitaratuta Gerardo Markuleta oñatiar-gasteiztarrak oraintsu arte; beraz, ez zuen eskarmenturik falta genero horretako zazpigarrena argitaratzerako. “Leer la vida/ Bizitza irakurri” haren poesiaren antologia da, “Larrosak, noizean behin” (1990) ‘Jon Iriberri’ ezizenez sinatu zuenak zabaldu eta “Denbora bere lekura” (2015) lanak itxi zuen poesialdiko aukeraketa. Jon Iriberri ezezagun haren ezohiko poemak Markuletaren poesia heldua bihurtuta. Ezagunak dira haren zenbait poema, halaber, Jabier Muguruzaren eta Mikel Urdangarinen ahotsetan.

Pozik ageri da Markuleta Zaragozako Olifante argitaletxeak kaleratu dion lan honekin, ez baitzion eragozpenik jarri bere olerkien itzulpenarekin batera poemak jatorrizko hizkuntzan ere argitaratzeko eta, oro har, argitaletxe horretan jasotako tratuagatik.

Hurbilekoaren behaketa

Egunerokoa, ohiko gatazkak eta egoerak dakartza Markuletak bere poemen hizpidera, eta hurbilekoaren behaketa horri erreparatu dio Angel Erro idazle eta halaber poetak ere Markuletaren antologiari egin dion sarreran. Dioenez, urregilearen irudia gogoratu zitzaion xehetasunik txikienari eskainitako poesia delako, hurbilekoaren behaketa zehatzari, ia ezin sumatuzkoa denari. «Badira poetak ekaitzari gure ordez begiratzeko prest daudenak, eta ongi dago hala izatea. Gerardo Markuletak, aldiz, jakina den horretan ezohikoa aurkitu nahiago du [...] guri errealitatea itzuli «lehen aldiz senti dezagun». Literatura esaten zaio horri.

Liburuaren azala (GAUR8)

Bere poemak gaztelaniaz emateko ez du konfiantzazko itzultzailerik bilatu behar izan, itzulpengintza baita Markuletaren jardun nagusia, testu poetikoen itzulpenean eta euskarazko testuen gaztelaniarako bertsioetan espezializatutako literatura-itzultzailea denez gero. Julio Cortazarren, Eduardo Galeanoren, Jean Echenozen, Françoise Saganen, Samuel Becketen, Michel Houellebecqen lanak eta zenbait ipuingile katalanen “Hobe kontatzen ez badidazu” bilduma euskaratu ditu. Vicent Andres Estellesen, Angel Guindaren eta Blas de Oteroren poesia eta “Poetas catalanes contemporáneos” antologia euskaratu ditu, baita Angel Gonzalezen poemak ere, Munduko Poesia Kaierak bildumara ekarrita. Bestalde, Anjel Lertxundi, Harkaitz Cano eta Kirmen Uriberen lanak euskaratik gaztelaniara eraman ditu, baita Rikardo Arregi Diaz de Herediaren eta Kirmen Uriberen olerkiak ere.

Ibilbide luzeko poeta baten bilakaera eta haren poema-liburuen hainbat kritikatan hainbeste aipatutako harako «ahots propioa» bilatzeko ahalegina sumatzeko aukera ematen du antologia honek. Ahots gordina umotu arteko bilakaera. «Iriberri vs. Markuleta balizko bataila literario horretan, bigarrena ateratzen da garaile, nabarmen», idatzi zuen Aritz Galarragak 2019an. “Leer la vida/ Bizitza irakurri” honetan irakurleak aukera du balizko lehia hori liburu berean ikusteko. Baita orain artean euskaraz irakurri ezin izan duenak haren poetikaren berri izateko eta, zalantzarik ez, hartaz gozatzeko ere.