Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria
{ DATORRENA }

Surflari independentistak Ozeano Barean

Moetai Brotherson (Tāvini Huira'atira) presidente izendatu berri dute. Lore-lepokoa, janzkera tradizionala eta geroari heltzeko begirada berria Papeetetik. Independentista polinesiarraren izendapena gauzatu eta egun batzuetara, ordea, Parisen, bere egitasmo nuklearrari bultzada emateko xede, dozena erdi bat erreaktore eraikitzeko egitasmoa berretsi du Emmanuel Macronek telebistaren bidez.

Memoria egin dezagun. Iraganetik hasita. Ozeano Bareko uhartediaren kostatik hurbil 200 bat entsegu atomiko burutu zituen frantses Armadak 1966 eta 1996 artean. Eztanda haietako bakoitzak 1945. urtean Hiroshima suntsitu zuen bonbak baino indar handiagoa zuen. Hurbilagora joko dugu: 2021. urtean, Tahitira eginiko bisita baten baitan, Polinesiarekiko metropoliak duen zorra onartu zuen Macronek; frantziar Errepublikak eginiko kalteari buruz hartuko duen ardura kalte-ordain ekonomikoetara mugatuko dela -kasurik onenean-, jakina zenez, eta Emmanuel Macronek bere mintzaldiari egia eta gardentasunaren aldeko engaiamendu lausoa gehitu zion.

Polinesiakoa da frantziar Asanblea Nazionalean inoiz eseri den kiderik gazteena. Tematai Le Gayic du izena.

Iazko udaberrian Hexagonoan egin ziren parlamentu hauteskundeetan Polinesiak hiru diputatu hautatu zituen. Hirurak alderdi independentistako kide dira. Urte luzez jakobinismoaren ikur (izan) den ezker hexagonalaren sostengua jaso zuten hautagai independentistek.

Tāvini Huira'atira alderdiaren garaipena ospatzera bertaratu ziren Polinesiara Kaledonia Berriko independentistak. Beraien lurraldean ere memoria egiteko parada eman du Noumeako Akordioen 25. urtemugak. FLNKSk iragan otsailean egin zuen kongresuak agindu zehatza eman zuen. Ozeano Bareko lurralde horretako gobernuko kide Gilbert Tyuienonek (Kaledoniako Batasuna) ere honela laburbildu du iragan eta etorkizunaren artean zubia eraikitzeko proposamena: «Fronteak Estatuarekin buruz buruko elkarrizketak nahi ditu plantan eman, gure posizioaren arabera Kaledonia Berria independentziara eraman behar duen ibilbideari buruz mintzatzeko».

Iltzaturik dira kanaken memorian ‘gertakariak’ izendapen eufemistikoarekin ezagutzen diren bortizkeriaz beteriko urteak. Bakeari aukera emateko 1995ean sinatu zen Noumeako Akordioari buruzko bilana aspalditik galdetu dute independentistek, horren inguruan trantsizioaren bide orri berria garatzeko.

Geopolitikaren gidaliburuari begirada azkarra botaz gero, Europako Batasunak gutiziaturiko Asia-Ozeano Bareko taulategian duen ahulezia estrategikoaz ohartuko gara berehala. AEBen interesetara makurtzeak horrelako hutsuneak sortzen dizkie EBko aliatuei. Alta, Frantziak baditu zango bi eskualdean. Horregatik besterik ez bada, altxaturiko olatua tsunami ez bilakatzeko interes osoa du Eliseok eta, agian, behar hori leiho-aukera bilakatu dezakete independentistek. Frankismo eta trantsizio garaietako bortizkeriaren “greenwashing”-a egiten dutenentzat ulertzeko zaila bada ere, dagoeneko Noumeako “Orly plaza” zenekoan “Bakea egin duten tokia” (Koo Wè Joka) izeneko estatua altxatu dute. •