Ignacio Ansorena Funtsa, Durangaldeko 10.000 irudi baino gehiagoren legatua
Ukaezina da argazki zaharren xarma, hilezkor bihurtu baitituzte hainbat momentu; une berezietakoek soilik ez, egunerokotasunaren erretratuek ere informazio baliotsua ematen dute. Gerediaga Elkarteak milaka irudi biltzen dituen Ignacio Ansorena Olazaran Funtsa jaso du, memoria historikoari aurpegia jartzeko legatu handia.
Azken urteetan zehar egindako ikerketen hari luze bat Durangaldeko memoria osatzen joan da, hainbat gai eta garairi erreparatuz. Prozesu horretan, argazki zaharrek irudia eman diote historiaren hainbat pasarteri. Horren erakuslerik handiena, ziurrenik, Gerediaga Elkartea da, hark bultzatutako eta zuzenean egindako ikerketengatik, baita horien zabalpenean egindako ahaleginarengatik ere. Haren webgunea, neurri handi batean, lan horren pantaila handi moduko bat da, eta eduki ugarirekin janzten joan den erakusleihoak ‘Dokumentategia’ izeneko atala du. «Durangaldeko edozein gairi buruzko informazioa batzeko helburu orokorrarekin» sortu zen -dio Gerediagak berak-, liburu, aldizkari, eskuizkribu, grabaketa eta antzeko agirien gordailu izateko asmoz.
Orain, argazki bilduma handi bat gehitu zaio dokumentazio horri: funtsak Ignacio Ansorena Olazaran du izena, eta 10.000 argazki baino gehiago ditu. Dohaintza pribatu bat da, argazkilaritza pasio zuen durangar baten eskuetatik herritarren eskuetara igaro dena; legatu handi bat memoriaren eraikuntzan, adituen hitzetan, irudien antzinatasunagatik eta haiek jasotzen dituzten gai anitzengatik.
Funtsa bitxia da, oso bitxia, hainbat ezaugarriri begiratuta. Lehenik, Ansorena ez zen argazkilaria ofizioz, baina arreta ematen du argazkilaritzarekiko bere zaletasunak. Arreta ematen du erretratu zaharrek bilduman duten presentzia handiak, baita Ansorenak berak irudi zahar horietan agertzen diren pertsonak identifikatzeko egindako ahaleginak ere.
Kamera soinean kalera ateratzea edota argazkietako pertsonaiei eta baserriei izena jartzea hobby moduko bat zen berarentzat, gogo biziz praktikatzen zuena, gainera, ingurukoek deskribatzen dutenez. Bere afizioaren neurriaz jabetzeko, Gerediagak nabarmendu du «egunerokoari ateratzen» zizkiola argazkiak: «Durango herriko txoko, bazter eta lekuei, ekitaldiei edota pertsonei». Horri esker, «Durangoko bizimodua erakusten duten argazki zaharren bilduma handienetako bat» sortu zuen, elkarteak dioenez.
Funtsan dauden irudien antzinatasuna da alderdirik esanguratsuenetako bat. Bildumaren zati bat Sabino Ansorena aitak egindako argazkiek osatzen dute, eta horien artean, zaharrenak XIX. mende amaierakoak dira.
Ansorenatarren etxean diote aitarengandik jaso zuela Ignaciok erretratatzeko zaletasuna. Virginia Ansorena alabak ez du gogoan aitaren lehen argazki kamera hura nola heldu zen etxera, ez aitarena ez aititarena, baina garairako ez zen oso ohikoa etxean kamera izatea, adierazi duenez. Iraganera begira jarrita, argazkilaritza beti presente egon den etxe bati buruzko oroitzapenetara, uste du hori guztia fantasiazko zerbait bezala bizi izan zuela berak, «orain denok baikaude mugikorrez eta gailuz inguratuta, baina urte haietan ez zegoen bizitza ikusarazten zigun ezer, haren argazkiak ateratzen zizkigunik».
Aitarengandik jasotako pasio hartan formatzeko aukera izan zuen Ignacio Ansorenak gaztetan. 70eko hamarkadan argazkilaritza ikastaro bat egin zuen Bartzelonan, teknika eta trebetasun berriak garatzeko aukera eman ziona.
Funtsa ezagutzen dutenen arabera, material anitz hori altxorra da herriarentzat eta eskualdearentzat. Azken hamarkadetan Ansorenak berak hainbat ekitaldi eta ospakizunetan egindako argazkiak ere badaude; herriko irudiak, herritarrenak, baserriak… Eta ez horiek soilik: aitaren argazkilaritza-legatua XIX. mendekoa denez, Durangoko bonbardaketari buruzko irudi argitaragabeak ere baditu funtsak.
Irudi bidezko kronika
Bilduma aztertu duen lehen pertsonetako batekin hitz egin du GAUR8k, digitalizazio lanetan ari den Patri Laisekarekin, hain zuzen ere; ikusi duenaren bidez funts zabal horretara hurbiltzeko asmoz, alegia. Gerediaga Elkarteko kideek nabarmendutakoaren arabera, herriko kronika historiko bat egin daiteke irudi horiek jarraituz.
Funts itzela dela diote, barnebiltzen duen denbora espazioagatik eta jorratzen duen gai sorta handiagatik. Oso irudi bilduma handia da, 10.000 ale baino gehiagokoa, eta adibidez, prentsako albisteak ere badaude urteetan gordetako material handi horren barruan. Hainbat tamainatako argazkiez gain, plakak edo diapositibak ere badira, besteak beste, eta egunerokoarekin lotutako hamaika gai: baserriak, pertsonak…
Aurrean dagoen lana sekulakoa da, orain artxibo osoa kontserbatzeko tratamendua, dokumentazioa eta digitalizazioa egin behar baita, eta material asko dago.
Lehen begiradan, adierazi du Laisekak, argazkilari afizionatua zen Ansorena, baina «oso ikuspegi berezia» zuena, «begirada ezberdin bat». Estiloaz gain, haren ikusmin handia ere nabarmendu du; ipurterrea zen, eta egunerokoari argazkiak ateratzeko afizio horri eta inguruko lekuekiko pasioari esker argazki kronika osatu bat eraiki zuen.
Aita hil zenean, gainera, haren bildumaren kargu egin zen, «baina berak badu oso bilduma sendoa», erantsi du digitalizazio lanetan diharduen eta arte plastikoetako eta argazki-diseinuko goi mailako teknikaren ikasketak egiten ari den Patri Laisekak.
Orain arte ikusitakoaz aipatu du funtsaren zati handi bat, adibidez, Durangoko hainbat pertsonaren erretratuek osatzen dutela. «Bera nahiko ezaguna zen Durangaldean, jendeak bazekien argazkilaritza bere pasioa zela, eta familia askok argazkiak eman zizkioten. Badaude, adibidez, XIX. mendeko erretratuak, baina ez dakigu nortzuk diren, eta hor gabiltza ia sinaduraren bat topatzen dugun», azaldu du.
Baserriak eta bonbardaketa
Formatu txikiko argazkien kopien artean Durangaldeko hainbat baserri ere ageri dira, eta horien ondoan, bizimodua, eskolak, ohiturak... protagonista dituzten beste irudi album batzuk daude. Laisekak azaldu du Juan Olazaran abadea osaba zuela, munduan zehar bidaiatu zuena, eta bilduma horren aztarna bat ere badagoela, Brasilgo eta munduko hainbat lekutako argazkiak daude eta.
Irudien artean, bestalde, bereziki preziatuak dira 1936ko gerra garaian egindakoak. «Badaude Durangoko bonbardaketaren inguruko argazkiak, bonbardaketaren osteko Durango erakusten dutenak, inork ikusi ez dituenak eta inoiz publikatu gabeak», azpimarratu du Laisekak. Baina horien ondoan, gainera, oso ezagunak ez diren edo informazio askorik ez duten zenbait gertakariren argazkiak ere badira, eta horien artean, Durangoko Alde Zaharrean izandako sute handi bat aipatu du, adibidez.
Digitalizazio lanak luze joko du, eta artatsua izango da, Laisekak dioenez. «Familiak Gerediagaren eskuetan utzi du bilduma eta artxiboa bueltan jasoko du, hitzarmenaren arabera; beraz, oso kontuan hartu behar dugu material horren zaintza, ukitu ez bagenu bezala itzuli beharra dago, familiaren artxibo pertsonala delako».
Digitalizazio lan arretatsua
Material horren zaintzak prozedura berezi bat eskatzen duela azaldu du. Oso prozedura zehatza, artxibo moten arabera tratamendu ezberdinak emanez: «Kontu handiz egin behar da. Diapositibak, plakak, negatiboak... daude, eta oso material sentsiblea da».
Horrez gain, bilduma handi eta anitz hori antolatzeko lan zehatza dago: «Fitxak osatu behar dira eta hainbat atal bete behar da izen-abizenei, pertsonaiei, topografiari... erreparatuta. Oso ondo sailkatuta egon behar du, material hori guztia publikatu egingo delako, eta tematika zabal bat dagoelako». Multzo handi batzuk aipatu ditu: Sabino Ansorenaren argazkiak, gerra garaiko irudi eta dokumentuak, Ignacio Anosorenaren bilduma edota Durangaldean izandako ekitaldi nagusien ingurukoa.
Hain potentzial handiko funts batek aurrerantzean izan dezakeen ibilbideaz galdetuta, aukera sorta oso zabala dagoela dio Laisekak. «Oso funts interesgarria da historiagileentzat, Durangaldeko historia goitik behera lantzen duelako eta azkenean, ikerketak, liburuak, argitalpenak, baita zabalkundeak ere egiteko bidea zabal daitekeelako. Kalitaterik handienean gordetzeko eskaneatzen ditugu eta horrek aukera ematen du erakusketetan erabiltzeko, baita partekatzeko ere, erresoluzio onenarekin».
Laisekak lan handia dauka aurretik, eta onartu du maila profesionalean erronka handia dela, baina «argazkilaria ere naizen heinean eta argazkilaritza maite dudalako» enkargu hau pribilegioa dela dio, «argazkiak, karreteak, negatiboak, plakak, diapositibak...» tratatzeko aukera baitu.
Virgina Ansorena alabaren iritziz, irudi horiek kontserbatzeak zabaltzen dituen bideak aitaren lanaren luzapen moduko bat dira; pasio horren segida bat, herriari oso lotuta zegoen gizon batentzat, gainera.
Jakin-min handiko gizona
Aitaz egiten duen kontakizunetik hurbildu nahi izan dugu Ignacio Ansorenaren gaztarora, argazkilaritzarekin izan zuen harreman bitxira. Izan ere, alabak kontatu duenez, askotan pentsatu du «mundua lente batetik ikusten zuela aitak». Irribarre batekin hitz egiten du aitaz eta harekin oso harreman berezia zuela aitortu du. GAUR8ri kontatu dio pertsona geldiezina zela. Entzumenean arazo bat izan zuen jaiotzez eta uste du horrek, agian, eragina izan zuela bere izaeran, «oso gaztetatik jakin-min handiko pertsona izan zelako, behatzaile handi bat».
Esan bezala, aitarengandik jaso zuen Ignaciok argazkilaritzarekiko pasioa: aititari argazki kamera bat oparitu ziotela gogorarazi du Virginia Ansorenak. Pentsa zer izango ote zen Ignacio Ansorena haurraren ikuspuntutik munduari argazkiak egin ahal izatea. «Ordura arte ia ez zegoen iraganaren irudirik, oroitzapenak baino ez zeuden», dio.
«Zaila da azaltzea hitzekin argazkilaritza norainoko pasioa zen berarentzat», dio. Bizitza osoan landu eta gorde zuen pasioa. Eta familia osoaren oroitzapenak zeharkatu dituena. «Denari ateratzen zion argazkia; bereziki baserriei pertsonei baino gehiago. Baina, gainera, gure bizitza osoa fotografiatu du. Eta bada gauza bitxi bat: izena jarri zien argazkietako antzinako ehunka pertsonari, horretarako baserriz baserri joan behar bazuen ere», azaldu du.
Baserriz baserri
Haurtzaroa baserriz baserri pasatu zuela gogoan du Virginia Ansorenak, atez ate, ia pertsona horiek ezagutzen zituzten. «Baten bat geratu zitzaion identifikatu gabe, baina uste dut ehunka erretraturi jarri ziela izena. Horri esker, senide baten irudia gorde zuten batzuek. Ez dakizu zenbat kopia egiten zituen! Askotan gertatzen zitzaigun kalean ibili eta pertsona bat ikusita, harengana joatea senide baten irudia zeukala esatera. Horrelako egoera asko ezagutu dugu», oroitu du.
Musika klasikoa eta argazkiak maite zituen. Beraz, bi zaletasun horiek uztartuz, denbora luzea pasatzen zuen albumetara begira.
«Txikitan Mikeldin bizi ginen. Ez dakit argazkia non dagoen, ezin izan dut aurkitu, baina argazkian ahate bat ageri da, inguruko baserriren batekoa izango zen ahate hori. Pentsa Durango nola aldatu den! Argazki horrek, adibidez, izugarrizko aldaketa erakusten du, eta horren moduko asko daude, Durango zahar-zaharra erakusten dutenak, eta garaikideago batzuk ere badira, baina guztietan dago herriak bizi duen eraldaketari buruzko informazio zehatza», adierazi du. Beste detaile bat aipatu du: «Guri argazkiak egiten zizkigunean, non egin aukeratzen zuen, gure atzean ikus zitekeena ere jasotzeko».
Ez daki digitalizazio lanak bilduman noraino heldu diren, baina gogoan ditu aititak egindako irudi batzuk. Buruan ditu, adibidez, garaiko hegazkinak erakusten dituzten irudiak, aireratu behar zutenean pilotuekin gertakariren bat izan zenekoak, matxinada moduko bat... «Argazki historiko asko dago; bonbardaketaren garaikoak eta oso bitxiak. Agian, irudi horiei esker gertakari horietako batzuen inguruko memoria berreskuratu ahal izango da», planteatu du Virginia Ansorenak.
Aitak ez zuen ezer esana utzi bildumak izan behar zuen ibilbidearen inguruan; seme-alaben eskuetan jarri zuen. Gerediaga Elkarteari ematea aitak Durango eta inguruarekin zuen loturari erantzuteko modu bat dela uste du Virginia Ansorenak. Horren harira, gogoratu du bost anai-arrebetan gazteena zela aita, euskara ama-hizkuntza jaso ezin izan zuen bakarra, debekuaren urte haietan, eta horrek samina sortzen ziola. «Euskal Herria sakonki maite zuen, euskal kulturarekin lotutako guztia», erantsi du.
«Beti esaten dut bere begiak lente bat zirela, munduari ez ziola begiratzen guk begiratzen diogun moduan, argazkiak ikusten zituela», dio. Utzi duen funts handi horren erabilera publikoa Ignacio Ansorena Olazaranentzako omenaldi moduko bat da, irudi preziatu horiek herritarrekin partekatuz, transmititzen duten memoria gordez, eskualdearen kronika historikoa eginez eta memoria dokumentatuz.
KARLISTEN GARAIKO IRUDIAK ETA ERAIKUNTZA ZAHARREKOAK
Ignacio Ansorena Olazabal Funtsaren proiekzioan sakontzeko, Jon Irazabal Gerediaga Elkarteko historian aditu ezagunarengana jo du GAUR8k. «Durangorentzat oso garrantzitsua da. Orain arte Foto Germanen artxiboa egon da, eta bertan garai bateko eraikuntzak, ekintza sozialak, pertsonaiak eta gerra osteko Durango ere ageri dira; honek XX. mende hasierako hainbat eta hainbat paisaia eta pertsonaia biltzen ditu. Nahiko garrantzitsua da, zeren eta honek irudia jartzen dielako askotan idatziz gordetako pertsonaiei.
Nire ustez, bai urbanistikoki, bai soziologikoki, zein gizarte modura, Durango ulertzeko oinarrizko osagaia da», nabarmendu du.
Irazabalen ustez, irudi zehatz batzuen balioez haratago, «gizarte baten atal ezberdinak» erakusten dituzten argazkiak daude, eta garrantzi handia du bildumagile gisa egin zuen lanak -Durangorekin zuen loturaren emaitza, dioenez-.
«Durangori buruzko edozer gordetzen saiatzen zen, baina bere afizio handia argazkiak ziren», erantsi du adituak. Arreta ematen duten irudi horien artean, «XIX. mendeko argazki partida» aipatu du, non karlistaden garaikoak nabarmentzen diren, «ezagunak ziren beste irudi batzuen osagarri modura». Karlistadetan egindako erretratu ugari dago. «Garaian ohikoa zen hori, norberaren argazkia egin eta familiari bidaltzea. Argazki zahar horiek oso interesgarriak dira, garai hartako eraikuntzak eta urbanismoa ezagutzeko», dio Irazabalek.