03 JUN. 2023 Mahastiak Xabier Mikel ERREKONDO Dron bat banintz hori-hori ikusiko nuke Arabako lautada zabala, soroak orbainez josita, ibilgu idor egarriak nola ur antsian. Zur eta lur daude aurten zaindari nekazariak, zerutik hezetasun apurrik ere ez, ez urik lur geruzatik gorantz eskean lehertzen diren esku zarratatuentzat. Dagoeneko urratua du eztarria lurrak, garrasi isilean. Nekazaria banintz, negar zotina behartuko nuke ene malko-tanta gaziak isurtzeko oraindik horitu gabeko mahatsondoetan… lagunduko balie fruitu gozoa ematen. Baina begiak siku daude, egin beharreko negarrak eginak, eta ukabil zartatuak baino ez dira geratzen amorrazioaren lekuko. Nekazaria banintz, ene begietatik eta ukabilak eutsi sardetik botere guneetara zuzenduko nituzke minak eta ezinak, kideekin nahiko sarde elkartu eta gobernukideak estutuko behar beste neurri hartu arte. Diru-laguntzak une batez arnas hartzeko limosna pozoitsua baino ez baitira. Belaunak lurrean hondoratuta zeruari erreguka malkotan ematen du nekazariak. Ikasi dugu euria egitea ez dela miraria, ez dela zorte kontua, ez urte garaiari dagokiolako jasoko dugun oparia, zaindu beharreko altxorrik preziatuena baizik. Urrea, benetako urrea ez baita horia, zuria baizik. Nafarroan bezala Araban, zereala galduta dago eta horrela jarraitzen badu(gu) berandu baino lehen mahastiak ere galdu eginen dira. Eta orduan ez Jaurlaritzaren ez beste administrazioen zurikeriazko diru-laguntzek ez dute konponduko, ez malko jada kaltzifikatuek kontsolatuko. Nire izanetik nago behar-beharrezkoa dugula elkarbizitza ardoarekin blaitzea sagardoarekin nola. Arrazoi bat gehiago lurra eta mahastiak zaindu ditzagun, gure izana izan ez dadin iragan huts, geroa izan ez dadin idorte eta hauts. •