10 JUN. 2023 { DATORRENA } Konfrontazioa gora eta axolagabetasuna nagusi Isidro Esnaola Mundu mailako konfrontazioak gora egiten jarraitzen du, baina ez da antzematen eztabaida publikoan. Maiatzaren hasieran droneekin eraso zioten Kremlini. Errusiak esan zuen Ukrainako erabakiguneei eraso egingo ziela, non Ukrainako eta NATOko militarrek elkarrekin lan egiten duten. Badirudi, ondorengo astean, Errusiako misil batek Valerii Zaluzhnyi Ukrainako Indar Armatuen komandantea harrapatu zuela, ez baita berriro jendaurrean agertu. Kirill Budanovek, inteligentzia militarreko buruak, ordezkatu zuen aurpegi publiko gisa, Errusiako armadak inteligentzia militarraren Kieveko egoitzari eraso zion arte. Ziurrenik, eraso horietan NATOko militarren bajak ere gertatu dira. Ondorengo astean, Jmelnitski hirian armategi bat suntsitu zuen Errusiako misil batek. Antza denez, Gobernu britainiarrak emandako uranio pobretua zuen munizioa bertan zegoen, eta haren suntsipenak erradioaktibitatea areagotzea eragin zuen, Ukrainako eta Poloniako sare sozialetako hainbat kontuk zabaldu zutenez. Erradioaktibitatea monitorizatzen duen EBko webgunea (https://labur.eus/zMpyQ), hainbat egunetan eskegita egon ondoren, funtzionatzen hasi denean, grafikoan erradiazio-gailur bat agertu da 18an, ziurrenik arma biltegiak eztanda egin zuelako. Gertaera horri buruzko informazio ofizialik ez da egon. Jmelnitski lehertzen ari zen egun berean, zenbait misilek bi hegazkin eta bi helikoptero bota zituzten Errusian. Moskuko iturri ofizialek esan zuten Patriot bateria batetik eraitsi zituztela. Hiru egun geroago, errusiar misilek Kieveko erdialdean suntsitu zuten iparramerikarrek gidatutako bateria horietako bat. Gero eta argiago dago Washingtonek eskaladan jarraitzen duela, informazioa eta armamentua emateaz gain, zuzenean parte hartu duela indar errusiarren aurkako erasoetan, eta horrek eraso zuzenak ekarri dizkiela. Nazioarteko tentsioaren gorakadaren zeharkako zantzuak badaude. Maiatzaren 31n, Xi Jinping Segurtasun Nazionaleko Batzordearekin elkartu zen. Bertan funtzionarioei eskatu zien prest egon zitezela «agertoki okerrenak eta muturrekoak» konpontzeko, «haize bortitzei, olatuei eta are ekaitz arriskutsuei» aurre egiteko. Ez dira, ez, hitz lasaigarriak. Zentzu berean, Recep Tayyip Erdogan hautatu berriak Hakan Fidan Turkiako inteligentzia burua izendatu zuen Kanpo Arazoetako ministro. Norbaitek espioien burua izendatzen badu ministerio bateko arduradun gisa, logikoena da pentsatzea arazoak espero dituela. Nazioarteko esparrua da puntu beroena. Postura igotzen, ekainaren 1az geroztik, AEBek utzi egin diote kontinente arteko misil balistikoen jaurtiketei buruzko jakinarazpenak eta telemetria datuak helarazteari. Erabaki hori oso arriskutsua da, edozein jaurtiketa eraso bezala interpreta baitaiteke, erreakzio kate bat martxan jar dezakeena. Tentsioak metatzen diren bitartean, hala ere, eztabaida publikoan ez da kezka berezirik sumatzen. Beharbada iritzi kritiko guztiak estaltzearen ondorioz, jendeak paso egin du. Edozein kasutan, ordea, egoerak burura dakar Martir Luter Kingen esaldia: kezkagarriena ez da gaiztoen gaiztakeria, zintzoen axolagabetasuna baizik. • EE. UU. ha dejado de transmitir misiles balísticos intercontinentales. Esta decisión es muy peligrosa, ya que se puede interpretar como cualquier ataque de lanzamiento