Juantxo EGAÑA

Gerratik ihesi Deustun, frankistak Bilbon sartu eta gutxira

(AUTORE EZEZAGUNA. ESPAINIAKO LIBURUTEGI NAZIONALA.)

1937ko ekainaren 18ko gauean, frankistak Bilbon sartzear zirela, Leizaola buru zuen defentsa-batzordeak itsasadarreko zubiak suntsitzea erabaki zuen. Hilaren 19an frankistak Bilbon sartu ziren. Artikuluak erakusten duen irudia ondorengo egunetan egin zen. Eskuinean, Deustuko Unibertsitateko hesia ageri da, eta errepide zaharrean, Areetara zihoan tranbiaren errailak. Atzealdean, Botika Zaharra zuhaiztia dago, eta, irudiaren erdian, Deustuko zubia, ekainaren 18ko gauean apurtua. Atzealdean ikusten den itsasontzia eta bere ondoan dauden eraikinak Euskalduna ontziolarenak ziren. Badirudi Deustuko irudian agertzen diren emakume eta gizonak ihes egiten ari direla gerratik, faxistek ekarritako gerra eta gerraoste krudel horretatik, euskaldun asko heriotzara, erbestera eta kartzelara eraman zituenetik. Argazkiaren egile ezezaguna, dirudienez, irudiaren ezkerraldean dagoen Jaguar autoaren atzean ezkutatuta dago, tragediatik ihesi doazen familiak erretratatzeko.