Utzi zure mezua hemendik 500 urtera biziko direnek aditu dezaten
Soinu kapsula bat urperatuko dute gaur Hendaian, eta Bidasoaren zolan utzi, altxor bat bezala, hemendik 500 urtera norbaitek aurkitu eta adituko duen esperantzan. Zortedunak gaur egungo jende xehearen mezuak jasoko ditu, haren bizimodu, ardura eta ilusioen arrastoak.
Ander Fernandez eta Imanol Espinazoren proiektua da Ostempo Nuna (Etorkizuna Orain, esperantoan), Hendaiako Borderline Fabrikarekin elkarlanean osatua. Zuzeneko irratsaioak egin izan dituzte bi artistek; aunitz gustatzen zaien mundu bat da soinuarena eta irratiarena. Antzerkigileak ere badira, eta bi pasioak uztartuz fikzio bat muntatzen hasi ziren duela urtebete.
«Nola hitz egingo diogu etorkizunari?». Galdera hori izan zuten abiapuntu, film eta telesailetan badelako zientzia fikziorako ohitura, baina antzerkian gutxiago.
Aitzakia gisa hartu zuten 500 urte barru biziko direnei mezua uztea, baina gero konpromisoa hartu zuten jendearekin, eta jolasa zena serioago bilakatu zen, benetako.
Beti biztanleen xerka
Hendaiako karrikara atera dituzte Ostempo Nunako mikrofonoak, urtaro guztietan, bidean ikusi dituzten pertsonei mezu bat grabatzeko aukera eskainiz. Gaztelu Zahar, hondartza, merkatua, mediateka, La Grande Ilusión liburu denda, Casa José taberna eta Borderline Fabrika bera izan dituzte grabaleku.
Horrez gain, adituak elkarrizketatu dituzte zuzeneko irratsaioetan: David Alonso, Andoni Etxarri, Xabier Erkizia, Mikel Valero, Maria Jose Noain eta Helga Massetani. Eta kontakizun futurista bana eskatu diete Aurelia Arkotxa, Alexia Papantchev eta Oscar Manso idazleei.
Mediazioak ere egin dituzte. Alde batetik, Txingudi izeneko adin txikikoen hezkuntza zentroarekin jarri ziren kontaktuan han dauden gazteak ezagutu eta haiei aditzeko. David Alonso arkeologoa ibili zen sei egunez haiekin lanean, eta Youssafa eta Gaétan-en hitzak jaso zituen.
St. Vincent kolegioko eta AEKko ikasleekin ere egin dituzte mediazioak. Hirurak dira Geltoki auzoko eragileak.
Kapsularen edukia
Emaitza beirazko soinu kapsula bat da. Binilo bat du barnean. A aldean, soinu guztien laburpena dago, zazpi minututan. B aldean, bi piezatan, Fernandez eta Espinazoren gogoeta eta, batez ere, galderak, umorez eginak. Soinuaren trazua euskarri fisikoan jasotzeko aukeratu dute biniloa.
Material guztia biltzen duen MP3 irakurgailu bat, argindar sorgailu bat, argibideak eta artisten selfie bat ere sartu dituzte kapsulan. Irungo Argia Badago tailerrean sortu du artefaktua Igor Obesok. Zementuz babestu du kristala, luze iraun dezan.
Ekitaldia
Gaur urperatuko dute kapsula tenporala, goizeko hamaiketan, marea gorarekin. Ekintza sinbolikoa izanen da. Pasaiako portutik etorriko da itsasontzi bat, eta Kanetan jasoko ditu kapsula eta hiru urpekari. Horietako bat da Alonso arkeologoa. Avenida zubian izanen dute zain jendea. Behin itsasontzia kokatuta, Bidasoaren hondora lagunduko dute kapsula hiru urpekariek. Dena grabatu eta irudietan dokumentatuko dute.
Bi xede ditu Ostempo Nunak: jendeari erraten uztea, eta errandakoa ongi jasotzea, noizbait norbaitek aditu dezan, 500 urteren buruan adibidez. «Nolakoak ginen galdetzen badute, beste inork ez dezan gure ahotsa lapurtzeko, gure hitzak nahasteko edo manipulatzeko aukerarik izan». Bertze modu batera erranda, soinuen bidezko fikzio kolektibo konpartitu bat sortu nahi izan dute, «kontatua den guztia, azkenean, fikzio bilakatzen baita. Baita egiazkoa denean ere», egin dute gogoeta.
Ostemponuna.com
Webgune batean paratu dute material guztia; bost urtez utziko dute entzungai, eta gero ezabatu eginen dute. Itsasoko biztanleen konpainia ederrean geldituko da altxorra, mareen eragin kulunkagarri eta misteriotsuan.
Ostemponuna.com-en soinua aditu nahi izanez gero, kaskoak jartzea aholkatu dute Hendaiako artistek. Urpean bazeunde bezala jasoko dituzu mezuak, anabasa batean, hiru hizkuntzatan: euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz. Denbora osoan erabili dituzte hiru hizkuntzak proiektuan. Gaur egun ditugun kezka eta arduren berri ematen dute ahotsek. «Asko ofizialak dira: klima, bakea, hizkuntzak...». Jendeak pisuzko zerbait erran nahi izan duela nabaritu dute. Norberak bere ikuspuntutik egin duela ere bai. Adibidez, adinekoak zaintzen dituen herritarrak horri lotutako kontuak aipatu ditu.
Zer erran duten bezain inportantea iruditzen zaie Ostempo Nunaren sortzaileei nola erran duten. Errateko moduak, hitz handien ondoan dagoenak, momentu batean sumatutako zalantzak... aunitz kontatzen dute.
Distopia positibo bat
Utzi etorkizunerako zure mezua. Hori hasi ziren herritarrei eskatzen. Baina momentu batean distopia katastrofista batean erortzeko arriskua ikusi zuten eta eskaria moldatu zuten pixka bat: «Erran kaixo etorkizunari». Hitz zerrenda bat eskaini, bat aukeratzeko erran, eta martetar bati bezala esplikatzeko ere galdegin diote jendeari. Hala lortu dute utopiaren eta distopiaren artean igeri egitea, distopia baikor bat eraikitzea eta hutsalak diruditen mezuak adierazgarri bihurtzea.
Garrantzia eman diote ariketa egiteko moduari.
Etorkizunerako postalak
Etorkizunerako postalak ere baditu Ostempo Nunak. Gaurko Hendaia abiapuntu hartuta sortzeko proposatu zioten ManuBerk artista bisualari, eta hamar egin ditu. Borderline Fabrikan daude salgai.
Etxebizitzen prezioak, migratzaileen trabaz betetako bidea, gehiegizko turismoaren kalteak... «Hendaiaren B aldea erakusten dute. Harrera herria da Hegoaldeko jendearentzat, turista guztientzat, bigarren etxebizitza dutenentzat, ez hainbeste bidean diren migratzaileentzat», azaldu digute artistek. Eurak ere adoptatuak dira: Errenteriakoa da Fernandez eta Iruñekoa, Espinazo.
Gure arrastoa utzi nahi dugun izaki efimeroak gara, eta izaera horretaz kontziente egitea amildegi baten ertzera hurbiltzea bezalakoa izan daiteke. Hemendik 500 urtera biziko den balizko entzule bati mintzatuz eta hura nolakoa izanen den imajinatuz, hausnarketa eta eztabaida kolektibo eta pertsonala egin dute. Hori zen helburua eta bete egin dute. Baina proiektua ez da amaitu. Adibidez, webguneari bizia eman nahi diote eduki berriekin eta, altxorrera iristeko, mezua belaunaldiz belaunaldi pasatzea ere buruan dute. Bertzela, nola aurkituko dute?
Borderline Fabrika
Hendaiako tren geltokiaren ondoan dagoen Borderline Fabrikan aritu gara honetaz guztiaz Ander Fernandez eta Imanol Espinazorekin. Elkarte honetan lurralde proiektu bat egiten dute urtero, eta Ostempo Nuna da aurtengoa.
Atea irekia dago eta txirrinik jo gabe sartu gara. Espazio zabala da, atsegina eta argitsua. Izkina batean barra bat du eta usain goxoa heldu da sukaldetik. Elkarteko kide batzuk ezagutzeko aukera izan dugu; euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz mintzo dira. Besoak zabalik hartu gaituzte eta etxean sentitu gara.
Kontatu digutenez, elkarteak hiru hanka ditu: lantokia, kultur etxea (hemen sartzen dira tailer artistikoak: dantza, zirkua, antzerkia eta, aurki, arte plastikoak ere bai) eta taberna. Elkargune bat da hau, momentu politak pasatzeko.
Espazioa alokatzen dute elkarlana eta ekitaldiak egiteko. Herriko elkarteei irekia dago, doan, haien proposamenak aditu eta batera aritzeko. «Helburua da jendea kultur kontsumitzaile huts izatetik aktore izatera pasatzea; hori da zailena», azaldu dute.
Hilabetero egitarau bat osatzen dute eta ostiral arratsaldero irekitzen dute ostatua. Heldu den ostiralean, adibidez, irakurle taldea elkartuko da, “Carrefour” antzezlana eskainiko dute, eta DJ Miqkaël disko jartzailearekin dantzatuko dira. Ekainean eta uztailean proposamen pila bat dute eta denak gonbidatuta zaudete etortzera.