GAUR8 - mila leiho zabalik
TOURING KIROL ELKARTEA

Errenteriako futbol taldea «oso indartsu» dago bere mendeurrenean

«Osasuntsu» dago Touring Kirol Elkartea mendeurrena betetzeko egun gutxiren faltan. Ekainaren 22a izango da egun handia taldean, Errenteria osoan, nahiz eta urtean zehar ekintza ugari egin dituzten urteurrena ospatzeko. Erreportaje hau osatzeko, klubeko historiaren parte diren protagonisten hitzak bildu ditugu, iraganera joz, baina oraina definituz eta etorkizuna amestuz.

Touring Kirol Elkartea «osasuntsu» dago. Beheko argazkian, kluba osatzen duten jokalariak, Errenteriako elizaren parean, nahita edo nahigabe piramide forma osatuz. (TOURING KE)

Euskal Herrian futbol klub askok ospatu dute mendeurrena. Aurten, Gipuzkoan, beste bik beteko dituzte 100 urte: Andoaingo SD Euskaldunak maiatzaren 28an bete zituen eta Errenteriako Touring Kirol Elkarteak ekainaren 22an beteko ditu. Bigarrengo horretan jarriko dugu begirada.

Touring Oiartzualdean sorturiko lehen futbol taldea da. Pentsa, Trintxerpe CD 1927an sortu zen, Pasaia KE 1941ean, Lezoko Allerru 1964an, Errenteriako beste taldea, Beti Ona CD, 1970ean, Oiartzun KE 1975ean eta Sanpedrotarra FE 1978an.

Hasierako urteetan «igogailu taldea» bezala ezagutzen zuten talde “galleteroa”. 1954an Larzabal futbol zelaiak jasandako uholdeak guztiz ahaztuta, 1955-56 denboraldian lehenengo aldiz lortu zuen Hirugarren Mailara igotzea, baina jaitsiera ere sufritu behar izan zuten bertako jokalari zein jarraitzaileek zenbait alditan. 1992-93 klubaren historiara pasatu den denboraldia izan zen, Bigarren B Mailara igotzea lortu baitzuten errenteriarrek.

Hirugarren Mailan jokatu zuen azken-aurreko denboraldia 1998-99 izan zen, ordurako Fanderiako zelai berrian. Belar naturaletik artifizialera jokatzera pasatu ziren jokalari gorritxoak eta maila galdu egin zuten. Larzabalek momentu hunkigarri eta historiko ugari utzi zituen. Horietako bat, zendutako Diego Armando Maradona, askorentzat historiako futbolari onena, bertan Barçarekin entrenatzen aritu zenekoa izan daiteke.

Ehun urte, ekitaldi andana

Kasualitatea zer den, iaz, 2021-22 denboraldian, Hirugarren Mailara itzuli zen Touring. Mendeurrena ospatzeko sari nagusia, dudarik gabe.

Asier Yerobi buru duen zuzendaritza batzordeak ekitaldi ugariz beteriko agenda prestatu du. Horietako bat ehun urte hauetako historia ezagutzeko Iñaki Erkiziak zuzendutako “1923-2023 Touring KE 100. Urteurrena” argazki erakusketa izan zen. Klubak bildutako argazki eta dokumentuak, ereserkiaren partiturak, garaiko lehen bazkide txartelak edota historiako zenbait kamiseta egon ziren ikusgai herriko Xenpelar Etxean.

Gaur egungo presidenteak GAUR8ri adierazi dion moduan, «karguak ardura handia badu ere, oso pozik bizi dut urte berezi hau. Ohore handia da Touring-en mendeurrenean lehendakari izatea. Lan talde bikaina daukagu eta ilusioz beterik gaude denok urte biribil hau ospatzeko».

Touring «osasuntsu» dago bere mendeurrenean, «oso indartsu». «Guk duela bost urte hartu genuen Touring oso egoera kaxkarrean, eta buelta eman diogu ilusio eta lan handiarekin. Kirol mailan, baina guretzat are garrantzitsuagoa denean, herri mailan eta sozialki sekulako aurrerapausoa eman dugu. Kluba herrira gerturatu nahi izan dugu, eta horren emaitza da zaleak guregana etorri direla. Gero eta talde, emakume eta eskolako haur gehiago ditugu. Ilusioa eta lan grina ez zaigu faltako etorkizunari aurre egiteko», esan du Yerobik.

Kirol arloan, berez gol batengatik Hirugarren Mailan mantentzea lortu ez duten arren, maila horretan jarraituko dute 2023-24 denboraldian Espainiar Federazioak erabaki baitu 18 talde izango direla datorren denboraldian: «Sekulako aldea dago Ohorezko Erregional Mailatik Hirugarren Mailara, eta asko kostatu zaigu mailari tamaina hartu eta lehiakorrak izatea, baina egin dugun bigarren itzulia txapela kentzeko modukoa izan da. Harro gaude egindako lanarekin. Ziur naiz aurrekontu txikienetakoa daukagula eta herriko jokalari gehien dituen taldeetako bat garela. Oso pozik gaude taldearekin».

Hirugarren Mailako Touring eta Paduraren arteko partida. Andoni CANELLADA | FOKU

Liburua: pasarte bilduma ederra

Txema Arenzanak historiako pasarterik garrantzitsuenak bildu ditu mendeurreneko liburuan, gehienbat azken 25 urteetan oinarriturik. Klubetik pasatu diren jokalarien zerrenda ageri da, eta horietako hirurekin hitz egin dugu.

Aitor Francok urte luzez kapitain lanak egin zituen. Harentzat, «zure herriko klub bat, historia handia duena, besokoarekin ordezkatzea harro sentitzeko modukoa da. Sentsazioa nuen taldea nire indar guztiarekin defendatu behar nuela; ahalik eta ondoen hori egiten saiatu nintzen».

Futbola uzteko unea berak nahi zuenean baino lehenago iritsi zen, belauneko lesio larri batengatik. Klubak «oso detaile polita» izan zuen berarekin, omenaldia eskaini baitzion. «Momentu polita izan zen, denbora luzea pasatu nuelako klubean: edozeinek ez du halako omenaldirik jasotzen».

Aipatzekoa den beste jokalari bat Ekaitz Auzmendi da. «Bai kirolean bai sozial arloan izugarriak izan ziren hamar urte horiek», adierazi du. 2001-2002 denboraldia nabarmentzekoa da. Lehen taldean jokatzen zuen bigarren urtez, 35 gol sartu zituen, partida batean 5 gol ere egin zituen, beste batean 4 eta hat-tricka beste batean. 30 partidatatik 22tan sartu zuen gola. «Urte ederra izan zen eta taldean oso giro ona genuen», adierazi du “Putxe’”k. Zentzu horretan, aipamen bat egin nahi izan du: «Ez dira ahaztu behar Aitor Francoren datuak ere, zelai erdiko jokalaria izanda 26 gol egin baitzituen (poker bat eta hiru hat-trickekin)».

Beteranoa eta kapitain izatera ere iritsi zen. «Sekulako harrotasuna da zure herriko taldearen besokoa eramatea, baina, aldi berean, ardura puntu bat ere bazen», adierazi du. Alde okerrena, ordea, «Touringetik alde egin behar izan nuen urtea» aipatu du. «Lehen taldean 10 urte igaro nituen, baina entrenatzaile bezala klubean, 16 urte. Eta pertsona batengatik alde egin behar izan nuen», kritikatu du izenik eman gabe.

Aipatu behar dugun hirugarren jokalaria Eneko Maritxalar da. Aurrelari errenteriarrak bi etapatan jokatu zuen klubean, eta bietatik «oso oroitzapen politak ditut. Emaitzak alde batera utzita, eta momentu txarrak ere badaudela kontuan hartuta, azkenean familia bat bezalakoa da».

“Maritxa” indarrarengatik bereizten zen; aurkariak beldurtzen zituen. Barre egiten du horretaz galdetuta: «Nik uste dut ez zela beldurra, baizik eta aurkarientzat deserosoa nintzela. Txokera jokatzen nuen eta buruz dena borrokatzen nuen». Ibilbide amaiera bikaina izan zuen: «Ezin hobeto utzi nuen, zeren eta edonork ez baitu bere azkeneko minutuan gola sartzen».

Hiru jokalari ohiak gauza batean ados daude: alderdirik onenen artean aipatu dituzte «taldekide ugari ezagutu izana eta beraiekin izandako bizipenak», «giro bikaina, betiko lagunak ginela zirudien» edo «bidean ezagututako jendea, baita entrenamenduak ere, non jendearekin egoten ginen, barre egiten genuen...».

Urteurrena ospatzeko argazki erakusketa. Jon URBE | FOKU

Larrain familia eta Piramidea

Touringen azken urteak ezin dira ulertu Piramidea eta nesken taldea gabe. Erronka horietan gogor lan egin zuten Luis Mari Larrainek, 2003-2004tik 2010-2011ra Touringeko presidente izan zenak; bere anaia Joxanek, kirol zuzendari eta entrenatzaile izandakoak; eta azken horren alaba Irati Larrain jokalari ohiak.

Gabino, Luis Mari eta Joxan Larrainen osaba, klubeko sortzaileetako bat izan zen 1923an. Horien aita, Loren Larrain, Touringeko atezaina izan zen, eta euren osaba Paco Cobos Larzabalen aritzen zen sarrerak kontrolatzen.

«Guretzat eta Errenteriako jende gehienarentzat Touring ez da futbol klub bat bakarrik; sentimendu bat da, herri baten sentipena da», azpimarratu du Luis Mari Larrainek. Horren erakusle da lehen herriko jendeak nola izaten zuen Touringen emaitzaren berri Larzabaletik urrun jokatzen zuenean: «Zumardira dantzatzera joaten ginen. Taldeak irabazten edo berdintzen bazuen, Errenteriako Udal Bandak Touringen ereserkia jotzen zuen; eta ez bazuen jotzen, horrek esan nahi zuen galdu egin zuela».

Baina nola iritsi ziren Luis Mari eta Joxan Touringera? Lehenengoa Union Txiki klubeko presidente zela, Miguel Buen Lacambra garaiko Errenteriako alkateak herriko klub gehienak bakar batean biltzeko proposamena egin zuen. Eta errealitate bihurtu zen: Touringen barruan bildu ziren AVV Beraun, Beraun Berri, Union Txiki eta Touring bera, eta “Piramidea” bezala ezagutua izan zena sortu zen. Luis Mariri presidente izateko eskaera egin zioten eta hark, «lorturiko guztia apurtu ez zedin», onartu egin zuen kargua.

Joxan Larrainen historia desberdina da. Bigarren B Mailan zebilen Real Unioneko entrenatzailea zen. Futbolzale amorratuenek gogoratuko dute 1999-2000 denboraldia. Kopan Burgos, Valladolid eta Alaves kanporatu zituzten irundarrek, baina final-zortzirenetan Atletico Madrilen aurka kanporatuta geratu ziren.

Gauzak erabat aldatu ziren Joxanek Gaintxurizketan auto istripu bat izan zuenean, alaba Irati berarekin zegoela. «Horrek asko markatu ninduen. Orduan Piramidera etortzea proposatu zidaten. Espazio berri bat ireki zitzaidan», azaldu du Joxanek.

«Touringek gaur egun duen sasoi ona 2003tik gurekin ibili diren pertsona askoren lanaren ondorioa da», dio Luis Marik. Baina arantza bat geratu zitzaiola ere gaineratu du: «Pertsona horiekin konpromiso eta akordio batzuk genituen, baina azkenean ezin izan genituen bete, aipatu nahi ez dudan entitate batek ez zituelako klubarekin zituen konpromisoak bete. Eta ez da Udala. Hori oso barruan geratu zait, dena eman zuten pertsonengatik», adierazi du.

Momentu onak ere izan ziren, noski. «Nire ilusio handiena zen ume txikiek, irabazitakoan, hartzen zuten poza».

Bere unerik onena futbol eskolaren sorkuntza izan dela dio Joxan Larrainek. «Gaur egun, Hirugarren Mailako taldearen jokalarien herena futbol eskolatik pasatu da. Hori da harrobiko klub baten lorpenik handienetariko bat».

Erabakirik gogorrenak ere eskolarekin zerikusia du. «Futbol eskolan dauden 10-11 urteko umeak alebinen taldera pasatu ezinik utzi beharra da. Umeak banandu behar dituzula ikustea izan da zailena», azpimarratu du.

Emakumeen indarra

Azken urte hauetako lorpen handi batean ados daude biak: nesken taldearen sorkuntza. Luis Mari Larrainek, «soldadutza egin aurretik», Larzabalen jokatzen ikusi zituela gogoan du. Gaur egun ezagutzen den emakumeen arloa 2001. urtean hasi zen. 22 urte geroago, 150 neska inguru iritsi dira lehen taldean jokatzera.

Emakumeen ordezkaritza batek omenaldia jaso zuen martxoan. Bertan ibili ziren Larrain familiako beste senide batzuk: Irati eta Enara ahizpak. Nesken taldea sortu zen unean bertan aritu zen jokatzen Irati, ahizpa helduena.

Hasiera «oso gogorra» izan zela gogoan dute Larraindarrek, baina aldi berean «oso polita». Jokalari ohiak honela gogoratu du: «Garai hartan, 14 urte bete behar nituenean, Oiartzun eta Allerrutik deitu ninduten, baina Touringek taldea osatu behar zuenez, bertan geratu nintzen. Asko kostatu zen jendea ekartzea. 14 fitxa genituen. Pentsa, lehen partida atzeratu behar izan genuen ez genuelako jende kopuru nahikoa. Lehen partida ostegun batean 20.00etan jokatu genuen, jendez justu samar geundela. 0-8 galdu genuen Allerruren aurka».

Denboraldi osoa antzera joan zen. Aurkari moduan Oiartzun ere izan zuten. Talde horretan ondoren Realean edota Athleticen ibilitako zenbait jokalari zeuden eta anekdota bat dute: «Egun hartan 9-10 jokalari geunden eta galdu egin genuen. Aldageletan apustu bat egin genuen ia zenbat gol sartuko zizkiguten asmatzeko. 12 jokalari ez geundenez, inork ez zuen asmatu: 12-0 sartu ziguten».

Adin ezberdintasun handia ere nabarmena zen. Bere ondoan 21 eta 24 urte arteko adina zuten jokalariak zeuden eta aurkari askok 25-30 urte zituzten. Alboan aita zuen entrenatzaile -«asko ikasi nuen berarekin», azpimarratu du-, baina «nirekin exijenteagoa zen», onartu du.

Lehen urtea «okerrena» izan zela dio. «Neskatila bat nintzen eta, gainera, aita trajez jantzita etortzen zen», azaldu du. Egoera horrek beste arazo batzuk ere ekarri zituen: «Aldageletan entrenatzaileaz hitz egiten ari zirela entzuten nuen. Aitari buruz gauzak esateak barrua ukitzen dizu, eta 14 urterekin ez duzu nortasuna zu baino helduagoak diren neskei gauza pare bat esateko. Hala ere, aldageletan esaten zena bertan geratzen zen».

Joxanentzat, hasiera «gogorra» izan zen, «neskatilekin eta emakumeekin mentalki jokatu behar zenuelako emaitzekin»; baina «oso talde polita zen». Are gehiago, beraiekin gauza asko ikasi zuela dio: «Batez ere, transmititzen zuten ilusioarekin geratzen naiz. Ez niri bakarrik, klub osoari aurrera egiten lagundu zioten. Oso oroitzapen onak ditut».

Irati nesken beheko mailetako entrenatzailea ere izan zen eta bertan ahizpa Enara entrenatu zuen, geroago elkarrekin talde berean jokatu aurretik. Urte batez hirurek bat egin zuten: Joxan, Irati eta Enara.

Iratik gogoratzen duen pasarte garrantzitsu bat da Beti Ona eta Touringen artean zegoen «izugarrizko pikea» nola utzi zuten alde batera Euskal Liga talde berean jokatu zuten urtean. «Jokatu nuen lehenengo denboraldian, Fanderian elkarren aurka jokatu genuen lehen partidan, Ertzaintzak etorri behar izan zuen iskanbilagatik. Nik, 14 urterekin, beldurra pasatu nuen eta, egia esan, alde egin nahi nuen», azaldu du. Hala eta guztiz ere, «puntu horretara iristea eta ondoren talde berean elkartzea oso polita izan zen. Gainera nire kuadrillako lau lagunen aurka jokatzen genuen! Baten bat pikatu egiten zen [barre egin du]!».

Kapitaina izatea ere egokitu zitzaion Irati Larraini. Beretzat, ordea, karga handiegi bihurtu zen; nahiago zuen ez eraman. Dena dela, «neska berriren bat edo gazteagoren bat etortzen zenean, beti babesten nuen eta taldean sartzen saiatzen nintzen».

Bere eginkizuna, egun, infantilen taldea entrenatzea da. Gizonezkoek bezalaxe, emakumezko beteranoek partida bat jokatuko dute hilaren 24an mendeurrenaren harira. «Ilusio handia» egiten zion Iratiri jokatzeak, baina ezin izango du, pisu handiko arrazoi batengatik: ama izango da. Touringek badu etorkizuna.

Jokalari ohien afaria. TOURING K.E.

NIK TOURING-EN JOKATU NUEN

Imanol Carrillo

Herri Ametsa ikastolan lehenengo pausoak eman, Herrerako Sporting, Antiguoko eta Hirugarren Mailara igotzea lortu zuen Berion jarraitu eta ordura arte ezagutzen ez nuen Touring KE-n eman nion segida nire futbol ibilbideari... baita amaiera ere. Bizitza honetan gauza batzuk lehenago inongo susmorik izan gabe gertatzen dira. Eta gertaera hau horrelakoa izan zen, egun batetik bestera Errenteriako taldean jokatzen ikusi bainuen nire burua.

Txikia nintzenean, garai batean Mamut eta Pryca izenekin ezagutzen ziren supermerkatuetara gurasoekin erosketak egitera joaten nintzen aldiro, hortxe pasatzen ginen autoarekin Larzabal zelai zaharretik. Urteen poderioz, bertako belar naturaletik Fanderiako belar artifizialera pasatu zen kluba, eta Touringera iritsi baino urte batzuk lehenago jokatu nituen nire lehenengo minutuak zelai berri horretan. Gipuzkoako selekzioarekin izan zen, Bartzelonaren aurka, Lopez Ufarte Aste Santuko txapelketan. 1-1 amaitu zen partida eta, kasualitatez, nik ireki nuen markagailua lehenengo zatian ezker hankarekin sartutako gol bati esker, urte batzuk geroago zelai hori nire «etxea» bihurtuko zela jakin gabe.

Oraindik gogoan dut lehenengo eguna, aldageletan nire burua aurkeztu nuenekoa eta Titi entrenatzailea -erreportaje hau egiterako garaian jakin dut duela urte batzuk zendu zela- eta haren laguntzaile Manu ezagutu nituenekoa. Ez zaizkit ahaztuko bere garaian delegatua izandako eta ondoren harreran eta tabernan ibilitako Martin Lopezen irribarrea eta ikusten ninduen bakoitzean hark adierazten zidan adeitasuna ere; Joxan Larrain orduko kirol zuzendariak niregan jarritako konfiantza osoa; bere anaia eta presidente Luis Mari Larrainen babesa; orduan masajista bezala zebilen Santiren txiste txarrak eta min guztiak sendatzeko hark zituen esku bikainak; Oscar Goikoetxea “Goiko”ren boluntario-lana eta dedikazioa, nik goizez Fanderian entrenatu ahal izateko; edota izandako taldekide guztiak. Horietako bat aipatu beharko banu, hori Iraitz Lopetegi da, bien artean sorturiko konplizitate harremana oso garrantzitsua izan baitzen niretzat.

Touringen pasatu nituen zazpi denboraldiak errusiar mendi bat bezalakoak izan ziren: momentu onak pasatu genituen kirol arloan, baina baita txarrak ere; maila jaitsierarekin, besteak beste. Entrenatzaile asko ibili ziren arren, taldea beti bat eginda egon zen Aitor Franco, Alain Urrutia, Ekaitz Auzmendi, Eneko Maritxalar, Egoitz Mitxelena eta beste beterano batzuei edota Dani Neves eta Gabri Martinez aldagelako festazaleei esker -izen askoz gehiago ere aipa nitzake-. Ondoren ni bihurtu nintzen eskarmentu handienetarikoa zuen jokalaria, baina lana zela-eta futbola uzteko garaia iritsi zitzaidan eta, pena handiz, nire bigarren etxea bihurtu zen kluba atzeko atetik utzi behar izan nuen.

Pena batekin geratu nintzen, hala ere: Errenteriakoa eta Touringen jarraitzailea zen -eta ezagutu ez nuen- aitaginarrebarekin batera partidaren bat ikustera ez joan izana eta atezaina eta atzelari-erdilaria ziren bere bilobekin -nire ilobak- talde berean ez jokatu izana. Baina, horren truke, ozen, harro eta zoriontsu kontatu ahalko diet seme-alabei nik Touringen jokatu nuela eta mendeurreneko liburuan agertzen naizela. Hori bai, oraindik «the last dance» -azken dantza- egiteko aukera izango dugu, hilaren 24an, larunbat goizean, Fanderiako futbol zelaian, Realaren aurkako beteranoen partidarekin. Han egongo gara zuen zain!

Mila esker, Touring, eman didazun guztiarengatik!