Juantxo EGAÑA

Larrinagako espetxea, 1960ko hamarkadan

(RAMON AURTENETXE LUPIOLA. AURTENETXE FAMILIA FUNTSA)

Ramon Aurtenetxe Lupiola (1919-1983), Abadiñon jaioa, bere herriarekin, bere jendearekin konprometitutako gizona izan zen. Gerra garaian, eta oso gazte zela, Jagi-Jagiren “Lenago il” batailoian borrokatu zen. Frankismoko urterik zailenetan, Eusko Abertzale Laguntza erakundearekin kolaboratu zuen, presoei, erbesteratuei eta errepresaliatuei laguntzeko. Ramon Aurtenetxek bazekien espetxe barruko dokumentu grafikoak ateratzea zaila zela urte haietan. Bilboko Fika kaleko bere etxetik Larrinagako espetxeko patioetako bat ikus zezakeen eta bere kamerarekin jaso zituen urte haietako argazki batzuk, gerorako hor geratu direnak. Argazkian, presoek pasatzen zuten miseriaren adibide bat: Merced egunean (espetxeetako zaindaria), zezenketa baten simulazioa egiten. Irudia 1967-1968 urte ingurukoa da.