24 JUN. 2023 TXIRRINDULARITZA IPARRALDEAN Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ziklismoaren historia bildu dute liburu batean Ximun Larrek eta Francis Lafargue-k «L'histoire du cyclisme en Pays Basque Nord» lana argitaratu dute Elkarren eskutik. Hegoaldeko txirrindularitzak baino oihartzun apalagoa izan arren, Iparraldean izandako txapeldun handiak ezagutu eta aldarrikatzeko balio du. Ximun Larre eta Francis Lafargue, argitaratu duten liburua esku artean hartuta. (Patxi BELTZAIZ) Asier Aiestaran Elkar argitaletxeak "L'histoire du cyclisme en Pays Basque Nord" liburua argitaratu berri du. Francis Lafargue eta Ximun Larre dira egileak, Ipar Euskal Herriko txirrindularitza bikain ezagutzen dutenak, eta ezagutza hori zabaltzea eta belaunaldi berrientzat egoki gordeta uztea izan dute helburu. «Ondarea gordetzeko modu bat da eta liburuan aipatzen ditugun pertsonaiak eta gertaerak betiko gordeta geldituko dira. Beharrezkoa zela uste dut eta garrantzitsua», aurreratu digu Lafargue-k. Ximun Larre kazetariak aipatu digunez, Ipar Euskal Herriko txirrindularitzaren historiaz idazteko asmoa aspalditik dator. «Egia errateko, bagenuen mamia prest lehendik ere. Duela urte batzuk Francis gauza batzuk idazten hasi zen bere aldetik. Gainera, argazki historiko franko zituen gordeta, ziklismo munduko jende aunitz ezagutzen duelako. Ene aldetik, banuen gogoa txirrindularitzaz zerbait idazteko, baina ez nuen pausoa egin. Eta egun batean, biok Francisen etxean ginela, ordenagailu aitzinean argazki zaharrak ikusten, argazki biziki ederrak zirela iruditu zitzaidan. Benetako altxorra. Eta pentsatu nuen: ez da posible hau ordenagailu batean lo uztea, honekin zerbait egin behar da. Eta proposatu nion zergatik ez genuen biok elkarrekin liburu bat egiten. Horrela sortu zen ideia. Testu batzuk lehendik idatzita zeuden, beste batzuk berridatzi egin behar izan dira... Baina gauzak oso fite joan dira, lan asko aitzinetik eginak zirelako». Liburua posible egin duen beste faktorea aurten Tourra Euskal Herritik irtetea izan da. Proiektua martxan jartzeko behar zuten bultzada izan dela esan liteke. «Frantziako Tourra Euskal Herritik irtengo da aurten. Bistan da, aunitz hitz egin da eta hitz egingo da gaiaz, eta pentsatu genuen zerbait egin behar zela horrekin lotuta. Aunitz aipatuko da Euskal Herria, Euskal Herriko afizioa... baina seguruenik Hegoaldera begira hitz egingo da gehienbat. Eta pentsatzen genuen Iparraldeaz ere hitz egin behar zela. Argi dago hemen ziklismoak ez duela Hegoaldean duen pisu bera, baina badugu lotura, eta badugu historia eder bat kontatzeko. Gainera, ikusten dugu historia hori apur bat galtzen ari dela, eta beharrezkoa zela kontatzea. Ondare hori nolabait atxikitzeko eta transmititzeko zerbait egin behar zela pentsatu genuen», azaldu du Mediabask eta Velo-club hedabideetako kolaboratzaileak. Lafargue-ren zaletasuna Esan bezala, liburu hau posible egiteko ezinbestekoa izan da Francis Lafargue lapurtarrak urte luzez pilatu duen dokumentazioa. Txirrindularitza-zale amorratua txiki-txikitatik, Miguel Indurainen garaian egin zen famatu Francis, txirrindulari nafarraren alboan egon zelako hark irabazitako bost Tourretan. Indurainen gertuko laguntzailea izan zen, bai itzultzaile lanetan bai beste edozein beharrizanetan eskua botatzeko. Lehenago Pedro Delgadorekin ere ibilitakoa, urte asko eman zituen Jose Miguel Echavarri eta Eusebio Unzueren egituran, eta azken urteotan Euskadi-Murias eta Kern Pharma taldeen ordezkari moduan ere aritu da Estatu frantsesera begira. Liburuaren azala. «Aspalditik ibili naiz ni honetan. Oso gaztetatik hasi zen nire zaletasuna, txirrindularitza mundua aspalditik ezagutzen dut. Ni Biarritzen jaioa naiz, tren geltokiaren alboan, errepide nazionalaren parean, eta han Tourrean lan egiten zuen mekaniko bat egoten zen (Joseph Borthayre). "Brooks" eserleku markaren espezialista zen, eta marka hori erabiltzen zuten txirrindulari asko ezagutzen zituen: Loroño, Anton Barrutia, Bahamontes; frantsesak ere bai, Jean Bouvet, Anquetil eta konpainia. Niri gizon hark sartu zidan zaletasuna, kontatzen zizkidan pasadizoak-eta entzunez», gogoratu du Lafargue-k. Eta zaletasun horretatik hainbat proiektu jaio izan dira urtea joan urtea etorri: «Alde batetik eta bestetik txirrindulari-ohien argazki mordoa iritsi dira nire eskuetara, eta urteotan gordetzen joan naiz. Gainera, aldez aurretik beste bi liburu ere idatziak ditut. Norbaitek armairu zaharren batean aurkitu dituelako, edo txirrindulari-ohien etxeetan. Albert Dolhats-en etxean, adibidez. Edo Paul Maye-ren alabaren etxean. Paul Maye baionarra gerraosteko txapeldun handia izan zen. Kanbon ere badugu lagun handi bat, txirrindularitza museo eder bat daukana, Henri Breuille. Hori bizikletara, mekanikara, zuzenduta dago gehiago, baina han ere badira artxibo eta dokumentu interesgarriak: hainbat lasterketatako argazkiak, irabazleen argazkiak...». Orain argia ikusi duen liburua ere dokumentazio lan horretan oinarrituta dago, eta Ximun Larrek animatu zuen Francis lana martxan ipintzera. «Egun batean Ximunek esan zidan ‘honekin zerbait egin beharra daukagu, liburu bat edo’. Nik bi eginak nituen eta banekien zer lan eskatzen duen, baina pentsatu nuen bion artean zerbait polita egin genezakeela. Eta aitzakia ederra eman zigun aurten Tourrak berriz ere Baionan etapa amaiera bat izango zuela jakiteak. Lanean hasi ginen eta emaitza liburu hau da». Gerraosteko izen handiak Liburuaren izenburuak gai zabala iradokitzen du, eta Ximun Larrek azaldu digu lana nola egituratu duten. «Badira hiru zati liburuan. Lehendabiziko partean protagonistak aipatzen ditugu. Aunitz txirrindulari, oraingoak eta lehengoak, baina txirrindulariak ez direnak ere badira: kirol zuzendariak, laguntzaileak... Horrelako jendea. Bigarren partean lasterketak aipatzen ditugu. Batez ere Frantziako Tourra, bistan da, aspalditik pasatu izan delako Euskal Herritik. Baina baita beste batzuk ere profesional mailan. Espainiako Vuelta, askotan pasatu delako hemendik; Euskal Herriko Itzulia ere lehen hemendik pasatzen zen. Eta amateur mailan ere lasterketa aunitz antolatu dira. Finitzeko, bada beste atal bat, taldeei buruzkoa. Une honetan ez dira aunitz, baina lehen baziren gehiago eta horiek aipatzen ditugu», zerrendatu du. Hain zuzen ere, Ipar Euskal Herriko txirrindulari historikoak ezagutzea izan daiteke liburu honen ekarpen nagusietako bat, horietako asko erabat ezezagunak direlako Hegoaldean. Asko dira, baina Ximun Larrek zein nabarmenduko lituzke? «Marcel Queheille aipatu liteke, duela pare bat urte hil zena. Zuberotarra. Bera da Frantziako Tourrean etapa bat irabazi duen Iparraldeko azken txirrindularia. 1959an izan zen, Baionan, eta geroztik ez du hemengo nehork Tourreko etaparik irabazi», ekin dio kazetariak. «Eta beste bat, hemendik kanpo ere oso ezaguna dena, Andre Darrigade dugu. Sortzez landestarra da, baina aspaldian bizi da hemen, Euskal Herrian, Biarritzen. Historiako txirrindulari onenetako bat izan da, eta liburua idazteko aitzakiaz une oso hunkigarria bizi izan nuen bere etxean. Bere etxeko paretetan argazki gogoangarriak daude: Fausto Coppi, Anquetil, Bouvet... Horrelako txirrindulariak daude argazkietan, eta bera orduko oroitzapenak kontatzen. 94 urte ditu, baina biziki ontsa da, biziki zuzen. Munduko txapelduna izana da, baina biziki sinple, biziki umil hitz egiten du beti. Pertsona hori ezagutzea biziki hunkigarria izan da niretzat», gehitu du. Ximun Larre gaur egun 94 urte dituen Andre Darrigade txapendun handiarekin hizketan, Baionan egin zen aurkezpen ekitaldian (Patxi BELTZAIZ) Francis Lafargue-ri ere eskatu diogu zaleentzat ezezaguna izan daitekeen ziklistaren bat aipatzeko. «Erabat ezezaguna ez nuke esango, baina bai agian guk, eta zer esanik ez gaur egungo gazteek, ezagutu ez ditugunak. Ziur gaur egungo gazte gehienek ez dakitela Roger Lapebie izeneko baionar batek Tourra irabazi zuela 1937an, eta Baionan izen hori duen kale bat dagoela horregatik. Arraroa izan liteke, baina hori da egoera. Pentsa ezazu Tour irabazle hori bilbotarra edo donostiarra izan balitz zein desberdina izango zatekeen oihartzuna», hausnartu du. «Edo lehen aipatu dudan Paul Maye bera. Ezagutzeko aukera izan nuen Baionako belodromoaren zuzendaria zenean. Txapeldun handia zen, Paris-Roubaix irabazitakoa 1945ean, gerraostean. Roubaix-era zoazenean, bertako dutxa famatuetan irabazleen izenak agertzen dira eta tartean dago Mayerena, baionar batena. Hori ere jende askok ez du jakingo, baina ni hunkitu egiten naiz baionar bat hainbeste txapeldun handiren artean ikusita. Paris-Tours klasikoa ere hiru aldiz irabazi zuen eta Frantziako esprinter onena zen garai hartan, historiako onenetako bat dela esatera ausartuko nintzateke. Boxeoan ere aritu zen, igerian Aturri ibaian... Erretiroa hartu zuenean taberna bat ireki zuen Baionan, Pannecau kalean. Ezagutzeko aukera izan nuen. Nire aitarekin hartzen zuen aperitifa eta egun batean aipatu zion bere semeak, nik alegia, Tourra ongi ezagutzen zuela, eta oso lagunak egin ginen. Argazki album bat utzi zidan, balio handiko argazkiak zituena. Eta argazki horiek mila hitz baino gehiago adierazten dute askotan», gehitu du. Ilusioa urte zailen ostean Aipatu dizkiguten izenak aspaldikoak dira, eta horrek argi erakusten du zenbait hamarkadatan Ipar Euskal Herriko txirrindularitzak izan duen apalaldia. Garapen hori ongi ezagutzen du Francis Lafargue-k, eta testuingurua ulertzen lagundu digu. «Gerraosteko urteetan, 1950eko hamarkadan, txirrindularitzak urrezko aroa izan zuela esan daiteke. Ia egunero zeuden lasterketak, eta maila guztietakoak, hasi gaztetxoenetatik eta profesionaletaraino, nahiz eta gehienak amateurrak ziren. Lasterketa asko, txirrindulari asko... Guk "sud-ouest" deitzen diogun Frantziako hego mendebalde guzti horretatik etortzen ziren ziklistak, sariak ere aintzat hartzekoak ziren garai hartarako... Eta, noski, horrek publikoa erakartzen zuen». Argi dago konparazioek ez dutela asko balio: «Beste ohitura batzuk zeuden: langileak lanetik irtendakoan lasterketak ikustera hurbiltzen ziren, adibidez. Udan ere herri bakoitzak bere Sari Nagusia antolatzen zuen festetan, askoz errazagoa zelako administratiboki lasterketak antolatzea. Badakigu Hegoaldean ere oraintxe nola dagoen egoera antolatzaileentzat. Lasterketak babesten zituzten aperitif markak ere baziren, orain debekatuta dagoena. Laguntza asko eta jendearen aldetik ere gogo handia, zenbait urtez gerraren miseriak sufritu ostean. Baina gero beste kirol batzuen konpetentzia agertu zen. Hasieran errugbia edo pilota, esaterako, eta belaunaldi berriekin beste hainbat, surfa edo beste edozein. Interesa galtzen joan da apurka-apurka eta lizentziak galtzen joan gara hamarkadaz hamarkada». 1925ean Biarritzeko itsasargi inguruan korritutako abiadura lasterketa (AMICALE BIBI) Ximun Larrek ere onartu du izandako beherakada, baina azken urteotan egiten ari den lana aipatu digu, etorkizunera begira garrantzitsua izango dena: «Urte ilun batzuk igaro ditugu, baina nahi nuke nabarmendu azken urteotan berriz ere apur bat indartzen ari dela. Duela bost urte, adibidez, Tourra Senperetik igaro zen, eta Senperen talde berri bat sortu dute duela gutxi. Donibane Lohizunen ere sortu dute beste talde bat. Eta duela bi urte junior mailako talde bat ere sortu zuten, Team Iparralde izena duena. Helburua litzateke Iparraldeko gazte onenak bateratzea Hegoaldeko lasterketetan korritzera joateko. Horietatik onenak pasatuko dira goiko amateur talde batera eta, beharbada, egunen batean profesional izateko aukera izango dute. Erran nahi dut, aunitz galdu dugu, lasterketa aunitz galdu ditugu, lehen herrietako bestetan, adibidez, baziren lasterketak ia asteburuero. Horretara ez gara itzuliko, noski, baina nahi nuke azpimarratu urte ilun batzuen ondoren argi apur bat ikusten ari garela». Eta azken hamarkadan profesionaletara iritsi diren ziklistak ere nabarmendu nahi izan ditu: «Queheille eta Darrigade aipatu ditut lehen, baina Romain Sicardek ere merezi du aipamena. Biziki txirrindulari ona izan da. Munduko txapelduna gaztetan, Frantziako Tourra askotan korritu du... Duela bi urte bizikleta utzi zuen bihotzeko arazo bat tarteko. Orain badugu beste txirrindulari profesional bat, Cyril Barthe. Bere aita biarnesa da, baina ama euskalduna. Hegoaldean izana da; Euskadi-Murias taldearekin pasatu zen profesionaletara. Orain Espainian dabil, Burgos-BH taldean. Gure profesional bakarra da oraingoz, baina gure nahia da beste bat edo bi izatea. Izan ere, profesional bat baduzu zure herrian edo ondokoan, horrek giro bat sortzen du gazteak txirrindularitzara hurbiltzeko. Garrantzitsua litzateke, beraz, bizpahiru profesional izatea grina hori berriz ere pizteko». Francis Lafargue-k ere ez du esperantza galdu etorkizunera begira txirrindularitza indartzeko. «Zorionez, oraindik ere gaztetxo batzuk badaude ziklismoan lehiatu nahi dutenak, eta esango nuke agintariek ere ulertu dutela lagundu egin behar zaiela. Team Iparralde taldea hor da, adibidez. Klub bakoitzeko ziklista onenak batzen ditu eta mugaren bestaldean Hegoaldeko egutegia korritzeko aukera dute. Errazagoa da Gipuzkoara joatea Perigueaux-era joatea baino, Bordeletik aurrera joanda. Bizitzan bezalaxe esperantza da kirolean inoiz galdu behar ez dena». «Ez da posible hau ordenagailu batean lo uztea, honekin zerbait egin behar da», pentsatu zuen Ximun Larrek Francis Lafargue-ren argazki artxibo mardula ikusi zuenean Tourra Euskal Herritik irtetea izan zen lanean murgiltzeko behar zuten aitzakia. «Aunitz aipatuko da Euskal Herria, baina seguruenik Hegoaldera begira hitz egingo da gehienbat» Roger Lapebie, Andre Darrigade edota Paul Maye txapeldun handiak izan ziren, baina ez dira oso ezagunak. Oihartzuna oso bestelakoa litzateke Hegoaldean jaioak izan balira Argazkiz bikain hornitua, frantsesez idatzitako liburuak 136 orrialde ditu eta 20 euroko prezioan dago salgai Iparraldeko hainbat dendatan eta Elkar argitaletxearen webgunean