01 JUL. 2023 FAXISMOAREN AURKAKO 31 ISTORIO Memoria gordetzeko liburua, eta autoritarismoaren aurreko antidotoa 1936ko gerrako narrazio berriak dakartza Iban Gorritik bigarren liburuan: «31 vidas antifascistas vascas» (Desacorde). Gertakariekin batera, istorio horien memoria faxismoaren kontrako «antidoto» gisa planteatu du. Bidea ez da hor amaituko, istorio gehiagoren «bozgorailu» izan nahi duten proiektu berriak ditu eta. Lucio Urtubia euskal anarkista ezagunaren ingurukoa da liburuak jasotzen dituen 31 bizitzen kroniketako bat. (Iban GORRITI) Nerea Goti Zazpi urte zituen nazien eta faxista italiarren abiazioak Gernika bonbardatu zuenean. Hauts eginda ikusi zuen bere etxea 1937ko apirilaren 26 hartan. Handik metro batzuetara zortzi hildako utzi zituen jaurtitako bonba batek. Ezabaezina izan behar duen esperientzia horrekin hazi zen neskato hura. Pariserako ihesaldia heldu zen ondoren. Haurra zen eta bizitzak aurrera jarraitu zuen. Han, Segundo Olaeta dantza konpainia historikoan aritu zen: «Ez zigun hitz bakar bat ere gaztelaniaz hitz egiten uzten», kontatu du Pariseko egun haiez, baita Eresoinka euskal abesbatza ezagutzeko aukera izan zuela ere. Crucita Etxabe gernikarraren kontakizunaren zati bat da aurrekoa, “31 vidas antifascistas vascas” liburuak bildu dituen lekukotasunetako bat. Desacorde argitaletxearekin errepikatu du Iban Gorritik (Durango, 1970), “31 vidas, el bombardeo contra Durango” liburuaren ondoren. Bigarren argitalpen hau abenduan Durangoko Liburu eta Disko Azokan aurkeztu eta liburu-dendetako ibilbidea hasi zuen. Bigarren lanak Durangon zentratutako liburuaren ajeari erantzun dio neurri batean. Hura argitaratu zuenean, gerra garaiko lekuko askok beste kontakizun batzuk berreskuratzeko beharra azaldu baitzioten, orrialde haietan azaldu zuen bezala. Bide horretan bigarren liburu hau dago eta ez da azkena izango, beste bat etorriko da eta. Saga moduko horretan, 31 da errepikatzen den zifra. Behin baino gehiagotan kontatu du esanahi ugariko zenbakia dela berarentzat. Hemezortzi urterekin, Durangoko bonbardaketaren inguruko hitzaldi bat iragartzen zuen kartelak piztu zuen Gorritirengan gerrako gertakarien inguruko jakin-mina. Bonbardaketaren datak, martxoaren 31k, eman zion izena gaztetan izan zuen rock taldeari eta gainera, «nolabaiteko zirkulu bat ixten zuen», 31 urte bete zituelako kazetaritzaren munduan lehen liburua argitaratu zuenean. «Erreferentzia hori mantendu nahi izan dut, nire herrian gertatu zenaren omenez, eta lan hauen oinarrian egon denari jarraipena emanez», esan du bi lanen arteko nolabaiteko haria den zifra horretaz. Zornotzan jaurtitako bonbak Liburua esku artean hartzen duenak 1936ko gerrako istorio hutsak baino gehiago aurkituko du; biografiatik asko duten kontakizunak daude, baina ez dira ohiko biografia estilokoak. Lekukotasun horiek zuzenean izandako elkarrizketetan oinarritzen dira batzuetan; historiagileek emandako datuetan, garaiko agirietan edo argitaratutako lanetan, beste zenbaitetan. «Ez naiz inoiz beste liburu batean oinarritzen, beti saiatu naiz beste iturri batzuk ematen edo zerbait gehiago eskaintzen, eta ez naiz ni izango beste autore batzuek esandakoa laburbilduko duena; saiatzen naiz familia aurkitzen, beste daturen bat ematen, edo horretan nork lan egin duen bilatzen eta argitaratu gabeko ezer ote dagoen galdetzen, baina beti iturriak aipatuz», komentatu dio GAUR8ri. Zornotzan finkatu dugu hitzordua kazetari durangarrarekin. Kontaezinak dira gerratik bizirik atera zirenekin egindako elkarrizketen bidez bildu dituen testigantzak. Hemezortzi urterekin berarentzat ezezaguna zen bonbardaketa haren berri izateak inpaktu handia izan zuen Gorritiren ibilbidean. Errelato horien bozgorailua izateko beharra aipatzen du sarritan, baina beste helburu bat ere badu: iragana berreskuratzea, faxismoaren aurkako hesi bat altxatzeko, batez ere belaunaldi gazteei zuzenduta. «Informazioa da ideologia horien aurreko langa indartsuenetako bat, eta eskubide eta askatasunen alde borrokatu zutenen kontakizuna informazio horren zati handi bat da, lehen pertsonan konta dezaketelako faxismoa noraino hel daitekeen», adierazi du. Iban Gorriti kazetaria eta liburuaren egilea (Aritz LOIOLA / FOKU) Zornotzako plazan egin dugu hitzordua eta handik ez oso urrun eraberritutako etxe zahar batzuk daude. Hirigunean ez dago eraikin zahar askorik gaur egungo Zornotzan. Horren harira, Arratia eta Durangaldearen arteko mugako udalerria 1937an bonbardatutako bat izan zela dio Gorritik, nahiz eta oso ezaguna ez izan. Gernika, Durango eta Otxandiokoen artean «ahaztuenetako bat da Zornotzakoa», dioenez, eta hala eta guztiz ere ez zen bonbardaketa txikia izan. «Gernika eta Durango artean dago Zornotza, eta hemen Durangon erabili zituzten bonba leherkorrak eta Gernikan botatako su-eragileak jaurti zituzten», dio. Detaile horren inguruan sakontzeko eskatuta, aipatu du Durangon bonbak erortzen zirenean eztanda egiten zutela, baina Gernikan jaurtitakoak ezberdinak zirela, sua eragin eta dena txikitzen zutela. «Horregatik, Durangon alde zaharra gehiago mantendu da eta Gernikan, ez». «Durangon, 200 etxe inguru izan ziren kaltetuak, eta batzuetan bonbek sua eragin bazuten ere, ez zen Gernikakoa bezalakoa izan», erantsi du. Zornotzan, aldiz, bonba mota biak erabili zituzten. Bidegurutzea zenez jomuga zen, eta txikitu nahi zuten. «Ohartzen bazara, ia herri osoa da berria. Gainera, gogoratu behar da hogei egun inguru iraun zituela bonbardaketak», zehaztu du. Datu asko badago ere, agerikoa da bide luzea geratzen dela egia osoa, aitortza eta erreparazioa lortzeko, baina bitartean, geratzen diren ahots horiek itzaltzen ari dira. Batzuetan pentsa daiteke dena kontatuta dagoela edo, behintzat, kapitulu handi baten amaierara hurbiltzen ari garela. Hala ere, «oraindik asko dago deskubritzeko», Gorritiren hitzetan. Ez da sentsazio hori entzun duen lehen aldia. Gogoratu du behin baino gehiagotan entzun duela ez duela merezi buelta gehiago ematea, dena kontatuta dagoela, baina hori errealitatetik oso urrun dagoela nabarmendu du: «Informazio asko dago argitara emateko, eta jende asko ari da lanean horretan. Gainera, oraindik ere desobiratze asko dago egiteko, eta exhumazio horiek gako berriak ekarriko dituzte. Zorionez, Euskal Herrian badugu Espainian gertatzen ez den zerbait, gauza horiek egiteko joera handiagoa dugu, era batera edo bestera Euskal Herri gisa dugun nortasuna mantentzen dugulako». Dakiguna, «icebergaren punta» Nabarmendu du, gainera, orain arte aurkitutakoa «icebergaren punta» baino ez dela: «Askoz gehiago jakin behar dugu, paperetara heldu behar dugu eta horien bidez gertatu zena jakin. Horretarako artxibo guztiak bisitatu ahal izatea falta da, oraindik desklasifikatu gabe daudenak eskuratu ahal izatea». Horrekin lotuta, Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularreko presidentearen hitzak ekarri ditu gogora: «Espainiako presidente hautatzen badute, memoria historikoarekin bukatuko duela esan du; horrek esan nahi du beste atzerapauso bat emango dugula. Hemen borroka bat dago egia berreskuratu nahi dutenen eta hori ezkutatu nahi dutenen artean. Feijook berak hitz egin du aitonen borrokaz, baina, aldiz, ETAz hitz egiten dute, duela urteak desagertu zen arren». Desagertzen ari diren ahots horien harira, duela gutxi ia 101 urterekin zendu den Juan Azkarate aipatu dugu solasaldian, liburuak jasotzen dituen istorioetako baten protagonista baita bermeotarra. «Azken itsas-gudaria zen, Eusko Itsas Gudarosteko azkena», adierazi du Gorritik. Maite eta Conchita Elortzaren istorioak bildu ditu liburuak. Maite Gernikako bonbardaketaren egunean jaio zen; Conchita ahizpa eta Antonio neba Astrako babeslekuan sartu ziren, arreba txikia ezagutu nahi zuten, baina geldirik eta isilik egoteko esaten zieten (Iban GORRITI) «Hil baino egun batzuk lehenago joan nintzaion bisitan eta betiko lagunak izango ginela esan zidan; hori nonbait tatuatzekotan nago», dio durangarrak hunkituta. Azkarateren hileta elizkizunetan egon zela kontatu du, Bermeon, eta azpimarratu duenez, bertan ez zen ez Lakuako Gobernuko ez Foru Aldundiko ezta gainontzeko erakundeetako ordezkaritza ofizialik egon. «Ez dakit jabetzen diren euskal gudaroste bakarraren azkenak direla, bizia eman zutenak, ez bakarrik Euskadirengatik, baita eskubide eta askatasunengatik ere, esaten zuten bezala». Penatuta erantsi du omendu dituztenean argazkirako izan dela askotan: «Ehunka omenalditan egon naiz eta bizirik geratzen zirenei ez diete hitz egiten utzi». Borrokalari horien agurrek beste trataera ofizial bat izan beharko luketela dio. Isilpean gordetako bortxaketa Itzul gaitezen une batez liburuan jasotako istorioetara. Lekukotasun horietako asko protagonistekin zuzenean izandako elkarrizketetan oinarrituta daude. Izan ere, zenbatezinak eta askotarikoak dira azken hamarkadetan durangarrak 1936ko gerra bizi izan zutenekin edo haien senideekin izan dituen solasaldiak, eta ez dira kontaktu puntualak izan. Adiskidetasun harremanak sortu dira elkarrizketa horien inguruan, seguruenik gordetako bizipenak kontatzeko aukera ematea eta horiek zuzenean entzutea, pertsona horien azalean jarrita, esperientzia bitxia delako lekukoarentzat zein elkarrizketatzailearentzat. Urte luzez kanpoko inorekin edo oso gutxirekin partekatutako hori argitaratzeko kontatzeak, hain zuzen ere ia bizitza osoan gertatu ez balitz bezala egin behar izan zutenean, egoera bereziak sortzen ditu, nekez ahaz daitekeelako bizi izan zutena, eta hala ere, ez zaielako behar bezalako trataera eman, egilearen ustez. Izan ere, oroitzapen latz ugari daude liburuan: ama umetan agurtu behar izatea eta 30 urte geroago berreskuratzea, kasu. «Ez nuen emakume hura errekonozitzen, ‘Josefa’ deitzen nion», kontatu du liburuko protagonistetako batek. Beste emakume baten bizipenak berreskuratu dira, hamarkadetan isilpean gorde ostean azaleratuak. Elgetan bortxatua izan zela jakinarazi zuen etxean 50 urte baino gehiagotan isilpean izan ostean. Hamalau urte zituen gertatu zenean. Eskuko bi atzamar falta zitzaizkion. Adineko pertsona zen etxekoei egia osoa kontatu zienean. «Bere ilobarekin jarri nintzen harremanetan eta berak kontatu zidan urteetan inori kontatu ez ziona. Uste dut zintzotasun, ausardia eta kemen erakustaldia dela», dio Gorritik. 1937ko apirilaren 25ean izan zen, Gernika bonbardatu aurreko egunean. Egun hartan, armada faxista baserrira heldu zen. Emaztea eta alaba babestu nahian sartzen utzi ez ziela-eta, lehenengo aita hil zuten tiroz; ama ordu batzuk geroago hil zen Donostiako ospitale militarrean eta alaba ere ospitaleratua izan zen. Aitaren zauria ixten saiatu zenean, tiro bat jaso zuen neskato hark eskuan eta bi atzamar galdu zituen. Atzamarrak arbola batetik erorita galdu zituela kontatu zuen gero, egia kontatzea erabaki zuen arte. Etxekoek gogoan dute gertakari horiek eragin zioten trauma. Anagrama zizelkatu zuena Bizitza antifaxista horien artean, pertsonaia ezagunak ere badira; Felix Likiniano Heriz, ETAren anagrama zizelkatu zuen ideologo anarkista, edota Candido Saseta Eusko Gudarosteko komandantea, esate baterako. Azken horren istorioan, bere heriotzaren inguruko kontakizunen epikotasuna zuzentzen duten datuak eman ditu Iban Gorritik. Sasetak Asturiasen izan zituen azken egunak garai hartako dokumentu ofizialen epikatik at nolakoak izan ziren erakusten dute telegramek, azaldu duenez. Argitaratu gabeko dokumentuetan oinarrituta, Candido Sasetaren inguruko biografia objektiboa idatzi behar zuen Iban Gorritik, GAUR8ri adierazi dionez. Gordetzen diren garaiko zenbait agiri eta mezu telegrafiko dira, baina jaso zuen enkargua beste pertsona baten esku utzi du, azkenean, Gipuzku Buru Batzarrek, azaldu du kazetari durangarrak: «Nire ustez, logikoa denez, garaiko gertakari asko epikaz inguratuta heldu zaizkigu, baina orain falta da, hain zuzen ere, egia berreskuratzea, ez epikan baizik eta garaiko agirietan oinarrituta, objektibotasunez». Iban Gorriti kazetaria, Durangon, bere azken liburuarekin (Aritz LOIOLA / FOKU) Gorritiri, hala eta guztiz ere, ez zaizkio proiektuak falta. Emakumeek gerran, lehen lerroan eta atzegoardian burutu zuten lana izango da horietako bat, historiagile feministen ikuspegiak errepasatuz. Beste egitasmo bat ikastetxeekin lotuta dago, eta Uxue Martinezekin batera garatu du, historia ikasgeletara eraman eta ikasleen hausnarketa bultzatzeko: «Transmititzen diegu demokrazia aniztasuna dela, edozein bizitza proiektu aurrera eramateko aukerak ematen dituena, eta faxismoa ez dela beste ikuspuntu bat, feminismoa eta matxismoa parekatzea bezalakoa dela, ezinezkoa». HURRENGO PROIEKTUA, EMAKUMEENTZAKO «BOZGORAILUA» Alicia Casanova, «Barakaldoko matrioska»; Felipa Dominguez, «euskal milizia antifaxistetako emakume bakarra»... Emakume izena duten hainbat kontakizun bildu ditu Iban Gorritik azken liburuan. Hurrengoa 1936ko gerra bizi izan zuten emakumeei buruzkoa izango da erabat, «ahotsa izan dutelako, baina ez bozgorailua», dioenez. Emakume haien istorioak ikusaraztea falta dela dio durangarrak, eta horretan jarriko du fokua hirugarren lan horretan: «Ikusezin bihurtu zituzten, bertan zeuden, baina inork ez zuen haiei buruz hitz egin. Elkarrizketak egiten daramatzadan 30 urteetan, emakume batekin hitz egiten duzu, eta ez dakit noren emaztea, ama... dela esaten dizu. Gizonak jartzen dituzte lehen planoan erreferente gisa». Azken liburu honetan, generoaren araberako presentzia orekatua eskaini nahi izan du. Bitxikeria modura esan daiteke azalean bere familiaren argazki bat ageri dela. Irudi horretan, amamaren figura nabarmendu du. Carmen Oñate zuen izena, anarkista zen eta kartzelan egon zen. Neba ezkutatzeagatik atxilotu zuten. Ziegan zegoenean jakinarazi zioten nebak bere buruaz beste egin zuela. Bere ustez, ezkutuko exekuzio argia izan zen, gogoratu du Gorritik. Hori bezalako istorio asko dago, eta emakumeek ez dute protagonismo berezirik izan «oso paper garrantzitsua izan arren». «Batzuk frontean ibili ziren, baina Errepublikako Gobernuak zein Agirre lehendakariak bertatik kendu zituzten, sexu kontuen aitzakiarekin, eta hala ere, bizitza arriskuan jarri zuten informazioa kartzeletara eramaten, seme-alaben eta adinekoen zaintzaz arduratu ziren...». Egiten zuten lanetan sakontzeko eskatuta, atzegoardiarekin lotutako guztia nabarmendu du: «Batailoien hornidura, gudarien eta gainontzekoen jantziak... eta ez da ahaztu behar erresistentzia sareetan izan zuten papera». Frontean izan ziren emakume horien inguruan, milizianoen artean izan zuten protagonismoaz galdetuta, aipatu du arlo ideologiko guztietan nahiko parekatua izan zela, baina gerta zitekeela ezkerreko ideologia aurrerakoiagoagatik lehen lerro horretan anarkisten, komunisten... presentzia handiagoa izatea, eta hori ere aztertuko du ataletako batean. Al igual que los prospectos de los medicamentos, el autor presenta el libro como un remedio contra los efectos que producen las «pesquerías propaganderas, casposos» Kezkagarritzat jo du Gorritik Estatu espainolean muturreko eskuinari ematen ari zaion legitimazioa eta hartzen ari den pisua, «eta Euskadin sartzen hasi zaizkigu» QR kode baten bidez, Iban Gorritik berak beste musikari batzuen ondoan memoria historikoarekin lotuta grabatutako kantak eskura daitezke liburuan Figura erreferentzial ezagunen inguruko istorioez gain, narrazio ezezagunak daude, kontakizun latzak eta hain ezagunak ez diren zenbait bitxikeria