01 JUL. 2023 { ANALISIA } Nola gurutzatzen dira hitanoa eta generoa arnasguneetan? Mahaian, Garbiñe Bereziartua eta Onintza Legorburu, Manex Mantxola moderatzailearekin batera. (Jon URBE | FOKU) Maider Iantzi Kazetaria Arnasguneak, generoa eta hitanoa, hiru aldagai horien arteko elkarrizketa sortu dute Onintza Legorburu Larrea eta Garbiñe Bereziartua Etxeberria ikerlariek. Lehena Gizarte Langintza eta Antropologian graduatua da, Emuneko aholkularia. 1993an jaio zen Antzuolan. Bigarrena pedagogoa eta EHUko irakaslea da, 1977an sortutako azpeitiarra. Hitzaldia eman dute UEUren udako ikastaro baten harira, Tolosan, honako galdera honi erantzunez: nola gurutzatzen dira hitanoa eta generoa arnasguneetan? Egiari zor, galdera gehiago sortu dira erantzunak baino. Entzuleei aunitz interesatu zaizkie planteamenduak, batez ere ordura arte begiratu gabeko ikuspuntuak deskubritu dituztelako. Hizlariak ere sentsazio onarekin atera dira, jasotako ekarpen guztiekin aberastuta. Garapena Lau galderaren baitan egituratu dute mahai-ingurua. Lehenengoa: nola erabiltzen zen hitanoa iraganean eta nola garatu da azken hamarkadetan? Bertze hizkuntza batzuetan pasatzen direnak pasatu direla azaldu dute; hau da, hitanoarekin gertatu direnak ez direla kontu bereziak. «Beste hizkuntzetan ere badaude tratamendu formalerako eta informalerako aukerak. Botere kontuak isla ditzakete. Balio sinboliko horretatik baliatzen ditugu tratamendu horiek, harremanak moldatzeko tresna bezala erabiltzen dugu hizkuntza. Hitanoak goitik behera hitz egiteko balio izan du. Behean zegoenak ezin zuen hika erantzun». Bertze alderdi bat ere badu: «Parekoen arteko gertutasun edo kidetasun bat adierazteko balio du, hori indartzen du». Horretan denean generoa nola gurutzatu izan den begiratu dute Bereziartua eta Legorburuk. Hitanoaren hizkeran bertan botere dinamikak ematen badira, hor generoaren ardatza sartzen badugu, bertze botere dinamika batzuk sortzen dira. Errate baterako, espazio publikoa gizonezkoen presentziarekin bakarrik busti da, emakumezkoak etxean gelditu diren bitartean, egiturazko bertze kontu batzuengatik. Horrek eragina izan du hitanoaren biziraupenean edo galeran. Nokaren galera Nokaren galeran arrazoi bat baino gehiago ikusten dituzte. Emakumeak hitanotik, hau da, botere gutxiago duen tratamendu horretatik, urrundu dira. «Honi zakartasuna, baserritartasuna eta antzeko ezaugarriak esleitu zaizkionean emakumeek hortik alde egitea erabaki dute botere kontu batengatik, ez delako ezkontzen exijitzen zaien feminitate horrekin. Berez gizartean botererik ez badaukat, eskura ditudan baliabideekin ahalmen hori hartzen saiatuko naiz, eta hizkuntza bada tresna bat». Tolosako solasaldiaren bigarren zatian, Antzuolan eta Azpeitian egin dituzten ikerketak oinarri hartuta, zer aldaketa eman diren ikusi eta gaurko argazki bat atera dute. Arauak urratzen Arau soziopragmatikoek hika noiz egin eta noiz ez zehazten dute, zeinekin den egokia eta zeinekin ez. Arau horiek ez daude idatzita, baina gureganaino iritsi dira. «Arau horietako batzuk urratzen ari gara: nagusiek gazteei egiten ahal dietela baina gazteek goraka ezin dutela egin dioena, adibidez. Edo bikotearen barruan, hura formaltzen denean behintzat, ezin dela egin dioena. Edo umeei bai, egiten ahal zaiela baina ez txiki-txikiak direnean esaten duena». Batzuek diote hitanoaren mesedetan arau soziopragmatiko horiek malgutu behar direla, bertzela hilzorian geldituko dela. Bertze batzuek, ordea, pentsatzen dute hori eginez gero bere funtzioa galtzeko arriskua duela hitanoak. «Kezka horiek hor daude. Denborak erakutsiko du zer erabilera egiten dugun, eta horren arabera hartuko du funtzioa», adierazi dute ikertzaileek. Hitanoa «paradigma berri baten aurrean» dagoela uste dute. Bi alderdik erranarazten diete hori: autentikotasuna da bat. «Gaur egungo aldaketa bat da berezitasunarekin edo autentikotasunarekin lotzen dela hitanoa eta horrek dakarrela benetako euskaldun, labeldun izate hori, pedigri bat daukana». Eta benetako euskal hiztun horrek zer genero dauka? «Normalean, irudikatzen dugun hiztuna maskulinoa da». Emakumeentzat* Paradigma berriaren adierazlea den bigarren alderdia feminismoarekin erlazionatua dago. Honen barruan, noka hitz egiteak emakumeak* ahalduntzeko potentzialtasuna izan dezakeela ikusten ari dira zenbait kolektibo. Angelu hori ere berria da. UEUko ikastaroaren harira emandako hitzaldiaren hirugarren atalean, hitanoak euskara biziberritzeko izan dezakeen ahalmenari erreparatu diote. 60 lagun inguru elkartu ziren ekainaren 15ean Tolosan emandako hitzaldian (Jon URBE / FOKU) Garbiñe Bereziartuak ikerketa kuantitatibo bat egin du Azpeitian Beñat Muguruzarekin batera eta emaitzen artean badute grafiko bat hagitz esanguratsua: «Zenbat hika egiten duzu lagunartean?», galdetu diete herritarrei. «Mutilen artean beldurgarri egiten dute, baina emakumeen artean izugarri jaisten da adinak behera egin ahala. 60 bat urterekin erdiek erabiltzen badute, 12 eta 18 urte bitarteko nesken artean %2,4k baino ez dute egiten. Mutilen artean, berriz, %80, 90 edo gehiagok egiten dute adin tarte guztietan». Horizontalki Hori ikusita, transmisio kontuetan sartu dira ikerlariak, eta ohartu dira goitik behera baino gehiago horizontalki egiten dela; alegia, belaunaldi helduek gazteei irakatsi ordez, kideengandik ikasten dela. Hizkuntza sozializazioa deitzen zaio horri. Euskararekin lotuta, arnasguneetara etorri eta komentatu dute bertan dagoela osasuntsuen hitanoa, baina horrek ez duela erran nahi osasuntsu dagoenik. «Hitanoa mantendu den arnasguneetakoak garenok opari bat jaso dugu, altxor bat, Euskal Herriko herri gehienetako herritarrek jaso ez dutena, eta erantzukizun horrek, geure txikitik, eragin ahalmentxo bat ematen digu. Irradiazio gune ez ote dugun izan behar, hori planteatu dugu», azaldu du EHUko irakasle eta pedagogoak. Biziberritzearen ikuspuntutik, hitanoak paper bat jokatzen du arnasguneetan: «Hitanoa oso presente dagoen lekuetan, berdinen arteko transmisioan gazte hizkera bezala erabiltzen da. Probokatiboki ipini dugu galdera: ia Euskal Herri osora zabal dezakegun hori», adierazi du Emuneko aholkulari antzuolarrak. Euskalkiak, batua... bada oraindik eztabaida bat, sekula amaitu behar ez duena dirudiena. Hiztun berrien gaiak asko ikertzen ari dira azken boladan, eta horietan azaltzen da euskalkirik gabeek lotzen dietela euskalkiei halako kolokialtasun puntu bat. Legorbururen iritziz, ez da hagitz estrategikoa euskararen biziberritzerako euskalkiek bakarrik eskaintzea tratamendu informal edo lagunarteko hori, euskaldun gehienak euskalkirik gabekoak direlako. «Batuak ere hitano forma duen heinean baliabide hori eskain dezake». Hortik, hitanoa demokratikoa ote den egin dute galdera, batuan ere badagoelako. Mahai-inguruaren laugarren eta azken partean, generoaren ikuspuntutik hitanoak bere horretan aurkezten dituen dilema batzuei heldu diete. Baliagarria da feminismoarentzat? Genero sistema bitar batean oinarritua dago hitanoa, hori ez dago ukatzerik. Eman diezaiokegu bertze funtzio edo erranahi bat? Dilemak «Bitartasun horretan ere izan dezake funtzio bat hitanoak, adibidez, pertsona transexualen identitatea berresteko. Hala eta guztiz ere, gerta liteke genero binarioan eroso sentitzen ez direnentzat balio ez izatea. Kasu horretarako zuka ere badago», planteatu dute. Bertze erranahi bat ematearekin lotuta, bi kontu aipatu dituzte, eta zabalik utzi dute hitzaldia. Alde batetik, «ikusi badugu genero arauek izugarrizko eragina dutela emakumeak hitanoan ez egoteko, emakume diren heinean hitanoaren erabiltzaile ez izateko, interesgarria iruditzen zaigu emakumetasuna subjektu politiko bezala hartzea eta hortik berreskuratzea hitanoaren espazio hori». Onintza Legorburu Larrea Gizarte Langintza eta Antropologian graduatua da, Emuneko aholkularia. 1993an jaio zen Antzuolan (Jon URBE / FOKU) Azken galdera bat, edo bi: «Noka izan liteke baliabide bat maskulinitate hegemonikotik kanpo kokatzen diren gorputz guztientzat? Agian kolokialtasun bat eskaintzen ahal die, zukaz gain, gorputz disidente horiei denei. Gaur egun, hitanoaren espazioak gehienbat maskulinitate hegemonikoak okupatzen baditu, hor beste gorputz batzuk sartuz ez litzateke hitanoaren espazio osoa aldatuko?». Generoa, denean 60 bat lagun elkartu dira Tolosako jardunaldian. Tamalez, ez da denbora aunitz gelditu galderak egiteko. Baina ekarpen batzuk jaso dituzte. Ipar Euskal Herriko errealitatearen berri eman du, erraterako, emakume batek. «Oso interesgarria izan da guretzat, Hego Euskal Herriko herritar eta are gipuzkoar moduan beste errealitate batzuk ahazten zaizkigulako». Emakume horrek bertako egoera ekarri du, bai hikari bai zukari dagokiena, bere esperientzia pertsonaletik. Ikastolan euskaldundutakoa da, eta azaldu du nola bere bikotekideak, mutilak, ez duen lotsarik hitanoan egiteko nahiz eta ez jakin. Berari, ordea, lotsa ematen dio. «Generoak badu karga bat erabileran, nahiz eta karga hori modu berdinetan ez eman. Generoak denean operatzen du. Hori da hitanotik bistaratzen saiatu garena», esplikatu du Legorburuk. Eduki berriak Azkenaldian hamaika herritan ari dira hitanoaren gaia lantzen. Modan jarri da? Zerbait ziklikoa da eta tarteka azaltzen da hitanoarekiko interesa? «Oraingoan, herri dezentetan ari dira sortzen ekimenak, bereziki feminismo ukituekin. Ez dakit moda bat izango den, baina baditu orain arte eduki ez dituen osagai batzuk», adierazi du Bereziartuak. Garbiñe Bereziartua Etxeberria pedagogoa eta EHUko irakaslea da, 1977an sortutako azpeitiarra (Jon URBE / FOKU) Lehen kutsu erromantiko hori zuen, euskararen altxor gisa ikusten zen; orain, berriz, bertze leku batzuetatik heltzen ari zaio. «Interesa badago, gauzak egiteko borondatea ere bai, eta martxan daude hainbat herritan. Ikusteko dago zer emango duen, baina nik, behintzat, badut esperantza, beste puntu bat ikusten diodalako», azaldu du ikerlari azpeitiarrak. Hitzaldian bertan gustura sumatu dute publikoa. Aunitzek erran diete: «Justu gai hau ez nuen hala planteatu». Ez dakite hitzaldi gehiago emanen dituzten. Txantxetan diote beharbada modan jarriko direla eurak ere. Momentuz, “Jakin” aldizkarian parte hartuko dute. Bizipen pertsonala Maiz erabiltzen dute biek hitanoa. «Azpeitian, nesken artean nerabezaroan hasi ginen, baina toka, gainera berdintasunaren izenean; gazte eta txoro. Gero, beste kontzientzia bat hartu genuen, eta gaur egun izugarrizko presentzia dauka hikak nire bizitzan», kontatu du Garbiñe Bereziartuak. «Guk etxetik jaso izan dugu», adierazi du Onintza Legorburuk. «Begira, nik ez», sartu da kidea, eta antzuolarrak jarraitu du: «Etxe euskaltzale batekoa naiz, batez ere amak kontzientzia handia izan du hizkuntzarekin eta hika egin du beti. Ni feminismotik gerturatu naiz: ‘Zergatik ari dira mutil denak hika eta guk, fenomeno jakinda, ez dugu egiten?’. Hortik hasi ginen aldatzen, helduaroan. Amak mila aldiz esaten zigun ahizpa eta bioi egiteko noka elkarri... gure kabuz ailegatu ginen arte bera zegoen lekura», aitortu du irriz. Orain, Antzuolan, berari egiten dioten emakumeei egiten die, eta gizon denei. Handik kanpo, militanteei eta lankide batzuei. Gero eta gehiago aipatzen da generoak garrantzia duela hizkuntza aukeratzean. Gutxi aztertu da oraindik, baina horretan sakontzea interesgarria izan daiteke euskara biziberritzeko eta emakumeak ahalduntzeko.