Maitena Usabiaga
Sexologoa, psikologoa eta Zesua zentroko arduraduna

Bestearen harrotasuna, zure azkura

Asteazkenean Bilbon egindako manifestazioaren irudi bat.
Asteazkenean Bilbon egindako manifestazioaren irudi bat. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Azkenaldian gehiegi entzuten ari naizen kontaketa dakarkizuet gaur. Ezker mugimenduan identifikatzen diren batzuen ahotik ateratzen dira hitz horiek eta nire aurpegian eztanda egiten dute. Feminismoak (singularrean hitz egiten dute, noski) daraman estrategia ez dela egokia esaten dute, Lgtbi+ mugimendua desitxuratzen ari dela, zertarako behar ditugun hainbeste sigla, nola demontre ulertuko dugun ezer hainbeste izendapen berrirekin, orain zer den pan… bi… trans… Gaia erdigunean jartzen dute eta orduak pasa ditzakete horri buruz hitz egiten. Lehengo garaia eta oraingoa alderatzen, barre artean identitateak desitxuratzen eta, batez ere, borroka deslegitimatzen.

Jokoz kanpo sentitzen direla esango nuke, protagonistak ez badira ez dakitela jolasten. Kolektiboaren zati bat bere burua izendatu eta erreklamatzen ari denean, batzuk deseroso sentitzen direla begien bistan da. Badakit hor zaudetela, ez kezkatu, ikusten zaituztegu eta nabarmentzen zarete. Galduta zaudetela nabaritu dut eta laguntzeko prest natorkizue, mapa eta iparrorratza eskuan ditudala, orientazio klabe minimoak emango dizkizuet.

Iparra non dagoen jakitea ezinbestekoa da; horren arabera joango zara zure mugimenduak eta noranzkoak erabakitzen. Gorrotoa sustatzen duten diskurtsoak dira etsai nagusiak, aniztasuna ezeztatu eta kondenatzen dutenak. Modu bakarrak eta zurrunak inposatzen dituztenak, moralaren agenteak, arrazistak, misoginoak, matxistak… Gaur egun gure mutur aurrean daude, beren ideia eta hitzak lau haizeetara zabaltzen, inongo lotsarik gabe, harrotasunez eta jendearen bizitzetan eragin zuzen eta mingarriak sortzen. Sinplea dirudi hau argi izatea. Sinplea konplexu bihurtzea da batzuen artea; beraz, ez galdu iparra.

Identitate anitzak beti egon dira eta egongo dira, zuri gustatu edo ez. Ez du axola zein den zure iritzia horrekiko, pertsonen aniztasuna errealitate ukaezina da. Pertsona kopurua bezainbeste identitate daude. Arazoa identitate batzuk ukatzea, kondenatzea, zigortzea, epaitzea da. Horrek izugarrizko ondorioak izan ditu jendartean, norbere burua bizi eta erakusteko mila oztopo eta zailtasun eraginez. Bestea ukatzen duen talde bateko kide bazara, arazoa zu zara.

Zeure fobiak landu ditzakezu. Zelako berri ona, ezta? Konbertsio terapiak dituzu eskuragarri, bueltaka dituzun ideia mingarri horiek behin betiko uxatuko dituzu! Mundua ikusi eta ulertzeko ideiak landu eta aldatu daitezke. Zatoz eta batu.

Denok gara dugun errealitatearen kausa eta ondorio. Gai guztiek dute zurekin zerikusia, ezin duzu kanpoan geratu, barruan zaude. Interdependenteak gara, bestearen beharra dugu eta besteak laguntzeko ardura dugu. Zenbat eta hobeto egon jendea, gero eta hobeto egongo zara zu bertan. Zu ondo egoteko besteek gaizki egon behar badute, berriz ere, arazoa zu zara. Espero dut puntu hauek baliagarriak izatea eta identifikatuta sentitu bazara, eskatu laguntza. •