Erika LAGOMA POMBAR
{ KOADERNOA }

Eskola inklusiboa, eskola esklusiboa

Eskola inklusiboa: denentzako eskola, ahalik eta garapen pertsonal handiena lortzeko. Haur eta gazte guztiak hezkuntzara irits daitezen bermeak ematen dituena, kalitatezko hezkuntza-sistema, denei aukera-berdintasuna, justizia eta ekitatea bermatzen dizkiena. Aniztasuna aintzat hartu eta balioesten duena, aberastasun gisa ulertuz.

Ikastetxe guztietako webguneetan topatuko dituzue aniztasun planak, HIBPak (hezkuntza indartzeko banakako planak) driveko karpetetan. Hezkuntza Sailean, jarduera planak, programak, dokumentuak, argitalpenak…

Berariazko hezkuntza-laguntza premiak dituzten ikasleak askotarikoak dira: berariazko ikasteko zailtasunak dituztenak, gaitasun intelektual handia dutenak, hezkuntza-sisteman berandu sartutakoak, desberdintasun sozialeko egoerak jasaten dituztenak, arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduak dituztenak. Hezkuntza-beharrizan bereziak, desgaitasunen batetik edo jokabide-nahaste larrietatik eratorritakoak.

Jokabide nahasteak agertzen dira zerrendan, sentitzen ditugu ikasle disruptiboak, baina oso irakasle gutxik ikusten ditugu.

Jokabide-nahasmenduak ez daude arrazoi bakar batekin lotuta. Portaera disruptibo horien garapenean eragina izan dezaketen aldagai guztiak baloratu behar dira: ikaslearen balizko gatazka pertsonalak, familia-giroko errutinarik eta araurik eza, gizarte- eta komunikazio-gaitasun murriztuak edo ikasteko motibaziorik eza. Irakasleak azalpenak eman bitartean edo eskolako lanak egiteko emandako denbora nahita eteten duten ikasleak dira, irakaslearenganako probokazio-jokabideak dituztenak, gelako arauak betetzen ez dituztenak, borroketan sartzen direnak, zarata gogaikarri eta errepikakorrak sortzen dituztenak, eskolara berandu iristen direnak, materialik ekartzen ez dutenak, ikastetxeko altzariak zaintzen ez dituztenak. Jakinarazpen eta jakinarazpen artean deslai ibiltzen dira sarri.

Hainbat urtez izan naiz bigarren hezkuntzako elkarbizitza arduradun, eskurik esku egin dut lan ikasle disruptiboekin eta haien familiekin. Tutore bezala ere profil hau izan duten ikasle batzuk izan ditut, niretzako konpromiso pertsonal bat bihurtu direnak. Asko ikasi dut. Ikastetxeak, oro har, ez daude prestatuta horrelako ikasleei erantzuteko, deserosoak dira, haserrearazi egiten gaituzte.

Askotan sentitu naiz bakarrik, hezitzaile begirada ahazten zaigulako sarri eta irakaslearen klariona dugulako eskuetara itsatsita. Derrigorrezko hezkuntzaz ari gara, denontzako derrigorrezko hezkuntzaz. Aliatuak ere izan ditut, oxigenoa.

Harreman pertsonal bat eraiki dugu zerotik, aurreiritziak albo batera utzita. Zorrotz begiratu behar da, eta aditasunez entzun bere minean gotortua dagoen ikasle horrengan zirrikituak zabaltzeko. Adierazi hor zaudela, beti, mugak jartzeko, deserosoa zaiona esateko, bere alderdi ederrak azpimarratzeko, aurrerapauso bat ematen duenean zoriontzeko, erortzen denean eskua luzatzeko. Esan gabe doa eguneroko baldintzak oztopo handiak direla, hogeita hamar ikasleko gelak, tutoretza indibidualetarako tarte irrigarriak… horrela da, baina gaur ez da gaia.

Eta beti ez duzu lortzen, baina askorekin bai. Ez duzu beti lortzen bakarrik zaudelako, instituzioak ez dizulako laguntzen. Aniztasunaren trataera bai, baina kontuz, sistemak homogeneizazioa bilatzen du egiteko moduetan. Kontuz non jartzen duzun langa, beste asko ez daude prest, eta zilegi da, demaseko lan karga baita. Zilegi da, baina ez da justua, izendapenetatik harago, gure eskola sistema inklusiboa izango bada. •