GAUR8 - mila leiho zabalik

Hitzorduak


Ez naiz inoiz oso fin ibili Historiarekin hitzorduak egiteko orduan. Gure 68ko Maiatza Arantzazun hasi zen euskara batuari buruzko bilerekin eta ni ez nengoen han. Oteizak bere Pietá famatua Etxebarrietaren omenez santutegi atariko horman eskegi zuenean ere ez nengoen han. Gu Parisera joan ginenerako, 69an, hiriburuko paveak beren lekuan jarrita zeuden, airean oraindik kedar usain pixka bat gelditzen bazen ere. Ez egoteagatik ez nintzen ezta Larraizko akelarre famatuan ere egon eta inork izatekotan, banuen bada nik garai hartan premia sexua bakarka edo taldean egiteko, endemas halako paraje batean.

Ez nituen Onaindia eta Argala ezagutu. Mendearen bigarren erdiko beste hainbat izen handi bai, bertatik bertara ezagutu nituen, Oteiza, Txillida, Nestor eta enparauak, esaterako, baina horiek lanbideagatik ezagutu nituen gehienbat eta ez nituzke gertakari gisa hartuko. Amurizak lehen txapela jantzi zuenean han nengoen, baita Lopategik, Lizasok edo Egañak jantzi zituztenean ere. Joxe Agirrerekin berriketaldi luzeak egiten nituen etxeko behiak zaintzen genituen bitartean, baina kontu horiek Historia aldatu zutenik ere ez nuke esango.

Arnaldo Otegik, egia da, bizpahiru aldiz agurtu nau buruarekin keinu bat eginez eta behin batean GARAko komunetan berarekin egokitu nintzen parez pare pixa egiten, baina gizonezko gehienek badakitenez, ez da erraza izaten egoera horretan, baldosa zuri batzuei begira, gai sakonik jorratzea eta berarekiko nire harremana horretan bukatu zen.

Egia da lanbideari esker jende interesgarri asko ezagutu dudala. Arrats batez Saramagok Donostiara egin zuen bisita baten kronika polit bat idatzi nuen eta EHUko testu liburu batean ikusi nuen gero lantxo hori ikasleen eredugarri, baina horrek ere lotura urria du Historiarekin.

Egunen batean, hemendik urte batzuetara, bilobaren batek galdetuko balit ia nire bizitza luzean zein gertakari historikoren lekuko izan naizen ez nuke zalantzarik izango: 2023ko Tourrean egon nintzen, Le Grand Depart Bilbotik abiatu zen urtean, hirugarren etapa Zarauztik igaro zen egunean, Orioko aldapan, eskuetan nuen ikurrina astindu eta astindu, Orixek mende bat lehenago “geroak esan beza erri bat izan zan” lelo pesimistari buelta eman eta munduak jakin zezan herri bat bazegoela hemen bizirik. Ez duzue bada esango historikoa izan ez zenik, azken mende honetan lehen aldiz euskaldun guztiok hartu baitugu elkar, egin baitugu bat, aldarrikapenak egiteko. Ez da “proces” bat izan, baina hortxe-hortxe bere apalean. •