08 JUL. 2023 { KOADERNOA } Nork zelatatzen du polizia? Mijo LIZARZABURU France24 telebista kateak argitaratutako testigantza da hau, Nahel hil zuten gauean jasotakoa: «Bi polizietako batek Naheli eskatu zion autoko leihatila jaisteko, eta hori egin zuen. ‘Motorra itzali edo tiro bat jasoko duzu’, esan zion. Eta fusilaren kulatarekin jo zuen gaztea. Gero bigarren polizia heldu zen, eta hark ere, Nahelen altueran zegoen haizetakora jaitsi baino lehen, fusilaren kulatarekin jo zuen. ‘Ez mugitu, bestela bala bat sartuko dizut buruan’, esan zion. Beste poliziak esan zuen: ‘Egin tiro’». Nanterreko poliziek ziurtatu zuten gaztea haiek autoarekin harrapatzen saiatu zela eta horregatik tirokatu zutela, baina zorionez bertsio ofiziala ukatzen zuen bideoa biralizatzean poliziaren gezurrak argitara atera ziren. Bideoak ibilgailua gelditzeko agindua eman ziotenean gelditu zela erakusten du; ondoren, agenteek identifikazioa eskatu zutenean, ihes egiten saiatu zen; poliziaren erantzuna Nahelen bizitzarekin bukatu zuen tiroa izan zen. Bideoaren argitalpenak bultzaturik, epaileak kartzelara bidali zuen Nahel adingabea tiroz hil zuen polizia, arma erabiltzeko legezko baldintzak ez zirela bete argudiatuta. Nahelen heriotza polizia jakin horren akatsa balitz bezala, Frantziako erakunde polizialak arrazakeria estruktural arazo bat izango ez balu bezala. Frantziako auzo langile eta arrazializatuak, banlieues-ak, Nahelen erailketaren, biolentzia polizialaren eta arrazakeria instituzionalaren aurka altxatu dira egun hauetan. Ekainaren 27tik martxan dauden mobilizazioek 3.600 atxilotu utzi dituzte. “Middle East Eye” egunkari digitalak salatu duenez, atxilotutako manifestariak polizien bertsioak gezurtatzen saiatu dira epaiketetan emaitza handirik lortu gabe, beti bezala beste frogarik ez badago, poliziarena baita arrazoia. Bitartean, polizia frantsesek, ultraeskuinaren laguntzaz, anaitasun erakustaldi batean, Nahel erail zuen poliziaren familiari laguntzeko crowdfunding bat hasi zuten; miloi bat euro baino gehiagoko bilketa lortu dute dagoeneko. Bitartean Donostian diru publikoz blaitutako gizonen Tourra ospatu dugu, ziklistak babesteko mugitu diren Frantziako segurtasun indarrak txalotzen. Hemen bizi gara, Maria Cristina aurrean Ertzaintzak denon isiltasun konplizearen laguntzaz “moro” adingabeak atxilotzen dituen Donostian, Udaltzaingoak Afrikako iparraldeko bizilagunak kontrolatzeko egoitza bihurtu duen Tabakaleran, ertzainek inolako justifikaziorik gabe auzokide beltzak jazartzen dituen Infernuan. Arrazakeria polizialaren aurka altxatzeko arrazoiak ez zaizkigu falta, baina arrazoiak arrazoi, gurean kaleak lasai daude, ikurrinez josita eta istiluek sortzen duten iskanbila desatseginetatik ihesi datozen turista aberats eta zurien zain. Gure kaleak sutan ez dauden arren, herritarrak jardun polizial arrazistaren normalizazioaren aurrean antolatzen hasi dira, Donostialdeko gaur egungo Estatu indarkeriaren erregistroa egiteko sortu den Txago ekimena adibide garbia da. Leire Garcia Fernandezek, Txago Gipuzkoa proiektuko kideak, “Argia”-ri azaldu zionez, Txagoko kideek poliziaren jazarpena erregistratuko dute testigantzen, behaketaren eta dokumentazioaren bidez (jarraipen juridikoa albo batera utzita, errekurtso faltagatik). Horrez gain, jarraipen terapeutikoa egiteko baliabiderik ez duten arren, parte hartzen duten pertsona edo kolektiboen zaintza eta bide-laguntza psikosozialerako aukerak zabaltzen ahaleginduko dira. Hori guztia atzerritartasun legearen, mugetan ematen den indarkeriaren eta poliziaren inpunitatearen ondorioz sortutako biolentzia poliziala salatzen aritu den Granadako Erratikas taldearekiko aliantzan egingo dute. Ezkutatzen saiatzen diren indarkeria ikusgarri bihurtu behar da. Denon ardura da hori salatzea, eta horretarako tresna ezinbestekoa, Txago taldearen erregistroa. Normalizatuta dagoen gehiegikeria poliziala salatzeko idatzi txagogipuzkoa@riseup.net helbidera. Estatuak polizia babesten duenean, norbaitek babestu behar dituelako herritarrak. • Ezkutatzen saiatzen diren indarkeria ikusgarri bihurtu behar da eta denon ardura da hori salatzea