GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Arkitekto eta beste

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

Seguruenik EHUn lizentziatzen diren arkitekto berrien erdiak ere ez du ibilbide profesional arkitektonikorik egingo, ez behintzat ulermen klasikoan; hau da, bulego bat ireki eta zero askoko aurrekontuekin aritzen diren obrak eraikitzen dituen lanbidean. Aurreikuspen posible bat besterik ez da, baina litekeena da. Belaunaldi berrietako ikasle ohiak kalean topatzean, denetarik kontatzen dute. Batzuk eraikitzaileen enpresetan edo ingeniaritza talde handietan sartuta daude, estres handiko lanpostuetan, zeinetan epe luzera mantentzerik ez duten; edo udal-arkitektoak bilakatzeko bidean dira; beste batzuk arkitektura sariak jasotzen ari dira, baina platereko janarirako sosik gabe. Arrazoiak askotarikoak. Lehena, arkitekto asko eta obra kantitate gutxi dagoela egun: hiriak eta herriak eginak ditugu dagoeneko (gehiegi eginak, esango nuke nik). Bigarrena, arkitektura egiteko modua aldatu egin dela, espazioaren ulermena lantaldeetan beharrezkoa dela, baina agian ez zuzenki eraikuntzako lanetarako. Lan hauek arkitektoaren lanbidea zabaltzea eskatzen dute, eta baliteke ikasketen ibilbidean bide hauek gutxi azpimarratu izana. Profesional hauen egitekoa ez da lantaldearen lidergoa eramatea; jakintza arkitektonikoak ematen duen kudeaketa konplexutasuna eta espazioaren gaineko sentsibilitatea eskaini behar dio arkitektoak egitekoari (festa bat prestatzetik eskoletako pedagogia eraldaketaren prozesuetara arte).

Behin arkitekto profesioaren lehen hastapenak eginda, eta bidearen zailtasunak bizitakoan, lizentziatu berri askoren bide profesionala hezkuntzarena izan ohi da. Izan lehen eta bigarren hezkuntzan, edo unibertsitatean. Askok etsipenez egiten dute norabide aldaketa; beste askorentzat bizitza lasaiago eta duinago baten aldeko apustua da (emakume arkitekto askoren kasuan, amatasuna bideratzeko modua izan daiteke).

Unibertsitateko irakasle izateko, bi profil posible daude arkitektoentzat: kaleko lanarekin bateragarria den kontratu partzial bat, eta lanaldi osoko kontratua, arkitekturako ikerketara zuzendua. Medikuntzan gertatzen den bezala, praktikaren ikasketak unibertsitateko geletara eramatea funtsezkoa da. Horregatik, arkitekturako fakultateetan salbuespen bat dago: lanaldi osoko kontratuarekin profesio librean egoteko aukera dago, irabazien zati bat unibertsitateari ematearen truke. Egia dena da, ibilbide akademikoa egin nahi duen arkitekto gazteak kontratu partzialaren bidetik hasten dituela lehen pausoak, eskaintza gehien duen kontratua delako. Eta puntu akademikoak bildu ahala, “benetako” lanpostuko kontratua lortzeko bidea egiten dute batzuek, arkitekto-akademikoak izateko helburuarekin. Askotan, eraikuntzarekin harremanik izan gabe, praktikarik gabe. Kritika bat baino, lanbidearen egoeraren sintoma bat da. Gaineratu behar da, unibertsitateen lege estatal berriaren aplikazioan, arkitekto eta irakasle izateko profilaren balioa gutxiesten dela, ibilbide akademikoaren alde. •