GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Denok

Sekula elkarrekin hitzik trukatu gabekoen begirada konplizeak barraren ertz batetik bestera... (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Auzo osoa dago hemen», esan dit lagunak, txosnako txandako ordu geldietan. «Auzo» zeri deitzen diogun. Adin askotako jendea; sekula elkarrekin hitzik trukatu gabekoen begirada konplizeak barraren ertz batetik bestera; lo gabeziak moteldu eta baldartutako mugimenduak; elkarrekin nahasten diren kantuak, usainak, ahotsak. Auzo oso bat. Auzo nori deitzen diogun. Azal zuridun auzo bat; familiaka, bikoteka eta kuadrillaka eraikitako erlauntza bat; nork bere berezitasuna azpimarratu arren, berdin janzten direnen, berdintsu pentsatzen dutenen eta antzeko soldatak dauzkatenen batuketa bat. Milaka biztanle dauzkan auzo honetan, ehunka batzuk bildu eta denok etorri garela pentsatzen dugu.

Eta nik jakin nahi nuke gaur hemen ez daudenak non ote dauden. Ba ote duten txosnagunerik edo tabernak ote dituzten nahiago; elkarrekin topo egiten ote duten sekula eta, hala balitz, zeri buruzko jardunez betetzen dituzten gauaren ordu geldiak. Eguraldiaz aritzen ote diren, makroekonomiaz edo, besterik gabe, elkarri diosal doi bat egin eta nor bere etxean ezkutatzen ote diren, trikuak beren oskolera bezala. Elkarrekin topo egindakoan “auzo osoa” ikusten ote duten edo, alderantziz, ez duten auzorik ikusten. Nor garen gu, nor diren haiek, eta festa garaian soilik ote garen elkarrentzako ikusezinak. Hori jakin nahi nuke baina, ez dakit, galdera potoloegiak dira uztaileko festa-egun arinetarako.

Kantutik kanturako amildegian, aspaldiko irudi hura etorri zait; txosna batean lehenengo aldiz txanda bat egin zuen gaztetxo harena. Garagardoaren usainak nazka eman arren, nola bukatu zuen bere esku likatsuekin auzotarren billeteak jaso eta txanponak itzultzen. Nork eskatu ote zion mutiko hari txanda hura egiteko? Eta mutiko hark, zer dela eta sentitu ote zuen ardura hori hartzeko grina? Jaio nintzen unean bilakatu ote nintzen honen denaren parte? Edo gerora hartutako erabakia izan ote zen? Nik hartu nuen erabakia edo, nik hartzerako, nigan zegoen zerbait zen erabaki hori? Militantzia ez baita iritzietatik soilik abiatzen. Taldea ere bagara, norbera eta bere zirkunstantziak, kasualitatezko leku, gertaera eta enkontru multzo bat.

Uda bat hurrengoarekin korapilatzen da, tartean beste urtarorik ez balego bezala, tartean beste gutasun batzuen zati ere ez bagina bezala. Berriz ere iaz utzitako musika, usain eta ahotsen unibertsoan egin dugu elkarrekin topo. Ez dugu jakingo orain dela uztail batzuk beste elkarrizketa eta beste gorputz batzuekin katigatu bagina gaur non egongo ginatekeen. Eta, batez ere, ez dugu jakingo pentsatzen duguna pentsatzen dugulako gauden hemen, edo hemen gaudelako pentsatzen dugun pentsatzen duguna. •