15 JUL. 2023 Eremu askeak aske Koldo SAGASTI Oharkabean uda betean murgildu gara, eta horrekin batera, eztanda egin dute han-hemenka auzo eta herrietako jaiek. Tokian tokiko egitarau ofizialen aurrean, herri mugimenduak hamarkadak daramatza festa eskaintza alternatiboak antolatzen txosna esparruen inguruan. Txosnaguneak gure herrietako ospakizunetako berezko ezaugarria dira. Bertan asmatu dugu uztartzen parranda eta borroka. Txosnak festa gune libertario eta libertinoena izateaz gain, herri mugimenduaren bozgorailu eta erakusleiho ere izan dira; belaunaldi berrientzat hasierako esperientzia militantea izan dira, eta ez hori bakarrik, hamaika borroketako ezinbesteko sostengu ekonomikoa ere bai. Horretaz jakitun, akaso, erakundeak askatasun esparru horiek arautzen saiatu izan dira beti, eta azken urteotan ataka handia planteatu zaie herri askotako jai batzordeei, legearen inperioak ezarritako arrastoan sartu eta, baldintza batzuk gorabehera, proiektuaren biziraupena bermatzeko eta, koherentzia politikoari eutsita, legearen inperioarekin talka egiteko. Gasteizen duela urte batzuk egin zen lehenengo aukeraren aldeko hautua. Txosna batzordeak Udalak ezarritako baldintzei men egin, eta jai alternatiboen esparrua erdigunetik aldentzea onartu zuen. Horrela, erakundeek lortu zuten matxinada foku hori hirigunetik atera eta ghetto bihurtzea, bertara propio joaten direnen autokontsumorako. Txosnek, aldiz, iraunkortasun bermea lortu zuten, bai, baina jaiaren erdigunearekiko lotura eta parte hartzea galtzearen truke. Iazko jaietatik hona, baina, bere izaera eta geroa kolokan jar dezakeen erronka berria planteatu zaio Gasteizko txosna batzordeari; jai esparru alternatiboan parte hartzeko aukera ukatu baitie bi eragileri. Ez dakit zer barne gatazkak eragingo zuen erabaki hori, ez dakit kolektibo baztertuak ere politikoki oso koherenteak izango ote diren txosnen sortzezko izpiritu libertarioarekin, baina nago desadostasun politikoengatik taldeak baztertzeak galera ekarriko diola behinola jatorri eta ildo politikoetako eragile anitzen topagunea izan zen ekimenari, eta gero eta gutxiago izango duela esparru asketik. •