15 JUL. 2023 Minutu bateko intziria Amagoia Mujika Isiluneak egiten ditugu gizonek akabatutako emakumeen omenez. Isiltasuna, nahiz eta badakigun minutu horretan ezin direla kabitu zainetan lehertzen zaizkigun amorrua, mina, haserrea, tristura, ezina, nekea. Isiltasuna, ez dagoelako isiltasun hori onduko duen hitzik. Berez garrasi eta intziri egiteko gogoa daukagu, baina isilik geratzen gara minutu batez, barruraka bilduta, azken krimen matxistak eman digun astindua asimilatu nahian. Ostia! Nahikoa da, ezta? Minutu batez segidan intziri egiteko gogoa pizten zait gero eta maizago. Aitak ama labanaz nola hil duen ikusi dute hiru haurrek eta aitak ibaira bota nahi dituela konturatu dira, ama bezala akabatzeko. Haur batek alde egitea lortu du, eta laguntza eskatzea. Polizia, gizarte langileak, psikologoak, galderak. Eta ama falta. Eta aitak beraiek ere akabatu nahi zituen, errekan itota. Ipuinetako otsoa zuten etxean, sofan eta sukaldeko mahaian alboan eserita. Otsoa etxean. Aitak ama akabatu du sukaldeko labanaz, eta gero bere buruari lepoa moztu dio, hamabi urteko semearen aurrean. Sukaldeko labanaz bi bizitza, amak banandu egin nahi zuelako. Eta aitak nahiago zuen ama hila, banandua baino. Polizia, gizarte langileak, psikologoak, galderak. Eta ama falta. Ostiraletan pizza mozteko erabiltzen zuten labanaz akabatuko zuen agian aitak ama. Otsoa etxean. Nahikoa da. Hau jasanezina da. Minutuko isiluneetatik aparte, zerbait gehiago egin beharko da. Inguruan ditugun otsoetan eta sortzen diren otsokumeetan jarri beharko da arreta. Baina garbi dago minutuko isiluneetan biktimaz barre egiten duten politikariek ez dutela ezer konponduko. Herriak eraiki behar du matxismoa eta faxismoa geratzeko pareta egunero, baita uztailaren 23an ere. Hobeto edo okerrago bizitzea omen dago jokoan. Emakume askorentzat, bizitzea bera. •