Iker Barandiaran
{ KOADERNOA }

Geografia, edo nora idatzi

Orain dela gutxi zuzenean ikusi nuen Odei, Odei Barroso, agertoki gainean. Musika testuingurua zen, kontzertua alegia. Emanaldi dotore eta landua eskaini zuen ezbairik gabe. Horrez gain, baina, hitzekin eta mezuekin begiak zabaldu zizkigun, zaplazteko galanta emanez. Behar ditugu horrelakoak noizbehinka. Izan ere, hegoaldekook, Euskal Herriko hegoaldekook, zilborra garela uste dugu askotan. Eta modu horretan beti nahita pentsatzen ez badugu ere, ez dugu muga ez den baina baden hortik gorakoa apenas ezagutzen; eta beste asko ere ez.

Ez da bakarrik gure errua, egia da. Tamalez, kontsumitzen ditugun -edo haiek gu?- hedabideen erruz gehiago dakigu Kantabria, Burgos edo Madrili buruz, esaterako, Sara edo Kanbon gertatzen denaz baino. Baina badago, nonbait, gure erantzukizuna eta ardura eskaintzen edo erakusten diguten horretatik kanpo zer dagoen ikustea, ezta?

Pentsa, ni neu, nahiz eta Gipuzkoako periferian, hainbat probintzien arteko bidegurutzean, hazi eta bizi naizen, egunkari honetako “Herriak” saila estreinatzera jo nuenean deskubritu nuen Gipuzkoan bertan nik uste nuena baino eskualde gehiago daudela! Egunkari honek hastapenetan egin zuen apustuan, hiruren artean banatu genituen Gipuzkoako herriak, beste hiruk Bizkaikoak; eta Araba, Nafarroa eta Iparraldekoak, kazetari banak. Gogoan daukat, bada, Igarako bulegoan egin genuen lehen egunean zuzendaritzako kide batek esan ziguna: gu Euskal Herri osorako bederatzi kazetari ginela, eta “El Diario Vasco”-k Gipuzkoan soilik zeregin horretarako 90 kazetaritik gora zituela… Beno, zalantzarik gabe, haiek lurraldetasunari buruz askoz gutxiago ikasi dute. Karkarkar.

Jakina da Arrasatetik Donostiara askoz kilometro gutxiago daudela Donostiatik Arrasatera baino. Eta hala ere, to! Ezjakintasuna nirea. Agian arrazoia izango zuen orain dela hamarkada batzuk “Arrasate Press” aldizkarian iritzi artikuluak argitaratzen nituenean, modu anonimoan mehatxatu, «Gaztetxero colaborador» deitu, eta Arrasatetik kanpora irteten ez nintzela leporatu zidan ozpindu hark. Karkarkar. Garai horretarako Bilbon ikasten, eta batez ere, bizitzen banengoen ere, nire ardurak bestelakoak izango ziren, antza. Hain zuzen ere, Bilbo izan da gehien ezagutu dudan hiria, baita gozatu ere, nahiz eta ikaragarri aldatu den. Garai gris baina oso intentso baten akabera ezagutu nuen, baina izan duenak badu, zin dagit, eta izango du oraindik ere seguru.

Jarraian Bilbotik Donostiara jo behar izan nuen lan kontuengatik. Eta neurri batean, -eta garai hartan- zuritik beltzera (edo hobeto esanda, beltzetik zurira) pasatzea bezala izan zen. Hiri urbano eta bizi batetik postaleko adindunen jomugara. Orduan kostaldeko hiria hila zegoen erabat, eta taxi gidariek esan ohi zuten ez zekitela giriak nora eraman… Guk, azkenean, aurkitu genituen txoko eta dibertimendu batzuk, eskerrak! Gerora, hobera egin zuen eskaintzak, baina turista kopurua hainbeste biderkatuta, eta horrek ekartzen duen guztiarekin, ez dakigu bertakorik gelditzen ote den.

“Hurbileko hiria” izan dugun Gasteiz betidanik izan da ezezagun horietakoa. Hainbatek aukeratzen duten zinema eta komertzio gune handien eskaintzatik kanpo ere, bada ikusteko, deskubritzeko eta bizitzeko moduko herrigune interesgarri eta bizi bat; uste baino euskaldunagoa, musikazalea, eta batez ere, parrandazalea da-eta.

Bidaiatu ahala, jarraituko ditut hausnarketa geografikoak egiten. Bejondeigula! •