Maitena Usabiaga
Sexologoa, psikologoa eta Zesua zentroko arduraduna

Ixo!

Isiltasuna gero eta handiagoa eta pisutsuagoa bihurtzen da.
Isiltasuna gero eta handiagoa eta pisutsuagoa bihurtzen da. (KIEFERPIX | GETTY IMAGES)

Badira ezkutatutako kontakizunak, gorputzak, izenak, taldeak… Hitzek ezagutzen ez dituzten errealitateak. Esan ez den hori, horiek. Esaten ez dena existitzen da, noski, ez izendatzeak ez du desagerrarazten, ukatu egiten du. Batzuetan beste batek isilarazten du; beste batzuetan norberak erabakitzen du ahoa itxi eta aurrera jarraitzea; beste zenbaitetan, ahoz gora hartu gabeko erabaki konpartitua izaten da. Sekretuak, bizipen mingarriegiak, lotsak, beldurrak, mehatxuak.

Izendatzen ez dena existitzen da. Zerbaitek edo norbaitek ez du izendatua izan beharrik existitzeko; aitortua izateko baizik. Aitortzen den hori baita ikusia, baloratua, kontuan hartua. Eta hori oso garrantzitsua da gure prozesuetan aurrera jarraitu ahal izateko. Izendatzeak ulertzera eraman gaitzake, kudeatzera. Hitzak erabiltzen ditugu gure errealitatea eta besteenak ulertzeko, besteekin harremanetan jartzeko, garena erakusteko… Hitzek ulergarriago egiten gaituzte (ez beti). Bestalde, isiltasunak bakardadera garamatza, klandestinitatera. Eta ez pentsa esaten ez dena desagerrarazten denik; isildutakoak zure barruan jarraituko du, eta begiratzen ez baduzu, hurrengoei eta ondokoei pasako diezu. Isilarazi nahi duzun hori hor dago, zuk begiratu edo ez.

Zenbat errealitate isiltasunera kondenatuta? Zenbat bizipen ukatuta? Zenbat «ez hitz egin horri buruz»? Galdera hauek bueltaka dabiltza; leku batetik eta bestetik, gai honetara iritsi naiz. Kuriosoa da bizitza, isiltasunean egon diren bizipenak ateratzen ari zaizkit, zaizkigu. Zeinen garrantzitsua den aitortza: gertatu zena gertatu dela esatea, balioa nabarmentzea eta ulertzea. Plano indibidualera eramanda ere, zeinen garrantzitsua den hori ere banaizela onartzea, ulertzea, gertatu zitzaidala onartzea.

Hain garrantzitsua baldin bada, zergatik jarraitzen dugu isiltzen eta isilarazten? Hobeto esanda, zertarako jarraitzen dugu isiltzen eta isilarazten? Uste dut mila erantzun posible daudela; nik nireak botako ditut. Gertatutakoa ukatzeko isiltzen gara, mina ez sentitzeko, ardurarik ez hartzeko, aurrera jarraitzeko, babesteko, ez sentitzeko, besteari min egiteko… Uste dut hasiera batean babesteko egiten dugula, kontakizuna zaintzeko, gure ingurukoak zaintzeko. Eta pixkanaka, gero eta zailagoa egiten zaigu hortik ateratzea. Errotonda erraldoi batean sartzen gara, eta ez dugu irteerarik ikusten. Isiltasuna gero eta handiagoa eta pisutsuagoa bihurtzen da, astuna, eta harrapatuta geratzen gara. Babesten gintuena kartzela bihurtu arte.

Isiltasunaren kondena gogorregia da. Existentziak partekatzeak berezi sentiarazten gaitu, ulertuta eta elkartuta sentitzen gara. Ez badugu ulertzen eta ikusten gaituztenik sentitzen, oso zaila da behar bezain zoriontsuak izatea. Horregatik dira hain garrantzitsuak aitortza eskakizun eta aldarrikapenak. Erakutsi nahi dugun hori ez ezik, ezkutuan dagoena ere bagara, eta merezi duen lekua eman behar diogu horri ere. Plano indibidual zein kolektiboan (azken finean plano berdinak dira), behar-beharrezko erreparazio prozesua dela esango nuke, eta asko daukagu egiteke.

Eta zuri, zer gustatuko litzaizuke izendatzea? •