U23: kolore «ajatuak»
Jose Luis Zumetak 1973an egin zuen zeramikazko margolan erraldoiak 50 urte bete ditu. Bide batez, esan nahi da bero txalotzekoa dela Usurbilgo Udalak Frankismoaren hondarrean euskal kulturaren alde egin zuen apustu izugarri hura. Geroztik, ehunka irudi eta kolore-joko biltzen dituen 16x9 metroko obratzarra herriaren ikono bilakatu da; baita mugaz gaindiko erreferente bitxi ere.
Aurrez aurre, Zumetak berak diseinatu zuen, eta gaur egun, ene begi biak begira izaten ditu sarritan Mikel Laboa plazatik; kolore eta irudien amaraunean galtzen dira, eta halako batean, ausaz, laukitxo batean finkatzen dira eta zoom-jolasa hasten da, inspirazio-bidaia harrigarrian.
Zuk ere egin dezakezu, noski, eta konturatuko zara zeharkatzen dituzten begien arabera, bidaia liluragarri horretan ezberdinak direla irudi-koloreak, pixel bakoitzak norberaren begiradatik esanahi propioa hartuko balu bezala. Ederra da bakoitzak beretik sentitzea, baina plazer apartekoa eragiten dit zuk sentitzen duzunarekin alderatu eta nahasteak.
Baina Zumetaren margolan arranditsu hau osotasuna da; istorio kontaezinak multzo bakarrean bilduta. Lehen begiratuan pixelatutako nahaste-borrastea iduri dezakeen arren, hurbiltzean, irudiek, aurpegiek eta koloreek zentzua hartzen dute norberaren eta egoeraren arabera. Kolore bizi eta indartsuko eszenak mugimenduan topa ditzakegu han-hemenka. Horrelakoa irudikatu nahi dut gure jendartea, gazte zein heldu; eta batez ere, ordezkaritza politikoa.
U23-ko aukera “progresistak” ere, urrunetik, kolore anitzekoa dirudi, baina, Zumetaren koloreekin gertatzen denaren kontrara, hurbiletik, kolore ajatu bertsuan urtzen dira… •