05 AGO. 2023 { DATORRENA } Autoritate-printzipioaren ahalguztiduntasuna Isidro Esnaola Azkenaldian irudipena dut sari kopuruak gora egin duela. Ez dakit fundazioak ugaritzearen ondorioa den, askorentzat sari bat ematea da bere eginkizun bakarra, sortzaileari edo sortzaileei zergak aurrezteaz gain. Kontuan izan behar dugu gure gizartean norbaiti sari bat ematean, norbait hori arreta handiz entzun beharreko erreferentzia bihurtzen dela. Bost axola zer esaten duen, sari bat eman badiote kasu egin beharko zaio. Sari ugaltzearen arazoa zera da: saridunen merkatu gogaitu batean, sari bakoitzaren prestigioak zerora jotzen duela. Baina ez horregatik, amore ematen dute. Antzeko zerbait gertatzen da zientzialari eta akademikoekin. Gero eta maizago jotzen da haiengana klimaren, gizartearen, zuzenbidearen edo politikaren arloko arazoren bati buruz azalpena edo iritzia eman dezaten. «Katedratikoa bada, zerbait jakingo du gaiaz...» ematen du esaten digutela, iritzi jakintsuen inflazio horrekin. Hitz egiten duenaren ospeari begiratzen zaion sentsazioa geratzen da, bere hitzen edukia baino gehiago. Horrela, erreferente teknikoak eta prestigiodunak erabiliz, adostasunak sortzen dira, eta edozein eztabaida motari amaiera ematen zaio. Gelditasuna ekiditeko funtsezkotzat pentsamendu-askatasuna aldarrikatzen den mundu honetan, konturatu gabe autoritate-printzipioa nagusitzen ari da. Horrela, arrazoimena eta metodo zientifikoa, aurkikuntzak eta horien mugak etengabe zalantzan jartzen dituztenak, pentsamendu magikoa, sineskeria, autoritatea eta beldurra ordezkatzen ari dira. Eta gero harritu egiten gara ultraeskuinaren eta lur-planisten gorakada sumatzen dugunean. Aginte-printzipioarekin egindako adostasunen adibide argia EBZrekin ikusi dugu egunotan. Nahiz eta inflazioa moteldu egin den eta prezioen igoeraren iturri nagusia enpresek beren irabaziak babesteko duten gaitasuna dela dioen hipotesiak indarrak hartu duen, teorian teknikoa den eta kontrol politikoetatik at dagoen erakunde batek, EBZk, interes-tasak igotzen jarraitzen du. Horrek familiaren aurrekontuak porrotera eta ekonomia orokorra atzeraldira bultzatzen ditu, eta hala ere, ia inork ez du ahotsa altxatu. Moneta-subiranotasuna galtzeak dituen ondorio negargarrien adibide ona ematen ari da, halaber, EBZ. Euskal Herrian inflazioa %2 ingurukoa den bitartean, EBZk tasak %4,25-4,5era igo ditu. Tasak igotzeak inflazioan eraginik badu, Euskal Herriaren kasuan ez du zentzurik: inflazioa helburuaren inguruan mugitzen baita. Interes-tasak igotzeak jende arrunta pobretzeko, ekonomiak sortzen duen aberastasuna erauzteko eta errentadunak gizentzeko baino ez du balio hemen. Agian onuragarria da euroaren eremuko beste ekonomia batzuentzat, baina Euskal Herrian, izorratzeko baino ez du balio. Interes-tasekin gertatzen den bezala, Europako Batasunak ezartzen dituen arau fiskalekin eta austeritate-politikekin eta Batzordeak ezartzen dituen erreformekin gertatzen da. Europako Batasuna eta EBZ arazo larri bihurtu dira euskal gizartearen oparotasunerako. Batasunarena ideia egokia da, baina garapenak goitik behera zapuztu du hasierako asmo ona. Eta inork ez du ahotsik goratzen. • Interes-tasak igotzeak jende arrunta pobretzeko, ekonomiak sortzen duen aberastasuna erauzteko eta errentadunak gizentzeko baino ez du balio hemen