GAUR8 - mila leiho zabalik
{ KOADERNOA }

Eskuin ekozida eta zientziaren politizazioa


XXI. mendean, dominazio erregimenek Gizon zuriaren besteak (emakumeak, arrazializatuak, animaliak) zapaltzeaz gain, denok sostengatzen gaituen lurraren suntsipena ekar dezaketela onartzen hasi gara. Baina hori ikustetik hori produzitzen duen makineria gelditzera jauzi handia dago. Nola gelditu martxan dagoen mundua? Nola ekidin hondamendi ekologikoa, oinordetzan jaso dugun produkzio sistema osoak etorkizun katastrofikorantz amiltzen gaituen artean? Bruno Latourrek egoera iraultzeko aldaketa metafisikoa proposatu du “Facing Gaia” liburuan. Metafisika horrek lurraren kontzeptualizazio berri bat dakar: iraultza metafisikoa posible izateko, gizakiaren domeinuaren substratu den lur pasiboa ordezkatu behar da ekosistema anitzen elkarrekintzaren ondorio den Gaia aktiboagatik.

Gaia teoriaren hastapenek 1960ko hamarkadan dute jatorria. Garai hartan Lynn Margulis eta James Lovelock zientzialariek Lurreko bizitzaren bilakaeran funtsezko mekanismoa den sinbiosia aztertu zuten. Margulisek sinbiosiari eta lankidetzari buruz zuen ikuspegiak oinarri zientifikoa eman zuen organismo bizidunek, Lurraren osagai ez-organikoekin batera, ingurumena nola autoerregula zezaketen ulertzeko. Ikerketa horietan oinarriturik, Lovelockek 1970eko hamarkadan Gaia hipotesia proposatu zuen. Gaia hipotesiak dio lurrak sistema autoantolatu eta sinbiotiko gisa funtzionatzen duela, non organismoen eta osagai ez-organikoen elkarreraginak bizitzarako baldintza egokiak sortzen dituen. Metafisika mendebaldarraren eta produkzio sistema kapitalistaren ondorio den egungo krisi ekologikoan, baliabide naturalen ustiapen neurrigabeak, kutsadurak, deforestazioak eta berotegi-efektuko gasen isurketek Gaiaren oreka delikatuak aldatu dituzte, horrek ekar ditzakeen erreakzio eta ondorioak oraindik ezagutzen ez ditugularik.

Latourrek Gaia gerran dagoela dio, gure planetak bizi duen ingurumen- eta klima-krisia metaforikoki deskribatzeko. Ingurumen-krisi hau “gerra” modu bat dela dio, bizirauteko eta planetako bizitzarekin jarraitzeko, borroka bat eskatzen duelako. “Gerra” terminoa erabiltzean, klimaren eta ingurumenaren krisiari modu serio eta eraginkorrean heltzeko premiari buruzko kontzientzia sortu nahi du Latourrek. Berak proposatutako gerrak natura birpolitizatzeko beharra mahaigaineratzen du. Horren bidez, modernitatearen tresna garrantzitsu bat galtzen dugu: zientzia naturalen objektibotasunari egin diezaiokegun apelazioa (Latour, 2019). Baina aldi berean, eraginkorragoa izan daitekeen beste bat eskuratzen dugu: problematizaziorako aukera (Latour, 2019).

Natura objektiboak bere mugak ditu. Natura objektiboa defendatzen duten horiek uste dute faxismo negazionistaren aurrean duten tresnarik garrantzitsuena krisi ekologikoaren Egia objektibo eta apolitiko horri heltzea dela, zientzia garbiaren konplizitatearekin. Baina zer gertatzen da eskuinak zientzia garbiaren datu objektiboak eta krisi ekologikoaren Egia onartu eta neurri ekofaxistak proposatzen baditu?

Demagun, gaur negazionismoan gotortuta dagoen eskuinak krisi ekologikoaren tesiak onartzen dituela, ezagutzen dugu dagoeneko proposamen ekofaxista: populazio hazkundea aitzakia gisa erabilita, lurrean soberan daudenak desagerraraztea. Munduko populazio zaurgarrienekin bukatzeko proposamen horrekin lotuta daude botere politikoaren zentralizazioa eta gizarteen militarizazioa; dena noski, krisi ekologikoaren izenean.

Arazoa negazionismoa baino sakonagoa delako, ultraeskuinak, eskuinak eta botere ekonomikoek ukatzen dutena ez delako horrenbeste krisi ekosoziala, baizik eta horren izaera sistematikoa, sistema hori kapitalista, koloniala, patriarkala eta ekozida izanik. Sistema manten dezakete krisi klimatikoaren Egia objektiboak bere eginez, eta irteera kolektibo eta justua ukatuz.

Horren aurrean, zientzia politizatu behar dugu (krisi ekologikoa ezkerreko ideologia soil gisa erakutsi nahi dutenen diskurtsoetatik urrun). Borroka ekologista indartu behar dugu krisi ekosoziala baliatuz, gizon zuri kapitalista arrazionalak naturaren gainean duen domeinuari bukaera emateko. Helburua ez da izango krisi ekologikoaren arriskuak zientzia unibertsalak babestutako planteamendu objektibo gisa erakustea; objektiboa eta subjektiboa zena birdefinitzea, zientifiko eta politiko gisa bereizten zena batzea, eta naturaren eta kulturaren arteko muga ahulak eraistea baizik, kapitalismo Mendebaldarrak suntsitu nahi duen Gaian hobeto bizitzeko. •